Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa
Ane Elordi elkarrizketan. Yvonne Iturgaiz
«23. Korrika indar erakustaldia ere izatea nahi dugu»
Ane Elordi, Korrikaren koordinatzailea

«23. Korrika indar erakustaldia ere izatea nahi dugu»

Ane Elordik bere estreinako urtea bizi du Korrikaren koordinatzaile karguan eta errepideak betetzea espero du. «Lortzen badugu, lan ona egin den seinale izango da»

Miércoles, 13 de marzo 2024

Hogeita hirugarren edizioa abiatu da 16.00etan Irundik, hamar egun iraungo duen euskararen aldeko festa batean murgiltzeko. Eta zenbait ediziotan furgonetera eta prentsa arduradun bezala aritu ondoren, Ane Elordi zornotzarrak koordinatzaile kargua hartu du, Asier Amondoren ordez. Imajinatuko duzuenez, azken ordu hauek «zoramena» izaten ari dira. Hala ere, Bilboko Alde Zaharreko Txakur kaleko AEK-ren bulegoetan hartu gaitu, aurtengo omenduak diren Azterketak Euskaraz kolektiboaz, kilometroen salmentaz, iazko datuez eta euskararen aldeko martxan aurkituko ditugun zenbait sorpresaz hitz egiteko.

-Korrika hasi da dagoeneko...

-Bai, alde batetik bestera ibili gara. Asteburuan furgonetako taldeak osatzen aritu ginen, furgonetak atontzen eta azkenengo kontuak lotzen, izan ere, gauza asko egoten dira ixteko hasieraren aurreko uneetan. Pertsona askok galdetu digute zein den bere kilometroa, askotan jendea ez baita ohartzen antolakuntzaren atzean dagoen tamaina handiko lan horretaz... Halaber, errepidean ere ordu asko pasatu ditugu, eta, gero, hedabide asko artatzen ere bai.

-Euskararen aldeko martxak beharrezkoa izaten jarraitzen du?

-Korrika 1980an egin zen lehenengoz euskararen kontzientziazioa suspertzeko, eta argi dago beharrezkoa dela. Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen erabilera-datuek erakusten dute badagoela nondik ibili... Ezagutza sustatu behar da, erabilera sustatu behar da, eta, bestetik, AEK-k baliabide ekonomiko horiek behar ditu. Izan ere, gaur egun AEK-k ezin du iraun Korrikarik gabe.

«Ordua eta lekua berdin bazaizkizu, kilometroak egon daitezke eskuragarri»

-Otsailaren 1ean jarri zenituzten kilometroak salgai. Nolako harrera izaten ari da 23. edizioa?

-Leku populatuenetan nahiko erraza da kilometroak betetzea. Baina Euskal Herriak baditu desberdintasun asko. Ez da gauza bera hiritik igarotzea ilunabarrean, edo Arabako mendialdetik korrika egitea astelehenetik asteartera bitarteko iluntzean. Aurten oso harrera ona izan dugu, eta jendeak kilometro asko eskatu ditu, baina igandetik astelehenerako gauean, adibidez, oraindik kilometro batzuk plazarik gabe daude Nafarroan. Antzeko egoera gertatzen da Gordexolan, hemen Bizkaian, ostegunetik ostiralera, goizaldeko 06.00etan... Orduan, norbaitek benetan korrika egiteko gogoa badu eta berdin bazaio ordua eta lekua, kilometroak egon daitezke eskuragarri.

-Eta zer egiten duzue kilometro horiek ez badira betetzen?

-Normalean ez dira 4 kilometro jarraian hutsik geratzen, beraz, horrelakoetan erosleak txandakatu egiten dira. Hau da, zuk kilometro bat erreserbatu duzu emozio guztiarekin eta begira zer zorte duzun azkenean bi dituzula korrika egiteko (kar, kar). Ez, txantxak aparte, beti dago norbait prest. Izan ere, nahiz eta jende gutxiko eremua izan, bost edo hamar laguneko taldetxo bat bai egoten dela beti. Argi dagoena da lekukoa ez dela furgonetan sartuko. Hori gertatzekotan, norbaitek hartuko du, edo, bestela, furgonetero bat joango da eta egingo du.

