Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Manu López Gaseni
Domingo, 10 de septiembre 2023
Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere inguruko beste hizkuntzetan bezain gutxiesgarria. Lumatik teklara honetatik igarotzen diren eragile guztiak eskarmentu handikoak eta literatura-saltsa askotan urte mordoa emandakoak diren aldetik bakarrik dira xaharrak.
Sail honetako seigarren elkarrizketatua ibilbide luzeko bibliotekari bat da, zeregin horretan 30 urte baino gehiago eman baititu, eta gaur egun Arrasateko bibliotekako zuzendaria da. Primeran ezagutzen du liburuen mundua, ofizioz eta afizioz, eta batetik bestera ibiltzen da bere jakintza zabaltzen. Oraingoan, guk jo du harengana, eta beti bezain adeitsu erantzun die gure galderei.
-Zein dira, gaur egun, liburutegi batera joateko dauden arrazoiak?
-XXI. mendean garai bateko liburutegiaren eredu klasikoa gainditu da: liburutegia liburuetatik haratago doa. Komunitatea aberasten duten jendearen elkarguneak bihurtu dira. Jakintza garatu nahi duten pertsonen lekua da. Izan ere, egun, pertsonek definitzen dituzte espazio publikoak.
-Aldatu da liburutegiaren erabilera aurreko hamarkadetatik hona?
-Bibliotekaren funtzio nagusiak, neurri batean, hauexek izan dira: bertako dokumentuen zaintza (hortik liburuzain hitza) eta liburuei lotutako jarduerak: kontsulta, mailegua, ondarearen gordailu eta babesa, irakurketa sustatzea, isiltasuna eta ordena bermatzea… Gizartea aldatzen doan neurrian liburutegia ere aldatzen da, eta gehiago aldatu daiteke datozen urteetan. Mugak lausotu dira, jada ez gara lehen bezain estuak, horizontalagoak gara eta sarean eratuagoak gaude. Biblioteka orainaldiaren bizkortasunari aurre egiteko lekua izan liteke, arrapaladan eta ziztu bizian doan mundu honi heltzeko toki bat, sortzeko, kontzentratzeko, pentsatzeko, norberaren denbora berreskuratzeko lekua. Egun, espazio sozialak gara.
-Inoiz baino liburu gehien argitaratzen den honetan, nola egiten du aukeraketa liburuzainak?
-Norberaren gelatik lan ugari egin daitezke -aldizkari espezializatuak eta egunkarietako iruzkinak eta gomendioak irakurri, merkatuaren nobedadeen berri jaso, erosketak klik batekin gauzatu-, baina bibliotekari batzuk askotan aipatzen den erosotasun-gunetik atera eta liburu-dendak eta azokak bisitatzen ditugu, irakurle klubetan parte hartzen dugu, iritziak trukatzen ditugu… Inoiz ez da nahikoa sekula baino gehiago argitaratzen den honetan.
Lagungarria da zirkuitu komertzialetik haratago dauden hornitzaileen informazioa jasotzea edo/eta harremanak lantzea. Ziur nago denok leku berdintsuetan erosten badugu, bibliotekako funtsa antzerakoak izango ditugula.
Bestalde, aipatzen duzun gainprodukzio hori fikzioari edo literaturari dagokiola iruditzen zait, ez hainbeste ezagutza-liburuei.
Noticias Relacionadas
Manu López Gaseni
Manu López Gaseni
Manu López Gaseni
-Aukeraketa egiteko orduan, jarraitzen zaio dena delako kanon literarioren bati, edo liburu arrakastatsuenak erosten dira, edo…?
-Denetik erosten saiatzen gara, beti ere biblioteka bakoitzaren aurrekontuaren muga zainduz.
Halere, nire iritzi apalean, irakurketa entretenimenduarekin eta atseginarekin soilik lotzea oso ondo dago, baina, horretara bakarrik mugatzen bagara, batez ere horiek eskuratzen baditugu eta horiek eskaini, irakurketa sakon batek eskatzen digun «esfortzua» galtzen goaz. Jada ez gaude prest obra batek, ikuskizun batek (zinema edo antzerkia) eskatuko ligukeen zailtasunari aurre egiteko. 'Denbora pasatzeko' irakurketak alboratzen du kanon literarioko obra batean murgiltzeko ahalegina. Oreka mantentzea garrantzitsua iruditzen zait, gogo eta denboraren arabera bietarako prestasuna izatea da modua auzia gainditzeko.
-Zein da bibliotekariaren zeregina bitartekari moduan?
-Batez ere, liburuen inguruan aritzen garenez, jarduera hau gauzatzen den tokiekin lantzen dugu harremana. Ikastetxeekin, esaterako, are gehiago eskola liburutegiak desagertu direnetik. Horrela, bada, haur, gazte zein helduen bisitak jasotzen ditugu ikasturte hasieran baina baita gai zehatz baten inguruko proiektuekin dabiltzanean ere. Erakundeei zerbitzua erakusten diegu, helarazten dizkiegu gomendioak, liburu-sortak prestatu, eta abar. Irakurzaletasunaren sustatzaileak gara modu pertsonalean zein kolektiboan.
Helduentzat, bestalde, literatura-solasaldiak antolatzen ditugu, hizkuntz eta genero desberdinetan, ahozko narrazioak, liburu aurkezpenak, errezitaldiak…
Jarduera gehienak bibliotekaren espazioan gauzatzen dira, baina badaude kanpora ateratzen direnak ere: igerilekuetara, parke edo hondartzetara, osasun-zentroetara, etxez etxeko mailegua, mugikortasun urriko edo gaixo kronikoentzako zerbitzua… Jarduera guztien helburua da komunitatearen bizi-kalitatea hobetzea, niretzat horixe baita irakurtzea: aberastea.
