Borrar
Itxaro Borda, elkarrizketa batean.
«Poesiarekin hasi nintzen eta poesiarekin emanen dut azken hatsa»
Lumatik teklara. Xaharrak berri

«Poesiarekin hasi nintzen eta poesiarekin emanen dut azken hatsa»

Itxaro Borda (Baiona, 1959), periferiaren periferiatik geure kontzientzien sakonenean ausiki egiten digun idazlea

Manu López Gaseni

Sábado, 11 de marzo 2023, 00:21

Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere beste hizkuntza politikoki zuzenagoetan bezain gutxiesgarria. 'Lumatik teklara' honetatik igarotzen diren eragile guztiak literatura-saltsa askotan urte mordoa aritutakoak diren aldetik dira xaharrak, baina ez zaharregiak ere. Muga lauso bat jartzearren, Arestirekin harremanik izan ez duen lehen belaunaldikoak dira, oro har.

Gaurko elkarrizketatuak, Itxaro Bordak, oraindik Du Bellay plazatik mintzo balitz bezala, kezka soziala du gogoan, eta literaturaren bidez islatzen, poesia-liburu eta eleberri eder ugaritan. Motor gainean posta banatzen diharduen idazlearen irudi idealizatuaz eta bere ibilbide nekaezinaz galdetzera jo dugu periferiaren periferiatik geure kontzientzien sakonenean ausiki egiten digun idazlearengana.

Idazle gisa, sarritan aipatzen den topikoa bete duzu: idazle izateko, idazketarekin zerikusirik ez duen lanbide batean aritu beharra. Postari lanak, ordea, badu zerikusiren bat idazketarekin… Izan duzun ogibidea inspirazio-iturri izan zaizu, edo, aitzitik, idazketatik liberatzeko bide bat?

–Ez zen ene hautua. Idazletzatik bizi ahal izan banintz, ez nintzen postan sartuko, baina literaturatik jende gutxi bizi da oraindik ere, pentsa 80ko hamarkadan, eta gainera banuen haur bat eta bien bizibidea segurtatzekoa nuen. Zaila suertatu zitzaidan arren, Parisetik pasatzea ez zait damutu, egia erran: Euskal Herriko orduko tupina politikotik urrundu nintzen eta kanpoan jendeak nola bizi ziren ikasi nuen, ez beti erraz alabaina. Bereziki hauxe: etsaiak deitzen genituenak ez zirela baitezpada etsaiak, gu bezalako langileak ziren, gu bezain gaizki zihardutenak... irakaspen hori ez dut sekula ahantzi eta uste dut ene idazkietan agertzen den ideietatik bat dela. Gero postari izateak jende arruntenarekiko eguneroko harremana bideratzen dizu, eta mundu guzitik jin jendeak zerbitzatzeko ohorea ukan dut. Bistan dena, neoliberalismoaren aitzinamenduaren ausikiak pairatu ditut lau hamarkada hauetan, 'burn-out' delakoa, desindikalizazioa, prekarizazioa zerbitzu publikoetan, horiek ere literaturara eramateko gaiak izan dira enetzat. Besteak beste.

«Literatura ez da arraileria edo txantxa bat, batzuetan iruditzen zait bizitza bera salbatu didala, ene minetatik hitzez hitz sendatu nauela»

Zure literaturaren bi zutabe nagusiak poesia eta eleberri beltzen zikloa dira. Kritikaren begietara, lehena da idazle kanoniko egin zaituena (hizkuntza askotako hainbat antologiatan agertu dira zure poemak). Poesia da zure literatura 'serioa', eta detektibe-eleberriak zure denbora-pasa edo literaturatik bizitzeko modua?

–Poesiarekin hasi nintzen eta poesiarekin emanen dut azken hatsa. Tartean, aski goizik hasi nintzen prosarekin, ez bakarrik nobela beltzaren alorrean gainera. Amaia Ezpeldoi saila ildo serioa da enetako, bertan sartzen ditut bizitzen ditudan gertakariak, gurutzatzen ditudan pertsonen itzalak, sortzen zaizkidan hausnar txarrak eta onak! Egia erran, literatura ez da arraileria edo txantxa bat, batzuetan iruditzen zait bizitza bera salbatu didala, ene minetatik hitzez hitz sendatu nauela. Detektibe nobelez gain idatzi ditudan beste narrazioek ere beti euskal jendarte subalterno bat agertzen dute, hizkuntzaren bidezko klase borroka zantzuekin, gatazkaren presentzia lehergarria, emazteen leku murritza, genero biolentzia. Aitor dut, ironia eta umorea erabiliagatik, ene diskurtso literarioa ez dela biziki airosa...

Egungo kanonean egon arren, inoiz esan duzu periferiko sentitzen zarela, euskal literaturarekiko orokorrean, baina baita Iparraldean ere periferiko, 'outsider' bat. Bizitzaren aurreko jarrera bat da? Alde horretatik, nola bizi duzu Lapurditik idaztea irakurle gehienak Hegoaldean izanda?

