Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joxeme López de Arana
Sábado, 13 de julio 2024, 00:02
Sail honek idazteko zaletasuna piztea du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com
Aurretik, eguneroko motei buruz jaso ditudan mezuak hizpidera ekarrita, lehenengo eta behin eskertu egin nahi dut irakurle askok adierazitako interesa, eta haietatik zenbaitek bidalitako materiala. Idazten hasteko oso bide egokia dela aitortzen didazue eta, banan-banan bidali dizkizuedan iritzietatik harago, bide horretatik jarraitzera animatzen zaituztet hemendik. Egunerokoaren bidea aintzat hartu ez duten irakurleek, berriz, aurkituko ahal dute aurrerantzeko emanaldietan hobeto egokituko zaien molderik.
Noticia relacionada
Joxeme López de Arana
Eta gaurkoa da hurrengo aukera bat. Gutun bidezko literatura idazle gehienek modu batera edo bestera erabilitako baliabidea izan da. Batzuetan, gutun bakar batez eratutako narrazioak dira, 'Tormes-ko itsu-mutila' idazlan anonimoan bezala. Beste batzuetan, gutun ugariz osatutako obrak ditugu, hala nola 'Werther gaztearen arrangurak', Goethe-rena, Erromantizismoari ateak zabaldu zizkioten obretako bat. Kasu honetan, harreman epistolarra norabide bakarrekoa da, Werther-en gutunak bakarrik irakurtzen ditugulako. Beste zenbait kasutan, berriz, gutun trukea aurkezten zaigu, esaterako Choderlos de Laclos-en 'Harreman arriskutsuak' eleberri lubriko ospetsuan, non Merteuileko markesaren eta Valmonteko bizkondearen arteko gutun-trukaketaren bidez ezagutzen baititugu sare korapilatsuan harrapatuta dauden pertsonaia ugarien arteko harremanak. Alabaina, gehienetan, narrazio zabalago baten barruan txertatuta aurkitzen ditugu gutunak, testu ez-literarioak direlako itxurak egiten, kontakizunari sinesgarritasuna eman nahian.
Euskal literaturan, batez ere ipuinetan erabili izan da gutunaren baliabidea. Askorik ez, ordea. Patxi Zubizarretak, adibidez, 'Gutun harrigarri bat' idatzi zuen, haurrei zuzenduta, eta 'Hiru gutun Iruñetik', berriz, helduentzat. Mariasun Landak 'Amona, zure Iholdi' gutun bidezko ipuina du, Iholdi sailean. Bernardo Atxagak ipuin hibrido batean erabili du gutuna, 'Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena' Obabakoak obrako ipuinean, «aurkitutako testuaren argitalpena» delako baliabidearekin uztartuz.
Gutunak ekarpen interesgarri batzuk egin dizkio literaturari. Alde batetik, lehen pertsonaren subjektibotasuna, bestela ere landu ohi dena, nolabait «justifikatuagoa» dago gutunetan. Bestetik, eta sinesgarritasunaren arrazoi berberagatik, igorleak zein hartzaileak ezagun, baina irakurleek ezezagun duten testuingurua berreraikitzera behartzen du gutunak bere etengabeko elipsien bitartez. Efektu hori areagotu egiten da, gainera, gutunak aldebakarrekoak direnetan.
Noticia relacionada
Ohiko gutunek bazuten, garai batean behintzat, topikoz betetako erretorika luze eta zurrun bat, ariketa hauetan alde batera utzi beharrekoa.
Egunerokoarekin konparatuz gero, bietan dago ni-aren eta haren ezaugarrien azalpena, baina gutuna komunikatiboagoa da. Hartzaile jakin bat duen aldetik, lehen pertsonarekin batera, bigarrena ere lantzeko aukera ematen du eta, lehen aipatutako elipsien bidez, jakin-mina sortzeko aukera bikaina eskaintzen du.
Argitu beharra dago hemen bete-betean sartzen ari garela sorkuntza literarioaren esparruan. Gutun literarioaren bidez fikzioaren munduan kokatzen gara eta hor, teknikaren aldetik, garrantzitsua da hasiberriei ikusaraztea gutunean agertuko den ni-a ez dela idazlearena, idazleak narrazioa garatzeko aukeratu duen pertsonaiarena baizik.
Zentzu horretan, gutunaren bideak aukera ematen du pertsonaiaren ikuspuntua erabakitzeko eta haren ahotsean kontatzeko. Pertsonaia bakoitzaren subjektibotasun hori oso garrantzitsua da literatura modernoan, dena ikusten zuen eta dena zekien narratzaile orojakilearengandik urruntzen den aldetik.
Gutun literarioak idazteko bide asko daude, eta gaurkoan haietariko batzuk besterik ez dut aipatuko. Hasteko, aurreko ariketekin lotura eginez, egunerokoan landutakoekin zerikusia duten gutunak aipatuko ditut.
Barne-sentimenduak, adibidez. Irudika dezagun zure pertsonaia bi astez behin terapeutarenera joaten dela, bere aldartearen eta arazoen berri ematera. Hil honetan, baina, edozein arrazoi dela medio, ez du joaterik izan. Idatzi gutun bat zure balizko pertsonaia horrek hilean zehar izan dituen sentipenekin. Esan den bezala, gauza asko erdi esanda edo esan gabe utziko ditu, jadanik ezagunak direlako bien artean, eta horrek eragingo du balizko irakurle batek bere hipotesiz bete behar izatea bidean aurkitzen dituen elipsiak.
Irakurlearen egunerokoarekin loturik, berriz, egiozu gutun bat irakurri berri duzun liburuaren idazleari, zer gustatu zaizun, zer ez, nolako zalantzak izan dituzu, liburua nola hobetuko zenukeen, eta abar adieraziz.
Ohiko topikoak ere oso baliagarriak izan daitezke gutun sortzaileak idazteko. Haietariko bat gerra-frontean itxaropenik gabe dagoen soldaduak maiteari edo amari idatzitakoa izan daiteke. Beste bat, amodio edo desamodio gutuna: zure amodioaren berririk ez duen norbaiti, edo zure amodioari erantzuten ez dion hari; edo maite izan duzun baina dagoeneko maite ez duzunari…
Garai bateko gutunen funtzioa, baina ikuspuntu ironiko batetik: zeure urteurren sonatu bateko festarako gonbidapen kolektiboa, esanez nor gonbidatu nahi duzun eta nor ez, eta zergatik. Bide beretik, zeure azken-nahiak edo testamentua adierazteko gutun irudimentsua: ondasun materialak ez ezik, immaterialak ere (irribarrea, jateko gogoa, herren egitea…) nori utzi nahi dizkiozun eta nori ukatuko dizkiozun, eta zergatik.
Eta posmodernotasun itxura eman nahi izanez gero, modu klasikoan idatzi beharrean, mezu elektroniko gisa edo whatsapp andana moduan ere idatz daitezke gutunok. Baduzu, beraz, zeure sormena zerekin elikatu. Gustura jasoko nuke emaitzaren bat, hala nahi bazenu.
Publicidad
Jon Garay y Gonzalo de las Heras
Julio Arrieta y Gonzalo de las Heras
Equipo de Pantallas, Oskar Belategui, Borja Crespo, Rosa Palo, Iker Cortés | Madrid, Boquerini, Carlos G. Fernández, Mikel Labastida y Leticia Aróstegui
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.