Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Adobestock
Egunerokoak abiapuntu (eta II): irakurlearen egunerokoak
Sorkuntzak hamaika bide (2)

Egunerokoak abiapuntu (eta II): irakurlearen egunerokoak

Joxeme López de Arana

Sábado, 15 de junio 2024

Sail honek idazteko zaletasuna piztea du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com

Hasteko, atzera begiratu eta sail honen lehen emanaldiaren ondorioz abiarazi diren eta berreskuratu diren egunkariak aipatu nahi ditut. Nire helbidera iritsitako mezuak ez dira asko izan, baina irakurleok abian jarri duzuen idazketaren izozmendi-puntatzat hartzekoak dira. Denak eskertzen ditut, noski, eta guztien izenean bakar bat ekarriko dut lerrootara. Emakumezko batena da, adina zehaztu gabea, haren pribatutasuna gordetzeko Uxue deituko duguna. «… Zure artikulua irakurri eta gero aspaldi oparitu zidaten Moleskine koaderno txiki bat bilatzen hasi nintzen eta azkenean aurkitu nuen. Hasieran idatzi nituen nota labur batzuk zituen lehen orrian, besterik ez, eta egun hauetan gehiago idazten egon naiz, eta zertaz idatzi eukitzeko egunean zehar gehiago begiratzen dut jendea eta kalea eta gero gauean idazten dut horri buruz. Lasaitasuna eta poza ematen dit…». Horraino Uxueren ekarpen ordainezina. Mila esker.

Lekukotasun horren haritik, egunerokoen bigarren atalari helduko diot, irakurlearen egunerokoari. Egunkari mota horren berezitasuna, bistan denez, irakurritako literaturari buruz idaztea denez, haren ifrentzutik hasiko naiz, idazlearen egunerokoetatik, alegia.

Urteurrenak hain maite ditugun kultura honetan, Franz Kafkarekin hasiko naiz, duela mende bat zendu baitzen. Bada, Kafkaren egunkariak hogeita bost urte zituela abiatzen dira, eta idazlea hil zen arte iraun zuten. Guztira, orri laurdeneko hamalau kaier ziren eta idazleak bere gogo-aldarte depresiboaren berri eman zuen bertan, baina baditu orobat umorezko ateraldiak eta, batez ere, haren idazlanen ildo nagusien berri, era askotako hausnarketa ugarirekin batera.

Gaurkoan aipatu nahi dudan bigarren egunkaria 'Bizitza lanbide' ospetsua da, Cesare Pavese italiar idazlearena. Han Pavesek Brancaleone hirian konfinatuta emandako aldiaren berri ematen du hasieran, eta gero Turineko, edo Erroman Enaudi argitaletxeko arduradun ibili zeneko lekukotasunak bildu zituen. Esan izan da Piemonteko idazlearen egunkaria «porrotaren autoritateaz» idatzita dagoela, eta baita bere buru-hiltzea geroratzeko eta heriotza uxatzeko izkiriatu zuela ere. Bere buruaz beste egin baino bederatzi egun lehenago, 1950eko abuztuaren 17ko sarrera honela hasten da: «Suizidioak hilketa herabetiak dira. Masokismoa sadismoaren ordez». Hurrengo egunean, egunkariaren azken sarrera hitz durduzagarri hauekin amaitzen da: «Honek guztiak nazka ematen dit. Hitzik ez. Keinu bat. Ez dut gehiago idatziko» (Maite Lopetegiren itzulpenak).

Bitartean, eta gerora ere, beste zenbait idazle handik idatzi zituzten egunkariak: Josep Pla, Max Frisch, Thomas Mann, Peter Handke… Adibide gisara aipatuko dudan azkena, hala ere, Ricardo Piglia argentinar idazlearena da. Gogoeta literario askoren artean, bada behin eta berriro errepikatzen den baliabide (edo behar) bat: alienatu beharra eta hirugarren pertsonan idaztea bere buruaz: «Nire kasuan hauxe esan nezake: hirugarren pertsonan bizi ahal izatea lortu dudanean sartu naiz neure autobiografian». Hortik, noski, bigarren izen-abizenekin osatutako alter ego-a, eta egunkariaren izenburua: 'Los diarios de Emilio Renzi'. Egunkariaren funtzio posibleak aipatzean, berriz, hauxe dio: «Egin eta esan daitekeenaren eta ezin egin eta esan daitekeenaren hara-honakoan, egunkari bat bigarrenarekin lotu beharko litzateke, hau da, ekintza jakin batzuk edo hitz jakin batzuk ezinezko bihurtzen dituzten mugei buruz idatzi beharko litzateke funtsean».

Irakurle-ikuslearen egunkaria

Aipatutako idazle horien eta beste askoren antzera idaztea litzateke orain kontua. Horretarako abiapuntu bat 'Hunkitu ninduen lehen liburua' gaiaz idaztea izan liteke. Hortik aurrera, asteen joan-etorrian irakurritako liburu batek, edo ikusitako antzerki-lan edo film batek eragindako gogoetak edo kritikak idatziz jasotzea proposatzen dizut. Egunkari mota hori, bestalde, irakurle-kluben batean parte hartzeko oharren osagarri izan daiteke. Eta, idatziz egiten denez idazlea, bide kultural horretan sortzen diren ideiez osatutako aforismoren bat, edo ipuin laburren bat, edo bertso-lerro batzuk aterako zaizkizu, zalantzarik gabe. Adibidez, Joseba Sarrionandiaren Gaukarietako zinemari buruzko sarrerek 'Zine Qua Non' dutelarik izena, 2019ko urriaren 29ko sarrera western generoari buruzkoa da, eta hauxe da sortu zaion gogoetaren hasiera: «Ezin dugu ikusi baina, pelikulen amaieran agur esan eta, bizkarra emanda, zaldi gainean sartalderantz joaten ikusten dugun pistolero onari badakizue zer pasatzen zaion 'the end' ezabatu eta pantaila itzaltzean? …».

Bitxia da egunerokoaren kontraesana: teorian pertsonalak eta are sekretuak diren idatziak, horiexek izaten dira irrikarik handienaz irakurtzen ditugunak. Horregatik, horren jakitun, luman jatorria duen 'estilo' hitzak adierazten duen zera baliatuz saiatzen dira idazten egunkari-egileak. Literarioki adierazten-edo.

Hemen amaitzen da, horrenbestez, egunkariari buruzko bigarren eta azken emanaldia. Beti bezala, asko irakurtzeko eta zerbait idazteko gogoa piztu izana espero dut eta, hala nahi baduzu, idatzitakoa bidali eta irakurritakoan erantzun egingo dizut.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Egunerokoak abiapuntu (eta II): irakurlearen egunerokoak