Borrar
Yolanda Arrieta, Durangoko Azokan 'Ataria' liburuaren aurkezpenean, 2019an. Felix Morquecho
«Konplexutasuna arazo bihurtu da egungo haur literaturan»
Lumatik teklara. Xaharrak berri (4)

«Konplexutasuna arazo bihurtu da egungo haur literaturan»

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria eskarmentu handiko idazlea da haur eta gazte literaturaren arloan, eta lan handia egina da idatz-irakurzaletasuna sustatzen adin guztietan

Manu López Gaseni

Sábado, 20 de mayo 2023, 00:22

Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere inguruko beste hizkuntzetan bezain gutxiesgarria. Lumatik teklara honetatik igarotzen diren eragile guztiak literatura-saltsa askotan urte mordoa emandakoak diren aldetik bakarrik dira xaharrak.

Sail honetako laugarren elkarrizketatua eskarmentu handiko idazlea da haur eta gazte literaturaren arloan: haur txikientzako liburu asko eta nerabe eta gazteentzako kontakizunak idatzi ditu; baita poesia, antzerki-testuak eta saiakerarik ere. Horrekin batera, lan handia egina da idatz-irakurzaletasuna sustatzen adin guztietan. Neure baitan, ordea, joste-lanean irudikatzen dut Yolanda, adin askotako beste jostun batzuekin batera, istorio eta kantak etengabe aletzen eta bata bestearekin josten. Bizkitartean, beste kontu jakingarri batzuk ere kontatu dizkigu.

Zer da, zuretzat, haur eta gazteentzat idaztea?

–Batik bat, neure haur ahotsetik munduan bizitzen jarraitzea. Sormena hauspoa da niretzat eta haurrentzat idazteak behin eta berriz hasteko aukera eskaintzen dit, errealitateari kontrapuntu egiten, balizko munduetan murgiltzen, berritasunez inertzia zaharrak uxatzen. Gazteentzat idaztea, berriz, antzeko zerbait izan arren, geroz eta zailago egiten zait haiengana iristea. Askoz erosoago nabil haurrekin eta haurrentzat idazten.

Nolako haur eta gazte literatura (HGL) gustatzen zaizu?

–Errealista den orok izan dezala ukitu fantastiko eta poetikoa. Eta nola ez, musikaltasuna. Zentzumenak presente egon daitezela testuan.

Irakurle gazteengan emozioak eragin nahi dituzula esan duzu inoiz. Zer nolako emozioez ari zara?

–Haiengana iristeko neugandik abiatu beharra daukat. Haiengan sumatzen ditudan zirrarak, pertsona gisa, guztiok sumatzen ditugunak dira: ezagutzen ez dugunak sorrarazten digun ikara, besteek onar gaitzaten nahia, geure desioak adierazteko lotsa eta beharra…

Noticia Relacionada

Haur eta gazteen askotariko behar psikologikoei erantzuteko merkatu handi bat da gaur eguneko HGL. Zer uste duzu horretaz?

–Utilitarismo garaiak bizi ditugu, inoiz baino gehiago, denak izan behar du zerbaiterako, eta HGL askotan hartzen da bizipen-une zail bat lantzeko bide: anaia txikia izan duen umearen zeloak uxatzeko tirita, gertuko norbaiten heriotza arintzeko magal, bullyinga lantzeko modu, beldurrak uxatzeko trikimailu, ingurumena zaintzeko eredu, hizkuntza txikiak maitatzen ikasteko akuilu… HGL aitzakia paregabea iruditzen zait umeekin bizitzaz hitz egiteko, baina horrek ez du esan nahi bizipen-prozesu bat ordezkatuko duenik, hau da, ez egon zain norbait hil arte heriotzaren inguruko liburuak irakurtzeko, edota mamuen ingurukoei heltzeko. HGL modu naturalean txertatuta egongo balitz gure eskoletan eta gure etxeetan, aipaturiko gai guztiak landuko genituzke, modu naturalez, eta ez hainbeste liburuen ahalmen bereziengatik (nahiz eta hori ere gerta daitekeen noizean behin), baizik eta liburu horiek bitarteko harturik umeekin igarotzen ari garen denbora aberatsari esker.

