Borrar
«Praktika literarioan ere jardun zuen Rodarik, eta jarduera horren lekukotasun ugari dugu geurean, 1980ko hamarkadaz geroztik». Adobestock
Rodari, fantasiaren bideetatik
Sorkuntzak hamaika bide (5) | Territorios

Rodari, fantasiaren bideetatik

Joxeme López de Arana

Sábado, 28 de septiembre 2024, 00:10

Sail honek idazteko, zaletasuna piztea du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com

Joan den hileko atalean, mikrofikzioari emandakoan, fantastikotasuna izan zen proposatutako jarduera askoren eragingarri. Halabeharrik ez; izan ere, idatz-ariketa haiek Rodari bera zuten oinarri, irudimenaren eta fantasiaren aldarrikatzaile handia izan baitzen joan den mendean.

Gianni Rodari (1920-1980) italiar idazle eta pedagogoa bere testuinguruan jartzeko, jo dezagun hemerotekara. XX. mendearen bigarren herenean hezkuntza sistema autoritarismoak jota zegoen, eta garai hartako aire askatzaile berriek, oso bereziki Vietnamgo gerraren aurkako mugimenduek, Freinet-en proposamenek eta 68ko Maiatzak, aldaketarako giro aproposa ekarri zuten. Eta Rodari izan zen, teorian eta praktikan, hezkuntza eraberritzeko mugarri nagusietako bat.

Teoriaren alorrean, 'Grammatica della fantasia' (1973) argitaratu zuen. Garai hartan artean indartsu zebilen Estrukturalismoari keinu eginez baina mende hasierako Surrealismoa oinarri, 'Fantasiaren gramatika' oximoron erakargarri gisa proposatu zuen egile italiarrak. Liburuaren sarrerako testuaren amaieran, hauxe dio Rodarik: «Espero dut liburuxka hau baliagarria izatea hezkuntza prozesuan irudimenak lekua izan behar duela uste duenari, haurren ahalmen sortzailean sinesten duenari, hitzak izan dezakeen ahalmen askatzaileaz jabetua denari. 'Hitzen erabilera oro, ororentzat' lelo ona iruditzen zait, doinu demokratiko ederra dario. Ez denok artista izan gaitezen, baizik eta inor ez dadin esklabo izan». Eta, hala, hurrengo orrialdeetan helburu hori erdiesteko jarduera ugari proposatzen ditu, zein bere oinarriztapenarekin.

Rodariren obra oso ezaguna da, batez ere Europan eta Latinoamerikan

Praktika literarioan ere jardun zuen Rodarik, eta jarduera horren lekukotasun ugari dugu geurean, 1980ko hamarkadaz geroztik. Orduan argitaratutako 'Jolas egiteko ipuinak', 'Telefonozko ipuinak', 'Eskale txikiak', 'Gelsomino gezurtien herrian' edo 'Tarta hegalaria' haietatik, gaur egunetik hurbilago plazaratutako 'Katu jaunaren negozioak', 'Fantasia jolasak', 'Makinaz idatzitako ipuinak', 'Margolaria', 'Nor naiz ni?', 'Ipuinak nahasten!', 'Zenbakiak asmatzen' izenekoetara, Piemonteko idazlearen obra asko izan dira euskal belaunaldi askoren gozagarri. Haurrei zuzendutako literatura-lan bikainagatik, gainera, 1970ean Hans Christian Andersen Saria jaso zuen, IBBY nazioarteko elkarteak bi urtez behin idazle eta ilustratzaile onenari egiten dien aitortza.

Rodariren obra oso ezaguna da, batez ere Europan eta Latinoamerikan, Italiatik hasita ahotik belarrira eta herrialdez herrialde zabaldu baitzen haren lanaren berri ona. Estatu Batuetan, aldiz, egilea zentsuratua izan zen bizi zen garaian, auskalo zergatik, baina agian zerikusia izango zuen idazlea Italiako alderdi komunistako kide izateak. Kontuak kontu, duela gutxi, New Yorkeko argitaletxe txiki bat hasi da haren obra plazaratzen: 'Telephone Tales' (2020) izan zen plazaratu zuten lehena, eta aurten bertan 'The Grammar of Fantasy' delakoaren edizioa martxan jarri eta dagoeneko osorik saldu dute.

Jarduera fantastikoak

Teorian zein praktikan Rodarik proposatutako jarduerak hamaika direnez, ezagunenak edo interesgarrienak edo 'idazgarrienak' ekarriko ditut hona. Abantaila da, 'Sorkuntzak hamaika bide' honi begira, laburtasuna izatea haren proposamen guztien ezaugarrietako bat.

Rodariren ekarpenik ezagunena, zalantzarik gabe, 'Binomio fantastikoa' da. Elkarrekin zerikusirik ez duten bi hitz aukeratu, eta ipuin batean elkartzea da kontua (oso kontu surrealista, inondik ere). 'Fantasiaren gramatika' liburuaren laugarren atalean, adibidez, 'txakurra' eta 'armairua' proposatzen ditu Rodarik, eta irudimenaren eta fantasiaren makineria abiarazten du ipuinaren balizko izenburuaren bila: 'Txakurraren armairua', 'Armairudun txakurra', 'Armairu baten barruan zegoen txakurra'… Bi hitz horietatik edo zeuk aukeratutako beste batzuetatik abiatuta, zeuk garatuko duzu argumentua eta ipuin bikain bat idatziko.

Eta betiko ipuinekin lotuta, proposatzen duen beste ariketa ezagun bat 'Eta gero, zer?' izenekoa da

Beste proposamen ezagun bat ipuin tradizionaletan oinarrituta dago. Beste abantaila bat da hori, denok dugulako gogoan ipuin horien bertsioren bat. 'Txanogorritxo helikopteroan' du izena, eta, ikusten denez, ipuin ezagun batean elementu arrotz bat sartzea da zeure ipuin berria sortzeko erabili behar duzun prozedura. Binomio fantastikoaren aldaeratzat har liteke, baina oraingo honetan jatorrizko ipuinaren hezurduraren sostenguarekin.

Bide beretik, bi ipuin tradizionaletako pertsonaiak eta bilbeak konbinatzea ere proposatzen du 'Ipuinak nahastu ditzagun' izeneko kapituluan. Edozein ipuin balia dezakezu horretarako, irudimena martxan jarri, eta ipuin berri fantastiko bat sortuko duzu.

Eta betiko ipuinekin lotuta Rodarik proposatzen duen beste ariketa ezagun bat 'Eta gero, zer?' izenekoa da. Esan izan da horrelako ipuinen tranpa bat dela ipuina amaitutzat jotzea gauzak okertzen hasi baino lehen. Horregatik omen dira hain ugariak amaiera zoriontsuak. Bada, ariketa honen funtsa da aukeratutako ipuina amaitzen den (edo amaitzear dagoen) puntutik abiatu eta kontatzen jarraitzea beste amaiera batera iristen zaren arte. Pozik esnatu zen Edurnezuri printzeak musu eman zionean? Ez zen haserrerik gertatu Katu Botadunaren eta markesaren artean? Hanselek eta Gretelek ez zuten diabetesak jota amaituko? Irudimena lantzeko dituzun bideak agorrezinak dira.

Ekiozu, beraz, eta segi idazten (honez gero orri pila mardula bide duzu), 'Sorkuntzak hamaika bide' honen hurrengo emanaldiaren zain egon gabe. Eta emaitzak niri bidali, zure aurrerapenen berri izateko jakin-min handia daukat eta!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Rodari, fantasiaren bideetatik