-Asier Amondoren lekukoa hartu duzu koordinazio lanetan. Espero zenuen bezalakoa da antolakuntza barrutik?

-Horrelako ardura bat hartzen duzunean, ez dakit zer espektatiba dituzun. Badakizu oso polita izango dela, jende asko ezagutzeko eta Euskal Herriko txoko ezberdinak bisitatzeko aukera eskainiko baitizu. Eta orain arte lan egin ez duzun jendearekin lan egiteko aukera, noski. Baina, bai, egia da lan handia eskatzen duela eta batzuetan arazoak kudeatu behar dituzula. Hala ere, nik uste dut edizio hau harrera oso ona izaten ari dela jendarteari dagokionez, eta esango nuke gure mezua zabaltzea lortu dugula. Beraz, hurrengo hamaika egunetan errepideak betetzen baditugu, gure lana ondo egin dugun seinale izango da.

-22. Korrikaren amaieran Donostiako Bulevarra jendez gainezka ikustea izugarria izan zen. Zenbat jende mugitzea aurreikusten duzue aurten?

-Korrikan zenbat jendek parte hartzen duen jakitea ia ezinezkoa da. Batzuk sartu, beste batzuk irten, gero beste batzuk gehitu beste hainbat lekutan... Ezin dugu zehatz jakin. Hala ere, nahiz eta 22 edizio hauetan oso ikerketa gutxi egin diren, azken urteetan unibertsitatearekin lotutako hainbat lan argitaratu dira datuei dagokienez, eta 1.000.000 pertsona inguruk parte hartzea aurreikusten da. Donostian 80.000 lagun inguru bildu ginela esaten da, ikusi besterik ez zegoen: hiria erdi kolapsatu zen, Alde Zaharrean pertsiana jaitsi zuten hainbat tokitan... Badakigu Baionara ez dela hainbeste jende hurbilduko, baina neurriz ere ez da Donostia bezalakoa. Dena den, saiatuko gara indar erakustaldi hori berriro ematen. Beste helburuetako bat ahalik eta eragile gehienek parte hartzea da (5.000-6.000 elkarte, erakunde, instituzio, kuadrilla, askotariko taldeak batu dira dagoeneko). Eta kontuan hartu behar dira ere 'Korrika-laguntzaileak', mundu osoan zehar egiten diren beste Korriketako parte-hartzaileak, etab. Parte-hartze desberdinak daude, baina atxikimendu hori erakustea da garrantzitsuena.

-Karmele Jaiok idatzi zuen aurreko edizioko mezu sekretua, aurtengoari buruz zer edo zer aurreratu ahal didazu?

-Beti da sekretua (kar, kar), eta azken egunera arte ez dugu haren edukia ezagutuko, ezta nork idatzi duen ere. Normalean euskalgintzako erreferente bat izaten da horren idazle. Hasiera-egunean arduradunak sartzen du mezua lekukoan, eta hor doa amaiera egunera arte. Baionan jakingo dugu.

Doakotasuna euskara ikasteko

-Leloari dagokionez, 'Harro Herri' da edizio honetakoa. Harro egoteko hizkuntza daukagu, baina askotan euskaraz bizitzeko aukerak falta dira.

-Furgonetan egin ditudan edizioengatik, esan dezaket Korrikan Euskal Herri ideala ikusten duzula. Hamaika egunez Euskal Herri osoa zeharkatzen duzu, hiriburu zein herri txiki. Eta denok euskaraz bizi gara, pozik euskalki desberdinak tartekatuz, eta horrek batzen gaitu, eta harro egoteko arrazoia da. Dena den, norbanakoaren ardura eta kontzientzia oso garrantzitsuak diren arren, instituzioei dagokie eskubideak bermatzea. Eta guk, besteak beste, euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatzen dugu, pertsonen egoera edozein dela ere. Argi daukagu gaur egungo egiaztagintzari lotutako sistema hori irauli behar dela.

-Ez da nahikoa egiten orduan?

-Egin daiteke gehiago.

«Azterketak Euskaraz kolektiboko gazteak eredu dira, eta horregatik jarri nahi genituen zentroan»

-Horregatik erabaki duzue Azterketak Euskaraz kolektiboa omentzea?

