Miren Billelabeitia
Viernes, 8 de marzo 2024
Otsailaren azken asteko astelehen buruzurian wasapa heldu zitzaidan egurdatean ohar larriaz. Irakasle izan nintzen institutukoek laguntza eskatu nahi zidaten. Martxoaren 8rako ba omen zuten mahai inguru bat antolatuta 12-13 urteko ikasleentzat emakumeak eta kirola gai hartuta. Baina, tamalez, azken orduan arazoren bat sortu eta ekintza bertan behera geratu zen. Ez zekiten zer jarri ordez hain epe laburrean. Itaundu zidaten ea nik ote nuen zerbait buruan erraz eta ondo egin zitekeena. Bat batean ez zitzaidan ezer bururatzen, zurrun antzean geratu eta erantzun ere ez nion egin oharrari. Darmouth-eko unibertsitateko Annabel Martin irakasle lagunarekin nintzen une hartan eta nire harridura adierazteko baino ez nintzela gai aipatu nion; azken orduko irtenbide urritzat ikusten nuela nire burua, ez zitzaidala estualdi horretan ezer bururatuko. Ohikoa da nigan ezusteko gunean burua hutsik izatea, baina apurka-apurka, ezetz argia erabakita nuela, burutapen bat hasi zitzaidan bide egiten gogoan.
Publicidad
Lehen euskal emakume idazleaz oroitu nintzen. Ez da harritzekoa, urte luzetan Hizkuntza eta Literatura irakasle izanda bururatzen zaizkidan sormen ekintzek beti dute lotura estua Literaturarekin
Noticia relacionada
Ba ote zekiten gaztetxoek nor izan zen euskaraz sortu zuen lehen emakumea? Jabetuko ote ziren emakumeek ere idazten zutela, olerkari zirela duela ea 500 urte? Ez dut uste, adin horretan lehen euskal liburua 1545ean atera zela eta Bernat Etxeparek idatzitako olerkiz osatua dagoenik ere du askorik jakingo. Zelan orduan garai hartako emakume baten izenaz oroitu?
Bada iruditu zitzaidan euskal emakume idazleek euskal literaturan eta olerkigintzan egindako bidaiaz jabetzeak ere merezi zuela; azpimarratu behar genuela gizon idazleen parean bazirela emakumeak, askoz gutxiago izanda ere, eta guk egin ezean, nork egingo bestela?
Banituen buruan izen batzuk, ez asko, jarduera erraz baterako ezin baitzen oso zerrenda luzea izan. Estibaliz Sasiolakoa zen lehena, XVI. mendeko olerkaria. Orain gutxira arte ez dugu bere berririk izan eta egun, oso urria da hartaz dakiguna. Badirudi Debako heriotza agirietan Estivaliz de Sassiola bat aipatzen dela 1611an. Bere jaiotza datarik ezin jakin Debako parrokiako bataio liburua 1550ean hasten baita, beraz, olerkaria urte hori baino arinago jaio bide zela uste dute adituek. Eta nondik-nora heldu da bere berri? Bada 2004an Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen Lazarraga Eskuizkribuan aipatzen delako. Eskuizkribuak biltzen dituen orrien artean badira sei paper-koaderno. Azkenak, 'De la señora Maria Estivaliz de Sasiola' idazpurua du eta zortzi poema biltzen ditu. Ikerketen arabera Joan Perez Lazarragakoak gutxi gora behera 1567tik 1602ra artean idatzitako lanak kopiatu zituen bere eskuizkribuan, bitarte horretakoak dira Estibaliz Sasiolakoaren olerkiak.