Gehiegi argitaratzen dela iruditzen zait niri, zer iritzi duzu zuk?

–Bueno, euskarazko HGL asko dago, baina beste hizkuntzetan askoz gehiago. Iruditzen zait arazoa jasotzaileengan dagoela eta jasotzaile horiengana iristeko moduak huts egiten duela. Bitartekari gutxi dago, ez da dagoena ezagutzen eta, beraz, ez da erabiltzen. Gozamenezko irakurketa libre eta bakartira heltzeko bidean asko entrenatu beharra dago: denbora eskaini behar zaio irakurketari, iritziak trukatu, ulertzen ez dena landu, antzeztu, kontatu, ozenki irakurri, berridatzi, jolastu. Denbora gutxi egoten gara umeekin eta irakurketak denbora eskatzen du. Estimulu bizkorrez inguratuta bizi gara eta pentsatzeko asti gutxi hartzen dugu. Merkatua hor dago, sarea hor dago, eta denean egon nahi dugu, ahal dela gehiegi nekatu gabe eta, zer esanik ez, itxaron beharrik gabe. Eta, bai, agian gehiegi argitaratzen da, hain justu, merkatu-sare-estimulu bizkor horretan kateaturik gaudelako gu geu ere. Euskara eta HGL, barne.

Zeure obra batzuk SMn argitaratu zenituen, beste batzuk Aizkorrin…, zer gertatu zen, gero, autoediziora jo behar izateko? Gustuko argitaletxerik ez? Arreta gutxiko editoreak? Beste zeozer?

–Hogeita hamahiru urte daramatzat argitaratzen eta ia berrogei liburu argitaratu ditut. Hirurogei urte betetzear nago eta, beraz, bizitza erdia baino gehiago daramat honetan. Ez da beti erraza izan, ezezko asko jaso dut. Agian editoreei galdetu beharko zenieke ezetz horien zergatia. Nik gauza bat argi dudanean aurrera egiten dut iritziak iritzi edota ezetzak ezetz. Bi lan autoeditatu ditut eta horietako batek Euskadi Saria jaso zuen. Epaimahaiak liburutegietara jo behar izan zuen liburuak irakurtzeko, dendetan ez zegoelako. Hori ez zen egunkarietan agertu eta literatura-sistemaren beste hutsune asko ere ez da egunkarietan agertzen, hein handi batean, honetan ari garenok egiten duguna egitea maite dugulako. Euskarazko literatura-sistemaren familian HGL umezurtz dago. HGLren presentzia medioetan oso urria da, egun zehatzekin lotuta dago eta entretenimenduari atxikita. Ez zaio aitortzen daukan kategoria eta, agian, kategoria-ez horrengatik dauka gaurko euskal HGLk berezko hain editore gutxi.

Noticia Relacionada

Idazle gutxi kabitzen dira euskal literaturan?

–Ez dakit. Nik lanean jarraituko dut, niretzat berrasmatzeko asko dagoelako.

Zein dira sumatu dituzun aldaketa nabarmenenak 90eko hamarkada urrun hartan argitaratzen hasi zinenetik hona?

–Internetek erakarri duen denborari buruzko pertzepzioa: prozesuak laburtu dira, konplexutasuna arazo bihurtu da, sinbologia eta zeharkako bideak arrotzak bihurtu dira, ulermen arrazionala sentipenen gainetik gailentzen da, produktu eta etiketen morrontza, beste hizkuntzetan datorren etenik gabeko estimulu kontsumigarrien ugaritasuna eta horiengana iristeko erraztasuna… Kontsumismoa, lilurarik eza…

Ibilbide luzea egin eta gero, zein momentutan ikusten duzu zeure burua?

HGL sortzeaz gain, bitartekari-lan handia egin dut eskolaz eskola eta liburutegiz liburutegi. Urte asko daramat «ipuinetik bizitzen». Asko ikusi dut, asko ikasi dut eta, orain, kilometroak gutxitu nahi ditut. Ikertzen eta birsortzen jarraituko dut, errealitatetzat jotzen dugunari kontrapuntu egiten eta bitarteaz gozatzen, haurrengandik hurbil eta haurrekin bizi nahi duen ororen konplize eta bidelagun.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Konplexutasuna arazo bihurtu da egungo haur literaturan»