Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Korrikaren 23. edizioa hasi da jada. Euskararen aldeko ekimen erraldoia ostegun honetako 16.00etan atera zen Irundik eta 24an amaituko da Baionan. 2.700 kilometroko bidea egingo du lasterketak, zazpi lurraldeak zapalduta, eta kilometroen salmenta oso ondo joan den arren, «norbaitek benetan korrika egiteko gogoa badu eta berdin bazaio ordua eta lekua, oraindik eskura ditzake», Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak azpimarratu duenez.
Euskararen aldeko martxa Gipuzkoan abiatu da, bertan amaitu baitzen azken Korrika, eta parte-hartzaileek Irungo San Juan plazan eman zituzten atzo lehen oinkadak, 16.00etan. Lehendabiziko egunean Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibili zen Korrika, eta 17.00ak pasatxo sartu zen Hendaian. Gaur, berriz, Nafarroa Beherean murgilduko da Donoztiritik hasita. Eta, Zuberoara igaro eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.
Horren ostean, Nafarroara egingo du jauzi Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera 17.15ean heltzeko. Hiriburua utzita, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.
Noticia relacionada
Jan Echevarría
Horiek horrela, martxoaren 18an Araba aldez alde zeharkatuko du, eta Gasteizera 19.30ean ailegatuko da. 22.00etan, Arabako hiriburuko alde zaharraren txanda izango da Korrikari harrera egin eta jarraipena emateko. Ondoren, Lautadara abiatuko da, 02.00etan Agurain herriburura helduta. Ordurako martxoak 19 izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du Korrikak Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz edota Irurtzunen eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta Gipuzkoa izango da hurrengo herrialdea.
AEK-ko arduradunek azaldu dutenez, Leitza eta Goizueta atzean utzirik, Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20.20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20an izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldean, eta 00.00ak aldera iritsiko da itsasertzera. Oriotik pasa ostean, Zarautz eta Zumaiatik jarraituko du.
Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko (Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar). Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikun aterako da Korrika Gipuzkoatik, 14.11n.
Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren, Ondarroa (15.03), Lekeitio eta Elantxobetik igaroz, Gernikan 23.04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21 izango da Bermeora heldutakoan, 01.31n. Egun horretan bertan iritsiko da Bilbora, 16.59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu eta, gerora, Meatzalderantz joko du, non 23.15 eta 02.00 bitarte ibiliko den.
Bizkaian izango da Korrika martxoaren 22an ere, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko martxoaren 23an, 00.12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, Donostiara 19.22an heltzeko.
23. Korrikaren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta (Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu). Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionara iritsiko da azkenik, 12.30 aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13.30etik aurrera dago aurreikusia.
Aurten ere Korrikak badu aplikazioa, baina aurreko ediziotik hona, guztiz eraberrituta dator. Hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan.
Ibilbideari lotuta, aplikazioak aukera ematen du Korrika zuzenean jarraitzeko. «Furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurrerapenez ala atzerapenez datorren, hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, aplikazioak bilatzaile aurreratua du, erraz ikusi ahal izateko non dagoen edozein herri, eskualde edo kilometro», adierazi dute antolatzaileek. Beraz, aprobetxatu aukera eta gozatu Korrikaren 23. edizioaz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.