–Amikuzekoa izanez, Gaskoiniarekiko auzoa den herri batekoa naiz, zinez mugakoa, zalantzaz betea nire sinesgarritasun propioari buruz, frankotan erortzear, baina zorionez katua bezala jauzi egitea lortzen dut. Periferia askotakoa naiz gainera, hizkuntza aldetik, genero aldetik, ene literatur tematiken aldetik, ofizioagatik, langile soila naiz eta ene CVan ez dut diploma handirik zerrendatzeko, baina esperientzia kolektibo anitzetan parte hartu dut, behe-mailako militante gisa, nahiz eta horretaz mintzatzea ez dudan maite. 'Outsider' bat naiz, baina gehienetan, sumendiaren ahoaren erdian nago, egon naiz... Euskaraz idazten dugunok, irakurlegoaren parte handia hegoaldean dugu, baina iparraldean ere baditut lau hamarkada hauetan segitu nautenak, jendetzaren arabera dela pentsatzen dut. Badakit Iparraldekoa naizela, ez dut nire jatorria ukatzen edo gordetzen, baina ez dut arazorik Hegoaldean ene irakurleekin hitz egiteko, aspaldi hasi dudan elkarrizketa bat da eta Euskal Herriko herri parrasta batean egona naiz, aitzakia batekin edo bestearekin, literaturari lotuak beti.

«'Outsider' bat naiz, baina gehienetan, sumendiaren ahoaren erdian nago, egon naiz...»

Zure detektibe-eleberriak direla eta, hauxe dio Ur Apalategik: «Asmo zabal eta planifikatu baten gauzatzea dirudien hainbat eleberriz osaturiko ziklo baten protagonista da Itxaro Bordak 1994an sortu zuen detektibesa. Eleberriok osorik daude Amaia Ezpeldoiren inguruan eraikiak (…). (Nobela haietan) benetako suspense narratiboa ez datza krimenaren erresoluzioan, baizik eta protagonista nagusiaren identitatearen sismografian (…), (hura da) neurri handi batean bere sortzailearen mundu ikuskera guztiz idiosinkratikoaren bozeramaile fikziozkoa». Zer duzu esateko zure nobela arrakastatsu horietaz?

–Bi gauza ditut errateko: batetik, suspense narratiboa ez bada benetakoa ere, hor dago; hor dago bilaketa; hor daude pista faltsuak, baina hor dabiltza ere Amaia Ezpeldoiren gogoetak, diskusioak, digresioak eta eskolioak, Spinozaren 'Etikan' bezala! Eta bestetik, bai, nire munduaren agerpen erreala da, nahi ukan dut ene mundu intimo eta kolektiboa ahalik hurbilenetik azaldu, xeheki, euskal gizartearen doloreak eta zauriak, euskal familia ereduaren itxurakeriak, hizkuntzaren eratorriak, generoaren inguruko kezkak, lanaren alorreko tragediak… nork sartu ditu, adibidez, euskal literaturan Maulen behiala egiten ziren lantegi ixteen kontrako manifestaldien deskripzioak? Baina, Ur Apalategi, orokorrean, zuzen dabil Amaia Ezpeldoiri dagokion bere analisietan!

'Boga, boga' nobelaren gaietako bat kanpotarrekiko aurreiritzien aurka egitea zen. Zer iritzi duzu gaur egun kanpotarren aferaz?

–Ene ustez kanpotarrekiko arazo bat badugu: endogamian bizitzen tematzen gara, gure artean, eta gainera, aitzin-iritzi negatiboak ditugu haiekiko beldur reptiliano baten ildotik, gure lurra, gure emazteak, gure hitzak ebastera etorriko balira bezala! Gero, jarrera bikoitza dugu: superioritate sentimendu bat, populu zaharra garelako, politika mailan ustez aitzindariak eta denbora berean inferioritate sentimendu bat, kanpotarrak bezalakoak izan nahiko genukeelako neurri batean. Horretaz mintzo da 'Boga, boga', Alemaniako Wiesbadenen idazle-egonaldi batean nengoela idatzi nuena, kanpoan preseski.

Askotan galdetu dizute, Amaia Ezpeldoi dela eta, lesbiana izateari buruz. Deserosoa zaizu kontua?

–Garai batean kontu hori deseroso zitzaidan, baina badu orain hainbat hamarkada Amaia Ezpeldoiren –eta nire– lesbiana izaeraz lasai mintza naitekeela. Alderantziz, bitxi egiten zait aipatzen ez delarik, halako pudore antzeko zerbaiten izenean. Amaia Ezpeldoiren kasuan agian bere lesbiana izaera da daukan hoberena, gutariko askoren kasuan bezala...

Zer aldaketak sumatu dituzu euskal literaturan 80ko hamarkadan hasi zinenetik gaur egunera?

–Azpimarratzekoak diren aldaketak gertatu dira 80ko hamarkadetatik hona: nahiz eta literatura sistemarentzat oraino ere euskal idazle handia gizonezkoa den, letren mundua gaztetzen, eskolatzen eta feminizatzen ikusi dut. Aldaketa horietan parte hartu dut hainbat adiskide idazlerekin batera, egoitza horri Iparraldeko harria ekarriz! Fikzioaren bidez gauzen errateko libertatea emendatu zaigu, gai batzuen arabera, zenbait alorretan beti herabe gauden arren.

Elkarrizketa sorta honetako guztiei egiten diedan galdera: Zertarako literatura? Zertarako idazten duzu kasu bakoitzean?

–Lehenago erran dizut idazteak agian bizitza salbatu zidalako irudipena daukadala, hala delako jarraitzen dut testu bat bukatu eta beste bat hasten, etengabe, bizitza soka edo hari bat bailitzan. Nobela gustatzen zait, hats luzeko lana baita, hitzetan eta narrazioetan itotzen ahal naizelako, sortzen ditudan pertsonaien bitartez beste norbait bilakatuz, bizitza bakarrean horrela bizitza anitz bizitzen ditut! Poesia idazten dudanean aldiz, zeregina laburragoa da, dentsoagoa, hitz egokienaren bilatzen egunak pasa ditzaket eta ez da sekula bukatzen!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Poesiarekin hasi nintzen eta poesiarekin emanen dut azken hatsa»