Eta zeintzuk dira bere poematan duela 450 urte inguru zerabiltzan gaiak, bere buruan zerabiltzan eleak? Heldu zaizkigun olerki gutxitan maitasun kezka da nagusi. Bada olerki ironiko eta isekaria, 'Lecu on bat da Escocia', soldaduska ez egiteko diru truke lizentzia lortu duen jauntxoaren ahuldade eta koldarkeria salatzeko idatzia eta Belagai Butroeko andrearen goraipamen poema. Baina badira maitemindurik dagoenaren gogoetak, maiteari ate aurrean arreta eske eginiko negarra, maitea ikusteak ematen dion poza, hura deskribatzeko eta goraipatzeko poema eta herri tradiziozko koplen itxurako maitasun atsekabez eta goibeltasunez beterikoa ere:
Publicidad
«Mendi altuan erurra daidi,
aran baxuan eguzki;
mendi-aranak gustiak baino
ene koitaok naguzi.
Ikaz laztan ninduan donzella batek
aurten nai ez ekuzi;
laster kanbiatu ninduan
deseo ebenagaiti.»
Gutxi gora behera 230 urteko jauzia egin behar dugu hurrengo emakume idazlearen lanarekin topo egiteko. 1804an Bizenta Mogelek Ipui onak argitaratuko du hogeita bi urteko gaztea zela. Aitzindaritzat har daiteke idazle hau: alde batetik ez zuen Estibaliz Sasiolakoaren berri izango Lazarraga Eskuizkribuan bildutako olerkiak XXI. mende hasieran aurkitu zirelako; bestetik alegiak euskarara ekarri zituen lehenengo idazlea izan zen; eta azkenez literaturaren gizarte-inguruaren berri ematen digu. Ipui onak arrakastatsua izan zen euskal literaturaren giroan izan dituen argitalpenek erakusten dutenez. Bizenta Mogelen lana euskal Ilustrazioaren emaitza izan zen.
Bere liburuak oso irakurle zehatzak ditu helburu, gaztetxoak eta nekazariak zituen buruan idazterakoan. Irakatsi egin nahi zuen alegien bidez. Xabier Etxanizenen iritziz Bizenta Mogelen lana haurrentzat euskaraz idatzitako lehen obra didaktikoa izan zen, baina ez zen mugatu Esoporen alegiak itzultzera, zenbaitetan bere iritzia ere eman zuen helburu didaktiko eta morala argiago utziz. Gizarte-ordena mantendu behar zuen anaitasun orokorra irakatsi nahi zuen antza. Baina idazlanaren hitzaurrean adierazten duenez oso argi du aurreiritzi ezkorrak erruz zabalduko direla irakurleen artean liburuaren egilea emakume gaztea dela ohartutakoan. Horregatik idazten du 'Irakurle euskaldunari' aitzin solasean:
Publicidad
«Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurkean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea. Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunak argiratu dituzten Ipuiak? Nolako arrotasuna berriz latiñezko itzkuntzarekin liburu onen asmoa agertzea? Orretarako bear litzake jakitea Euskera, Gaztelania, eta Latinezko iru izkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa bategan!
Naiz sinistu, naiz ez, esan bear det, gaztetxoa nintzala irakurri ta azaldu oi nituela Fedroren latiñezko ipuiak; artu oi nuela atsegin guziz andia enzunaz (...) Zortzi urte nituenean ekusirik nere neba, edo anaia ikasten asi zala gure Osabarekin Latiñezko izkerea, jarri zitzatan buruan ikasi bear nuela nik ere. Ala, buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, ta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela, irten nuen nere asmoarekin, Virgilioren itzneurtu, ta apainduetan gozatzen nintzala.»
Publicidad
Haurtzaroko pasarte gozoa azaltzen du erakusteko agindu ez harrotasunik gabe neskatoek erraz eta atseginez ikas dezaketela latina zein latinez idatzitako klasikoen lanak beren nebek bezain ondo. Eta idatzi ere egin dezaketela idazlan on eta atseginik beste edozein idazlek legez, neba izan ala ez.
«Obe ez ote da, emakumea banaiz ere, igarotzea orduak onetan zer janzi-berri dan gora ta beera aitatzen baño? Jakiteak ez du eragozten birtute andi batera igotzeko.»
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.