Adobestock
Sorkuntzak hamaika bide (eta 9)

Poesia idazten hasteko jarraibide batzuk

Joxeme López de Arana

Sábado, 1 de febrero 2025, 00:20

Gaurko emanaldiarekin amaierara iritsi den sail honek idazteko zaletasuna piztea izan du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com

Publicidad

Genero guztien artetik, poesia da, nire ustez, araubiderik malguena duena formaren aldetik. Malguena edo, agian, ahulena. Eta horrek askatasun ia erabatekoa ematen dio idazleari nahi duen bidetik jotzeko (azken aldiko poesiarik arrakastatsuena irakurri besterik ez dago: kritikari batzuentzat, bikaina; beste batzuentzat, eskasa).

Sonetoa berritzeko bizpahiru 'revival' kenduta, oso atzean gelditu dira poesia-forma neurtuak eta errimatuak (bertsolaritza eta kideko jarduera herrikoiak alde batera utzita), eta gaur egun argitaratzen den poesia gehiena, beraz, bertsokera librekoa da.

Alabaina, aipatutako baliabide horien faltan, tradizio poetikoan erabili ohi diren beste prozedura batzuek eusten diote poetikotasunari, eta horiexek lantzera bideratuta dago gaurko emanaldi hau.

Noticias relacionadas

Bestalde, gaiak eta haiek islatzeko moduak ere askotarikoak dira. Adibidez, ezaguna da poesia poetaren subjektibotasuna adierazten duen generoa dela dioen definizioa. Eta nahiz eta poesia mota hori oso arrakastatsua den (batez ere sarean, gazteen artean eta gehiago gaztelaniaz euskaraz baino), gaur egun bestelako eredu kanoniko batzuk hobesten dira, haietarik batzuk narratibatik mailegatutakoak, hala esaterik balego. Beharbada nabarmenena 'ni poetikoa' deritzana da, non 'ni' hori, narratiban bezala, ez den poetaren ni-a, baizik eta hark jokoan jarritako narratzailearena. Horrekin loturik, narratibotasunerako joera erakusten dute gaur eguneko poema askok, hau da, poetaren ni-az kanpoko istorio bat edo egoera bat kontatzekoa. Orduan, zerk bereizten ditu narratiba laburretik? Hain zuzen ere, poesiak berezko dituen egiturak eta beste baliabide batzuk erabiltzeak.

Pedagogiaren eta didaktikaren aldetik poesia lantzeko ezagutzen ditudan erreferentzien artean, Víctor Moreno idazle nafarra aipatu behar dut lehen tokian. Jada 1989an 'El juego poético en la escuela' lan interesgarria argitaratu zuen eta, urte batzuk geroago, 1998an, 'Va de poesía' delakoa. Bigarren liburu horretako atal baten izena 'Elementos poéticos por antonomasia' da, eta lau elementu lantzen ditu: sinestesia, konparazioa, metafora eta gregeria. Morenoren liburuetako jarduerak orduko OHOko ikasleekin lan egiteko pentsatuta zeuden.

Publicidad

Batxillergoan dabiltzanekin eta handik aurreragokoekin poesia lantzeko, berriz, Esperanza Ortegaren 'El baúl volador' egiten zait erabilgarriagoa, gaiari buruzko beste lan askoren artean. Poesiaren funtsezko elementuak, Ortegarentzat, metafora, paralelismo sintaktikoa eta antitesia dira. Hamaika jolas proposatzen ditu poesia lantzeko, eta haietatik batzuk aletuko ditut hemen, apur bat egokituta, akaberako emanaldi honetan irakurlea poeta bihur dadin.

Poesia lantzeko ariketak

Hasteko, paralelismo sintaktikoaren aldaera bat lantzea proposatzen dut: anafora. Bestela esanda, egitura jakin bat errepikatzea, kasu honetan bertso-lerro bakoitzaren hasieran. Irakurleren bati prozedura hau harrigarria egiten bazaio, hona hemen adibide bat, Joseba Sarrionandiaren eskutik, ez euskaraz, portugesez baizik, 'Propostas para a definição do exilio' izenburupean:

Publicidad

Exilio é um país que esmorece além do horizonte

Exilio é passear em ruas povoadas de folhas mortas

Exilio é olhar estações de trilhas mofentas (…)

Exilio é descansar ao lado dum relógio de parede

Exilio é todas as caixas vazias

Exilio é uma mina escura de onde nada se extrai

Exilio é viver na escada

Exilio é deitar-se na cama sem se despir

Exilio é entrar sem paga rem cinemas baratos

(…)

Eta horrela ia berrogeita hamar bertso-lerro osatu arte.

Publicidad

Nire proposamenari kasu egitera, berriz, bertso-lerroen erdiek 'Gogoan dut' sintagmarekin hasi behar dute, eta beste erdiek 'Ahantzi dut' izan behar dute hasiera. Eta esaldi guztiek aditz-izen batez amaitu behar dute. Kontuan hartu behar da, poesiaren lurraldean gabiltzanez gero, esaldiek ez dutela luzeak izan behar. Esate baterako: «Gogoan dut aingeru beltz batekin amestea», «Ahantzi dut zer den zoriontsua izatea». Proposatzen da bosna esaldi idaztea. Gero, aukera bat baino gehiago dago poema osatzeko: «gogoan dut» eta «ahantzi dut» esaldiak txandakatzea, edo lehenbizi «gogoan dut» esaldi guztiak eta gero «ahantzi dut» guztiak, edo alderantziz. Ziur nago poema polita aterako dela.

Bigarren jarduera batean metafora landuko da, 'Erruleta txinatarra' deritzan jolasaren bitartez. Poemaren subjektua hautatu behar dugu lehendabizi. Adibidez, hurbileko pertsonaren bat: ama, aita, maitea, semea edo alaba. Ariketaren lehen fasean metaforizazioa egingo dugu: pertsona hori kolore, animalia, fruta, urtaro, zapore, lore… bat balitz, zer izango litzateke? Dozena erdi metafora horietako bakoitzarekin pentsatutako pertsonari zuzendutako esaldi bat egitea da nire proposamena, bigarren pertsonan. Eta, azkenik, poema gisa antolatu behar dugu. Horretarako, nahi izanez gero, aurretik landutako paralelismo sintaktikoaz balia gaitezke: «Zu zara / sasi artean loratzen den ostargi-belarra / udaberria alaitzeko» eta egitura bereko ahapaldi bat metafora-esaldi bakoitzeko. Zi-rra-ra-ga-rri!

Publicidad

Amaitzeko, antitesia baliatuko duen poema bat. Kontrako esanahia duten hitz-bikoteak bilatu behar dira (sua / ura, beroa / hotza, maitasuna / gorrotoa, zerua / infernua, musika / isiltasuna…). Aurrekoetan bezala, bikote horietako bakoitzarekin esaldi 'poetiko' bat egingo dugu, bi hitzak lotuko dituena («Suak urarekin egiten du amets», «Musikak maitasunaren isiltasuna hautsi du»…). Azkenik, bildutako esaldiak nahieran antolatuz, poema osatuko dugu:

Agur, irakurle

Egarriak ura eskatzen duen bezala,

orrialde zuriak behar du hitzaren itzala.

Ahanzturak memoria garaituko ez badu,

isiltasunak behar du berba bilakatu.

Behialako hasi berria,

oraingo idazle doia.

Noticia Patrocinada

Garaia dut atseden hartzeko,

zeuregaina zara dagoeneko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad