Borrar
Adobestock
Mikroipuina, literatura kapsulatua
Sorkuntzak hamaika bide (4) | Territorios

Mikroipuina, literatura kapsulatua

Joxeme López de Arana

Sábado, 31 de agosto 2024

Sail honek idazteko, zaletasuna piztea du helburu. Jarraibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbidera bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com

Aurretik egunkaria eta gutuna landu eta gero, beste fikzio mota orobat labur baten eremuan sartuko gara oraingoan: mikroipuin edo istorio hiperlaburrarenean.

Auskalo zergatik, joan den mendean eta Latinoamerikan landu da gehien azpigenero hori. Egile aipatuen eta ezagunena, zer esanik ez, Augusto Monterroso da, Amerika erdialdekoa (Hondurasen jaioa eta guatemalar nazionalizatua). Haren mikroipuinik famatuena, berriz, Gerardo Markuletak euskaratu zuen 1995ean: 'Dinosauruarena' izenarekin. Ipuina gogoan ez duen despistaturen bat balego oraindik, hona testu(txo)a: «Esnatu zenean, dinosaurua hantxe kieto zegoen artean». Erein argitaletxeko 'Milabidai' liburuxka-bilduman plazaratu zen oñatiar itzultzaile emankorraren testu hori, Mario Benedetti, Eduardo Galeano, Julio Cortazar eta Monterrosoren beraren beste mikrotestu askorekin batera −hogeita zazpi, guztira−.

Ipuin delako genero orokorraren ezaugarri klasiko guztiak muturrera eramaten ditu mikroipuinak: fikziozko narrazio laburra; trama soilekoa; pertsonaia gutxi dituena, sarritan izenik gabekoak; espazio-denbora mugatukoa, batzuetan ukronikoa; hutsuneak uzten dituena interpretaziorako; sarritan umorezkoa eta ustekabeko amaiera duena; elkarrizketek ohi baino garrantzi handiagoa hartzen dute, antzerki-gidoitik edo txistetik hurbil; gaietan egunerokotasuna eta harreman pertsonalak, izua eta fantasia darabiltzalarik.

Mikroipuinaren luzera dela eta, 200-250 hitzaren bueltan kokatzen dute adituen iritzi gehienek. Beharbada horregatik, jende asko saiatu da mikroipunik laburrena idazten. Hain zuzen ere, laburrena Monterrosoren dinosauroarena zela esan izan da: zazpi hitz, gaztelaniaz. Ziur asko, euskarazko bertsioa are laburragoa ez izateko, euskal bertsioa ere zazpi hitzetara ekarri zuen Markuletak, zuhurtasunez. Eta akaso horregatik 'kieto' horrek apur bat harritzen du jatorrizkoa ezagutzen duen irakurlea. Noizbait asmatuko zen laburragorik, agian, baina ez zuen dinosauroarenaren itzala lortuko.

Gainerako ezaugarrietarako, azter dezagun adibide kanonikoa. Protagonista izengabekoa ez ezik, ezezaguna zaigu. Nor esnatu zen? Emakumezko bat zen, edo gizonezkoa? Gaztea edo zaharra? Ekintza noiz gertatzen den ere ez dago garbi: dinosauroen garaian ote? (bada, halako ipuin laburra ahoz kontatzen saiatu eta, dinosauroaren ordez, elefantea-edo esan duenik). Esaldi bakarreko 'artean' horrek aurretik zerbait gertatu zela iradokitzen digu. Zer, ordea? Mehatxu moduan ikusten zuen protagonistak 'hantxe kieto' zegoen dinosauroa? Horra hor irakurleak osatu eta interpretatu beharreko hainbat hutsune.

Kontuak kontu, mikroipuinak azken urteotan arrakasta handia lortu duen azpigeneroa da, eta haren inguruan jarduera ugari egin dira: argitalpenak, lehiaketak, irakurraldiak… Gainera, oso baliagarria da irakurzaletzeko eta baita idazketan hasi nahi duen ororentzat ere, hasi idazlegai gazteenetatik eta helduenetara. Horren adibide, Euskara Kultur Elkargoak Nafarroan antolatutako eskola arteko ipuin laburren lehiaketa, dagoeneko hamaika edizio izandakoa, zeinaren irabazleak eta emaitza nabarmenenak Pamielak argitaratutako 'Mikro-ipuinak' izeneko liburuxka batzuetan aurkitu daitezkeen.

Mikroipuinak lantzeko, ariketa ugari

Hasteko, aurreko emanaldietako proposamenekin lotutako mikroipuinak egin daitezke, fantasiaren ikuspegitik. Esate baterako, mikrokapituluz osatutako eguneroko fantastiko bat. Horren giltza, egunerokoaren narratzailea izaki fantastiko bat izatea duzu: ballet dantzaria den katu bat, bere jabeak idatzi nahi duenaren kontrakoa idazten duen arkatz bat, uretatik kanpo bizi nahi duen arrain bat… Mikrogutun bat bada, mezu misteriotsuren bat gordetzen duen bat idatz dezakezu, bidaltzaile edo hartzaile bereziren bat tarteko, umore edo izu tonuan idatzita, beti ere labur-labur.

Aurreko horiek alde batera, baina fantastikotasunari eutsiz, superheroi berriak asmatu eta haien eginak biltzen dituen mikropuin bana sor dezakezu: Jirafawoman, Bakailao Kapitaina, Super Batzoki, eta abar.

Bide beretik, animalia hibridoak asma litezke, eta haiekin istorioak egin: tximigarroa (zortzi garro dituen uretako tximinoa, koralez koral saltoka ibiltzen dena), hipolertsuna (hego zuriak dituen hipopotamoa, oso hegaldi labur eta astunak egiten dituena)…

Edo lanbide fantastikoak dituzten pertsonaien inguruko istorioak: Bizar Urdinen abokatua, hiztegien sendagilea, asteroideen pilotua, marmoten irakaslea, eta beste.

Kontu fantastikoekin loturik proposatuko dudan azken bidea ipuin tradizional ezagunen amaiera berriak asmatzea da. Ipuin horiek oso ezagunak direnez, ez dago testuingurua eman beharrik, eta edozein irakurlek ulertuko du horrela sortutako mikroipuina. Joseba Sarrionandiak 'Edurne zuri' ipuinarekin egin zuen 'Ez gara gure baitakoak' liburuan. Edurne Zuri erregearekin ezkondu zen, baina erregeak zalantzak zituen emaztearen fidelitateaz, eta orduan «serio-serio sartu zen emaztearen logelara, oheko maindire endregatuak erreparatu zituen, sonbreiru gorri arraro bat ikusi zuen aulki gainean, haur erropa koloretsu batzu ere bazeuden zoluan, leihoa hertsirik zegoen, armairu barruan ez zegoen inor, ohepean ere ez. Baina mesanotxearen atexka irekitzean, barruan, izugarri tipia, nano biluzi eta ikaratu bat aurkitu zuen».

Amaitzeko, artearekin lotutako mikropuinak idazteko, berriz, margolan ezagunen batean ezkutatutako istorioa idatz dezakezu. Magritte-ren edozein margolanetan, adibidez, nahi bazenu. Gauza bera egin zenezake beste irudiren batekin: argazki bat, iragarki bateko irudia, liburu bateko ilustrazio bat…

Hainbeste ideiaren artean, baduzu non aukeraturik eta, aurrekoetan zuetariko batzuek egin bezala, niri bidali eta agian hurrengo emanaldian argitaratuko dut.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mikroipuina, literatura kapsulatua