

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Manu López Gaseni
Sábado, 29 de abril 2023, 00:52
Euskaraz inori 'zahar' edo 'xahar' esatea ez da inondik ere beste hizkuntza politikoki zuzenagotan bezain gutxiesgarria. Lumatik teklara honetatik igarotzen diren eragile guztiak literatura-saltsa askotan urte mordoa emandakoak diren aldetik bakarrik dira xaharrak.
Sail honetako hirugarren elkarrizketatua ere ez da jarduera bakarreko eragilea. Izan ere, ipuina, saiakera eta nobela landu ditu, baina gaurkoan literatura-itzulpenaz mintzo da batez ere. Ez alferrik garai eta toki askotako idazle nabarmen frankori eman die euskal ahotsa: Shakespeare, Melville, Chesterton, Schwob, James, Borges, Beckett, Rulfo, Levi… Eta euskarari berari, erronka berriei aurre egiteko esklerosiak jota zirudienean, ballet-dantzari baten malgutasuna eman dio, ekinaren ekinez. Erantzunak mendebalde urrunetik idatziz igorri dituenez gero, bere horretan doaz, Garziak egin nahi izandako ñabardura ortotipografiko guztiak barne.
–Norainoko garrantzia du sortzaile-senak literatura itzultzeko orduan?
–Bi kontu bereiziko nituzke hor. Batetik, sortzailetasunarena, eta, bestetik, literaturarekikoa.
Edozein motatako itzulpena (ondo) egiteko, ezinbestekoa da, ez bakarrik sorburu hizkuntza 'ezagutzea', baizik hura aktiboki erabiltzen trebatua izatea (hots, aukera ugariko esapide-biltegi bat izatea, eta hura sortzaile gisa kudeatzea), kasuan kasuko generoan. Gutunak itzultzeko, gutunak idazten jakin behar duzu: hori bezain sinplea, baina maiz ahazten dena.
Literaturaren kasuan, generoaren berezitasunak eskatzen du arlo horretan ibilia izatea, ez nahitaez idazten, baina bai bederen irakurtzen eta irakurria mamurtzen. Horrela bakarrik lor daiteke, testuaren esanahi literal edo semantiko hutsa ez ezik, haren zentzu pragmatiko eta estetikoa ere atzematea, eta –hori baita kontua– 'hura' itzultzea.
–Eta norainoko ardura, idazle handien lanen itzulpenetan, haien neurriko hizkera euskaraz sortzeko?
–Hor ere, bitan banatua ikusten dut auzia.
Batetik, bai: begirune handia diegu itzal handiko idazle gailenei, eta ardura eta are beldurra eragin dezake horrek. Literatura-itzultzailea beti da trabesti linguistiko bat, baina, kasu batzuetan, pertsonaia hizkuntzaldatzea bera gutxi ez eta, haren jantzia ere (estiloa) dagokion bezain egoki antzeratu duzun ere zaindu behar, eta hortik lanak.
Bestetik, nagusiago diren hizkuntza batzuetan ez bezalako abantaila dugu, konpentsazioz, euskara bezalako hizkuntza gutxiago garatuetan: egiteko egoten da askotan dena delako erregistro nahiz estiloa gurean, eta irekiago uzten du horrek bidea horretan estreina abiatzen denarentzat.
–Egungo idazle batek baino gehiagok eskertu du itzultzaileok hizkera literarioa sortzen egin duzuen lana.
–Oraintsu arte, corpusa bera ere murritza izateaz gainera, urria eta eskasa izan da itzulpenaren (kalitatearen) inguruko gogoeta ere, baldarki inpresionista. Hasieran, hain zuzen ere, aski izaten zen egiaztatzea halako edo halako obra euskaratuta zegoela, ia eginkizun enblematiko hutsa baitzuten itzulpenek. Gaur egun, ondo-bidean, irakurriak izateko 'ere' itzultzen ditugu liburuak…
–Euskara idatziari buruz egin dituzun proposamenek ('Joskera lantegi', 'Esaldiaren antolaera', 'Esaldiak josten') harrera ona izan dute, oro har, eta gaur egungo prosa jasorako ia 'arautzat' ere hartuak izan dira…
–Aukeran, nahiago «zaindua» deitu («kultua», alegia), prosa horri; egia esanda, «prosa» kontzeptuak berezko du halakoa izatea, ez baitagokio noski edozein hitz-parrastari. Beste deiera hori, berriz, «jasoa» hurbilegi dago, askorentzat, «puztua» gaitzesgarritik. Ni neure alea jendarteratzen saiatu naiz, praktikarako «teoria» bat landuz joan bainaiz neure idazte-jardunarekin paraleloki.
