Borrar
Gerardo Markuleta, elkarrizketa batean. José Ignacio Unanue
«Ez da sanoa gure bizilagunek zer idazten ari garen jakiteko modurik ez izatea»
Territorios | Lumatik teklara. Xaharrak berri (7)

«Ez da sanoa gure bizilagunek zer idazten ari garen jakiteko modurik ez izatea»

Gerardo Markuletak euskal idazle handi askoren lanak itzuli ditu gaztelaniara, eta gaur 'alderantzizko itzulpengintza' horri buruz hitz egin digu. «Langintza horrek euskal literatura zabaltzea du helburu», dio

Manu López Gaseni

Sábado, 7 de octubre 2023

Lumatik teklara elkarrizketa-sorta amaitzear dago. Orrialde elektroniko hauetatik literaturaren arlo ugariren inguruan urte mordoa emandako eragile batzuk igaro dira, beste hainbeste alorren ordezkari. Horren guztiaren laburpena hurrengo emanaldian plazaratuko da, ordea.

Sail honetako zazpigarren eta azken elkarrizketa itzulpengintzaren alderdi ezezagunago bati eskainita dago, 'alderantzizko itzulpengintza' izena hartu ohi duen horretara, hain zuzen. Eta Gerardo Markuleta izan da horretaz hitz egin diguna, asmokideak ustez ados egoteko moduko berbaldi zentzuzko baten bidez. Euskarazko literatura gaztelaniara aldatzea izanik kontua, arlo horretako erreferente garrantzitsua da Markuleta, gertuko beste hizkuntza horretara euskal idazle handi askoren lanak erdaratu dituen neurrian, hala nola Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Pello Lizarralde, Rikardo Arregi, Karlos Linazasoro edo Juan Luis Zabala. Adeitasunez eta xehetasunez eman digu bere esperientziaren berri.

-Zer da, zure iritzian, euskal literatura gaztelaniara itzultzea?

-Itzulpen guztien antzera, langintza horrek euskal literatura zabaltzea du helburu, noski, beste esku, begi eta burmuin batzuetara helarazteko bideak jartzea. Euskaratik gaztelaniara itzultzea kasu berezi samarra da, ordea, oso ezberdinak diren, elkarren ondoan bizi diren eta irakurleon puska batek partekatzen dituen hizkuntzak direlako.

Horrez gain, irakurle gutxiko hizkuntza batetik milioika irakurle potentzial dituen hizkuntza batera itzultzen ari gara; merkatuak ere oso neurri desberdinekoak dira… Baina horrek ez dio gure lanari gehiegi eragiten; gurea, testutik testurako bidea izaten da, horretan jartzen ditugu gogoa eta izerdia.

Euskal literatura gaztelaniaz ematea egin beharreko lana da, aurreiritzi eta errezeloen gainetik eta azpitik. Ez da sanoa gure bizilagunek zer idazten ari garen jakiteko modurik ez izatea. Ez dauka zentzurik ideia, sentimendu eta asmo unibertsalez idazteak, gero testu horiek oilo-lurrera mugatzen baditugu. Munduaren parte gara, gaztelania euskaldun gehienen bizitzako parte da, zabal ditzagun gure parteak [irribarrez]. Ez dut uste, beste batzuek irizten dioten moduan, horrek inolako kalterik egiten dionik euskararen biziraupenari.

-Eta zein dira itzultzaile horrek erabiltzen dituen baliabideak erdal irakurleak erakartzeko?

Gure baliabideak testualak dira, hau da, gure lana euskarazko literatura-liburuak gaztelaniazko literatura-testu gozagarri bihurtzea da, arretaz, mimoz, trebetasunez, erantzukizunez, eraginkortasunez. Irakurlea testuarekin eroso sentiaraztea ez da helburu kaskarra, baldin eta egileak jatorrizkoan sartu nahi izan zuen arrozte edo «estrainamendu» kuota errespetatzen bada. Horretarako, literatura-gaztelania sakon ezagutzea ezinbestekoa da, ezagutzak eta eskarmentuak asko laguntzen dute, artisautza moduko bat da hain hizkuntza ezberdinen arteko «ontzialdaketak» egitea. «Euskal gaztelaniaren» kontzientzia izan behar da, eta baztertu beharra dago, egilearen asmoetan ez baldin bazegoen behintzat.

-Gaztelaniara, itzuli egiten da, edo egokitu?

-Edozein jatorrizko eta helburu hizkuntzatatik itzultzeak beti du egokitzetik zerbait, areago literaturan, esango nuke. 'Ahal bezain gertu, behar bezain urrun', itzultzaileok errepikatu ohi dugun leloa da.

Gaztelania hizkuntza erromanikoa da; euskaraz sortutako testua molde erromanikoan jostea, galkatzea, 'txertatzea', ez da lan arina. Sintaxia eta hitzen ordena izaten dira gure kalbarioak. Egoki itzultzea da kontua, irakurlea beti gogoan.

Gakoetako bat, nik uste, zera da: euskaraz egiten ikasi dugun bezala, sinesten ez dugun, sinesgarri gertatzen ez zaigun gaztelerarik ez idaztea.

-Nolakoa da, eta non dago euskal literatura gaztelaniaz kontsumitzen duen irakurleria?

-Harako hark esan zuen bezala, ez ditut banan-banan ezagutzen [irribarrez], eta estatistikek ere ez digute askorik laguntzen.

Esango nuke kasurik gehienetan guregandik gertu daudela, euskal herritarrak direla, euskaraz jakin ez, edo, euskaldunak izanik ere, euskaraz irakurtzeko ohiturarik edo gogorik ez dutenak.