-Aipatutako bitartekaritza eta irakurzaletasuna sustatzea bibliotekariaren esku badago, haren prestakuntzak bikoitza behar du izan, ezta (alegia, dokumentalistarena eta literatura bera eta hura sustatzeko teknikak ezagutzea)?
-Bai, horixe, ikasketak prozedura teknikoa ematen digu baina ezinbestekoak dira argitaratzen denari adi egotea eta irakurtzea.
Prozesu konplexua da irakurzaletasuna bultzatzea, bitartekarien etengabeko ahalegina eskatzen baitu. Irakurle izateak hausnarketa, pentsamendua eta analisi kritikoa ere eskatzen ditu. Hortaz, irakurketa-hezkuntzaren helburua irakurleak prestatzea da, baina ez soilik gero eta hobeto irakurtzen jakin dezaten, baizik eta, ahal den neurrian, irakurri nahi izan dezaten, irakurtzeko motibazioa izan dezaten eta ohitura hori beren bizitzan txerta dezaten. Ez dut uste erakunde baten erantzukizuna bakarrik denik.
Halere, irakurketaz haratago, eta esan bezala, biblioteka prestakuntzaz, informazioaz eta entretenimenduaz erlazionaturiko zerbitzuak eskaintzen dituen sozializazio-lekua da eta kontzeptu hori inoiz baino indartsuagoa da.
-Zein dira liburutegiaren arazo berriak gaur egun? Tokia? Dirua?
-Jakina, aipatzen dituzun bi horiek arazoak dira. Ez dugu tokia nahiko genukeen guztia izateko, eta gure aurrekontuek urriak izaten jarraitzen dute. Etengabeko borroka da hori, beti bizi gara horien artean dantzan. Arazo berriak zaharrak izaten jarraitzen dute: Euskadiko Irakurketa Sareak indar gehiago izan beharko luke, Irakurketa Plan Nazional bat bultzatzea ezinbestekoa da, Euskadiko Liburutegien Legeak 15 urte bete ditu aurten eta garapen gutxi izan du, langileok, adibidez, legeak berak aipatzen duen erregelamendurik gabe jarraitzen dugu. Eta hauek batzuk besterik ez dira…
Ateak zabalik dauzkagu; orain, leihoak ere irekitzea besterik ez zaigu falta, alboetara begiratzea, ekimenak eta ahaleginak bateratzeko. Komunitateen eta erakundeen arteko komunikazio-bide gehiago irekitzea. Guk ere inguru aldakor batera egokitzeko erronka dugu.
-Liburuzain edo bibliotekari?
-Nahiago bibliotekari, liburuzainen zentzua zabalean hartuta. Izan ere, bibliotekan dauden dokumentuak ez dira soilik liburuak, bilduma osatzen duten material asko aurkitu daiteke: filmak, musika, egunkariak, aldizkariak. Guztiak zaintzen ditugu, bai. Bibliotekonomia ikasketak daude, Euskal Herrian egon ez arren.
-Zein da ikusi duzun libururik maiztuena, hainbestetan mailegatu ondoren?
-Modak daude, boladak egoten dira. Uda honetan bat, iaz beste bat izan zen. Normalean merkatuak bultzatzen dituen promozioak izaten dute oihartzun gehien, baita sariak irabazten dituztenak ere. Generoen artean, duda barik gehien eskatzen dena nobela beltza da, intriga alegia.
-Helduen liburutegia edo haur-liburutegia, zein nahiago?
-Biak ditut gogoko, bakoitzak du bere xarma. Beharbada, haurtxoteka askatasun handiko espazio da, eskolako ardurarik ez da egoten, irakurketa partekatua ahalbideratzen duten album ilustratu zoragarriak daude aukeran. Bertan helduek kalitatezko denbora eskaintzen diote haurrari, bazkide egiten dira, poz-pozik ikusten dituzu haurrak liburuak etxera eramaten.
-Literatura edo ezagutza-liburua?
-Ni literaturak erakartzen nau gehiago, literatura zentzu zabalean (poesia, album ilustratua, eleberria, komikia…) baina ezagutza-liburuetan ale ederrak daude, mimoz editatuak, gai interesgarri ugari jorratzen dutenak.
-Liburu tradizionala edo (adin guztietarako) albuma?
-Segun noiz eta non… erlaxatzeko une laburretan, esaterako, adin guztietarako albuma, liburu zoragarriak daude. Arte, hitz eta irudiaren konbinazio biribila da.
-Galtzen ari da irakurtzeko zaletasuna?
-Ez dut nik pertzepzio hori. Egia da azken hamarkadetan, aisialdiaren aukerak gehitu egin direla. Irakurtzeak ahalegina eta kontzentrazioa eskatzen ditu baina bibliotekak saiatzen gara hori eskaintzen, doako aukera da, ordutegi zabala dugu, ez dago derrigortasunik, denetarik aurkitu dezakezu... baita lagunak egin ere!
-Eta irakurtzeko gaitasuna?
-Bai, ikerketek eta irakaskuntzan aritzen direnek hala berresten dute. Eskoletako ohiko metodologiak ulermen maila eskaseko ez-irakurleak sortzen ditu. Urteak daramatzagu entzuten hizkuntza eta literatura bereiztea komeni dela.
-Bibliotekariok baduzue ikur edo maximaren bat?
-Hitzekin esango dizut: «Isilik» esatetik galdera honetara aldatu gara: «Zertan lagun zaitzaket?»
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.