–…eta praktikaren bidez ere erakutsi duzu ederki funtzionatzen dutela baliabide-sistema gisa.
-Agian, horregatik egin zaie jaramon handiagoa nire proposamenei: behin, ikastaro batean, horixe iradoki zidan ofizioko batek: «Zergatik uste duzu ba kasu egiten dizugula: zuk 'egin' egiten duzulako kontua, ez bakarrik predikatu».
–Nola kudeatzen da itzultzaileari eskatzen zaion ikusezintasunaren, apaltasunaren eta lorpen estetiko propioen arteko tirabira?
–Ni zintzo saiatzen naiz erabat jartzen itzulgaiaren zerbitzura. Estetikoki nabarmentzen den zerbait baldin badago tartean, jatorrizko idazlearena delako biltzen dut nik hura, eta txaloak hari jotzea nahi. Horretarako (landu) behar izan dudan hizkuntza-tresneria estilistiko-teknikoa miresgarri iruditzen bazaio irakurleari, haren erantzukizuna da baldin eta itzultzaileari ematen badio nabarmentasun hori. Gero, denborak eta ohiturak badakite bihurtzen 'arruntago' eta zelaiago noizbait hain deigarri eta koskatsu ('jasoa?') zitzaiguna. Denbora behar da ekinean, indiarrek euskaraz 'ere' natural egin dezaten. Neure kasua aipatzea zilegi bazait: 'Itzalen itzal' bere garaian 'jasoegi'tzat jo zuen jende-moduari 'samurrago' zaio orain, edo 'normalago' bederen, orduko testu bera. Batez ere Joyce ia osoa ere ondoan izanik jada euskaraz.
–Atzera begiratuta, nola ikusten duzu euskal itzulpengintzak 1980ko hamarkadatik gaur egun arte egin duen ibilbidea?
–Askotan edo gehiegitan aipatu dut berdin, baina ez baitakit argiago esaten: zerotik zerbaitetara zen jauzirik handien eta zailena; orain, zerbait hori zabaltzen ekin eta jarraitzea dugu egitekoa. Iraunkor izatea, alegia, bidean eginez goazenaz aspertu gabe. Errezeta?: pozarren ikusi irabazi dugun puska, eta gogo guztia jarri ondarea zabaltzeko 'ekinasmoa'n.
–Garai hartan ohikoa, baina gaur egun egin behar ez omen den zerbaiti eutsi diozu sarritan: argitaletxeren batek proposatu gabe, zeure gogoko itzulgaiak aukeratzea. Erronkak gustuko?
–Bai: pribilegiatu samarra sentitzen naiz, ez baitzait egokitu morroi-lan handirik egin beharra. Eta, tira, bai: joera bizia dut –euskaldun jator, horretan– aupadei, demei eta desafioei erantzutera jauzi egiteko («erronkak» ere sarriak dira gurean, baina itsuskeria deritzot izatez 'erronka jotze'ari berari, aspaldi alferrik ohartarazi nuenez).
Oraintxe nago ondoen, bestalde, erretiraturik, atzera ez baizik aurrera egiteko, sasoia den –eta dudan– bitartean, gogokoen dudanari helduz. Ez dago, beraz, arriskurik asper nadin ni. Bai, beharbada, bat baino gehiago asper dezadan oraindik.
–'Traduttore, traditore'.
–'Eppur, se muove'. Tra(d)izioz 'josia' da mundua itzulika dabilenetik: begiratu zeure Biblian, Jainkoa ere nola ez datorkizun jatorrizko hizkuntzan.
–Itzultzaileak ikusezina behar du izan.
–Ederki, behin haren lana behar bezala aitortua eta ordaindua izan eta gero.
–Itzulpenik onena, itzulpen ematen ez duena.
–Bada, berdin: irakurlerik onena, halako aitzakiak baliatzen ez dituena bere euskararen txiroan eta nagian geratzeko. Eta, jakina, erdaraz ez du halakoak arazorik ikusten itzulpenekin, gureak baino kaskarrago direnean ere, hala baitira maiz.
–Idazlea bera da, elebiduna izanez gero, bere lanaren itzultzailerik aproposena.
–Gai horretaz, badut asmoa artikulutxo bat egiteko 'Senez'erako. Aurrerakin bat, eta gakotzat daukadana: auzia ez da nork, nola baizik.
Publicidad
Carlos Nieto | Enviado especial. Augusta y Gonzalo de las Heras (gráficos)
Rocío Mendoza | Madrid y Lidia Carvajal
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.