Izen handi-handiak albo batera utzita, noski; horien lanak hamaika hizkuntzatan dabiltza munduan barrena.

-Erantzukizuna ez da txikia, sarritan beste hizkuntza askotarako zubia izango dela kontuan hartuta…

-Lehen erantzukizuna, egilearekikoa da, zeren, ia beti, euskal egileak gaztelaniaz ere ederki daki; horrek, alde batetik, halako bertigo bat eragiten du; baina, zuzenketaren aldian, hori bera laguntza handikoa gerta daiteke.

Jakina, ondoren irakurlearekiko erantzukizuna dator, ez garrantzi gutxiago duelako, baizik eta haren parte-hartzea ondoren gertatzen delako.

Gero… zure gaztelaniazko bertsioa argitaletxearen esku dago, ez duzu kontrolik bertsio hori beste hizkuntza batzuetara itzultzeko erabiliko ote den. Gure asmoetan ez dago itzulpen 'kanonikorik' sortzea. Begien bistakoa da itzulpena jatorrizko hizkuntzatik egitea hobetsi behar dela, baina, zoritxarrez, hori ez da beti posible.

-Zergatik zarete hain gutxi euskaratik gaztelaniarako itzultzaileok?

-Egia da, tarte luze batean, itzultzaile gutxi aritu izan garela, maiztasunez eta iraunkortasunez, langintzaren alderdi horretan. Bego Montorio, Iñaki Inurrieta, Jorge Gimenez, Angel Erro… ez zait beste askorik bururatzen orain.

Gutxi izan gara, batetik, nik uste, aspaldiko garai luze honetan, indarrak beste leku batean jarri izan direlako. Literatura euskaratzea zen premiazkoa, presazkoa, meritu handikoa. Euskal literatura erdaratzea –gazteleratzea, behintzat–, axola gutxiko kontu gisa ikusi izan da; mesfidati begiratzen zionik ere bazen, euskaldunak euskaraz irakurtzetik apartatuko zituelakoan.

Bestetik, esango nuke, itzultzaileon elebitasuna desorekatu samarra izan delako, euskararen aldera. Desorekatua, ikasketaz eta formakuntzaz. Euskarari emanak bizi izan gara, euskara etengabe lantzen, sakontzen, arauei segika, beti ikasten.

Baina literatura-gaztelerak ere bere lanketa behar du. Gure ahozko, eguneroko, gaztelaniak ez du balio literaturarik itzultzeko. 'Euskal gaztelania' zer den ohartu beharra dago, gure gaztelania estandarretik zertzuk bereizten dituzten, eta horrekin tentuz ibili. Nire ustetan, asko hobetu dugu alde horretatik.

-Norainokoa izaten da egilearen esku-sartzea?

-Nire esperientzian, egilearen parte-hartzea beti izan da onerako.

Luxua da, alde batetik, egilea bizirik egotea (ezin, beti, hala gertatu) eta, bestetik, egileak helburu-hizkuntza ere, gutxi-asko, menderatzea. Gaztelaniazko literatura-irakurle finak izan ohi dira euskal idazleak.

«Azken hitza, hire» esan ohi diet egileei, baina gehienek hitz berberekin erantzun izan didate, eta gehitu: «profesionala hi haiz!».

Biok testuaren alde, biok irakurlearen alde: sarrien, egoera horixe bizi izan dut.

-Zergatik, orduan, hainbeste autoitzulpen?

-Ez dakit hainbeste ote diren, ez daukat daturik.

Egile batzuek nekea aipatzen dute itzulpena beste norbaiten eskuetan uzteko arrazoi gisa: «Ez dut berriro prozesu neketsu eta mingarri hori berriro ere bizi nahi; nahiago dut zama hori gainetik kendu».

Bestetik, gurea bezalako diglosia-kasuetan jokabide arriskutsua iruditzen zait autoitzulpena. Gaztelaniak euskarak adinako lanak ematen ditu, horretaz jakitun izan behar da. Literatura-gaztelania ez da kalean edo eskolan ikasten.

Eta –gazte gara, gazte– egitera ausartuz gero, ikusiak ikusi, gero profesional baten testu-orrazketa eskatzeko gomendatuko nuke biziki.

-Zeure euskarazko obraren zati bat behintzat autoitzuli egin duzu. Zergatik?

-Itxura guztien arabera, besteri enkargatzeko motiborik ez zegoelako [irribarrez].

Ama-hizkuntza gaztelania izaki, eta aita-hizkuntza euskara, biak unibertsitatean landuak, eta besteen poemak eta bestelako testuak itzultzen eskarmentu zerbait nuela, egin beharreko lana iruditu zitzaidan nire poemak, hasteko, nire inguruko jende erdaldunaren esku jartzea. Gero poema horiek harago iristen badira, ongi etorriak, noski, urrunagoko beste irakurle horiek. Itzulpenen bidez iritsi gara gu ere bestela eskuraezinak izango litzaizkigukeen poeta eta poema zoragarrietara.

Bestalde, zintzo hitz eginez: zenbat aldiz ez ote zaigu egokitu, kanpoko idazle-bileretan eta antzeko foroetan, geure burua euskal poeta gisa azaldu, eta esku hutsik agertzea gure obra itzulirik ez genuelako.

Gainera, 'Bizitza irakurri / Leer la vida' antologia elebidun argitaratu berriak aukera eman dit nire poesia-lan guztiak errepasatzeko, eta, baita euskal irakurleei ere, nire poesia guztiaren erakusgarri, nire ustez, duin bat eskaintzeko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Ez da sanoa gure bizilagunek zer idazten ari garen jakiteko modurik ez izatea»