-Bai. Sarritan gazteak ditugu jomugan: «Askok ez dute euskaraz hitz egiten, ez dute ardurarik hartzen», diogu. Baina gazteek helduengandik ikusten dutena egiten dute. Hau da, aldaketa norbanakotik hasi behar da, besteengan eragiteko, eta filosofia hori kontuan hartuta, Azterketak Euskaraz kolektiboa omentzea erabaki genuen, gazte horiek direlako egitasmo garrantzitsu honen bultzatzaileak. Laudagarria iruditzen zaigu 14-15 urteko neska-mutil hauek Bordeletik bost eguneko bizikleta martxa bat antolatzea, azterketak euskaraz egin nahi dituztela aldarrikatzeko. Kontzientziazio hori Euskal Herri osora zabalduko balitz, asko aurreratuko genuke. Nik 33 urte ditut eta ikasketa guztiak euskaraz egin ditut, azterketak ere bai. Ez dut zalantzan jarri hori beste modu batera izan zitekeela. Orduan, gazte hauek eredu direla uste dugu, eta horregatik jarri nahi genituen zentroan eta errekonozimendua egin.

-23. edizio hau, gainera, oso une garrantzitsuan iritsi da, hizkuntza-eskakizunei buruzko azken epai judizialen ondoren.

-Oldarraldi judizial hauen aurrean adi egon behar dugu eta erantzuna kaleetan ikusi behar da. Azaroaren 4ko manifestazioa beste mugarri bat izan zen euskalgintzarentzat, eta ezin ditugu ahaztu herriz herri ere egin diren elkarretaratzeak. Beraz, Korrika indar erakustaldia ere izatea nahi dugu.

-Hainbeste trabak eragin dute euskaldunok konplexuak izatea?

-Nik baietz uste dut. Ez bakarrik euskaldunok, baizik eta hizkuntza gutxituetan bizi garenok. Aberasgarria da hizkuntza bat baino gehiago jakitea, baina gu euskaldunak gara eta argi dugu borroka hori egunero egin behar dugula. Ez da erraza, baina aurre egiteko unea da. Eta euskara gure hizkuntza bada, euskaraz bizitzea ere gure eskubidea da.

«Korrikak berak gogorarazten digu gutako bakoitzak leku bat duela gure komunitatean»

-Eskubide horren mesederako, nola animatuko zenuke jendea Korrikan parte hartzera?

-Nik uste dut Korrika emozioetatik bizi den zerbait dela, eta hori beharrezkoa dela kontzientziaziorako. Ni zergatik naiz euskalduna? Euskara nirea sentitzen dudalako eta herri hau eraikitzeko beharrezko hizkuntza delako. Korrikak berak gogorarazten digu gutako bakoitzak leku bat duela gure komunitatean. Eta, nire ustez, hori aberasgarria da. Hori esanda, edozein herritar dago gonbidatuta.

Eragin psikologiko positiboak

-Gainera, Jon Zabala Arando ikertzaileak Korrikan parte hartzeak ongizate sozialean eta pertsonen ahalduntze kolektiboan eragin psikologiko positiboak dituela zientifikoki frogatu du.

-Bai, berak erakutsi du Korrikan parte hartzea onuragarria dela ongizaterako, eta nik uste dut ikerketa hori oso positiboa izan dela, Korrikaren partaideok hori sentitzen genuelako, emozioak bizitzen genituelako, baina ez genuen hitzik hori adierazteko. Eta ikerketa horren emaitzak ezagutzean, pozgarria izan zen guretzat Korrikatik ekarpentxo hori egiten dugula baieztatzea.

-Sorpresarik izango dugu aurtengo edizioan?

-Korrikak beti dauzka sorpresak. Eta, nire ustez, sorpresak izaten dira parte hartzen duten eragileek egiten duten ekarpena. Aurten, esate baterako, traktoreren bat egongo dela aurreikusten da, eta gero urtero errepikatu baina oso politak diren kilometro bereziak eskainiko dira: Lusaideko Bolant dantzariena, Lekeitioko Deabruen su erakustaldia, etab. Gero, eskertzekoa da urtero furgonetako jendearengana janaria eskainiz, eskerrak emanez... hurbiltzen diren pertsonak egotea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «23. Korrika indar erakustaldia ere izatea nahi dugu»