Borrar
Miren Agur Meabe, Sorne Unzueta, Amaia Lasa, Bizenta Mogel eta Estibaliz Sasiolakoaren erretratu eta argazkiak.
Emakumeen azalean idatziz (II)
Territorios | Martxoak 8

Emakumeen azalean idatziz (II)

Lau mende eta erdi igaro dira lehen euskal idazle emakumearen olerkiak eskuizkribu baten jarri zirenetik. 450 urte horietan aitzindari izan dira emakumeak bere olerki eta idazkietan. Estibaliz Sasiolakoa, Bizenta Mogel, Sorne Unzueta, Amaia Lasa eta Miren Agur Meabe lehenak izan dira bai idazle legez, bai aukeratu zituzten gaiengatik. Ausartak izan dira ikuspegi ezohikoak zabaltzean.

Miren Billelabeitia

Viernes, 8 de marzo 2024, 21:23

Ezin jakin Sorne Unzuetak Bizenta Mogelen alegiak ezagutu zituen, baina lehen idazlanak argitaratu zituenean ea 120 urte ziren igaroak, 'Comentando' 'Aberri' aldizkarian 1923an. Zazpi urte igarota argitaratu zituen beste lan bi 'Euzkerea' aldizkarian, eta 1931an Euskal Olerkigintzaren Berpizkunde garaia indartsuen zegoela, olerkiak argitaratzen hasiko da. Olerkietan, narrazioetan eta artikuluetan argi ageri da idazlea gizarte arloan zegoela konprometitua, eta gizarte arlokoa dela poesietan ere gai nagusietako bat. Horren harian argitaratuko du 'Euzkerea'-n 1931an 'Itxartu, Eusko Alabea!':

«Ortzia garbi ta oztin

dakusku, sorkaldean

argi gorri biguntxua

zabalduten hasi da.

Itxartu, eusko alabea;

jagi, ba, emakumea!

Bizenta Mogelentzat bezala irakaskuntza ardura garrantzitsua izan zen Sorne Unzuetarentzat. Irakasle zen Bizkaiko Aldundiak sortutako eskoletan bere irakaslana euskaraz eginik. Baina horrez gainera oso argi zuen bere garaiko gizartearekiko ardura eta erantzukizun politikoa. Ardura horren bultzadaz egingo dio deia euskal emakumeari politika mailan bere ekarpena egin dezan:

«Eta zu ondino lo zagoz,

ene ahizta kutuna?

Ez zaitu, ba, ondino itxartu

lanaren zarateak?

Itxartu eusko alabea,

jagi, ba, emakumea!»

Olerkariaren ahotsa hurbila da, lehen pertsonan eskaintzen dizkigu poema asko, barnetik zuzen aterata legez. Olerki honetan aldiz, erraietatik ateratako garrasia indar betean zuzentzen du emakumeen buruetara. Beste hainbat olerkitan idealaren mailan adierazi duena, neurri batean lor ezina edo lortzeko zaila legez agertu duena dei indartsu bilakatu du orain emakumeen bihotzetarantz:

«Zuk hazitako semeak

zuk egindako ikurriñak

lortu-iragarriko dabe

Euskadi-askatasuna.

Itxartu, eusko alabea;

jagi, ba, emakumea!»

Sorne Unzuetaren ustez emakumeak zeregin handia du gizartean eta aberriaren aldeko lanean, ezin du dena gizonen eskuetan utzi. Baina idazlea ez dago bakarrik zeregin honetan, bere ustez emakumeak 'Emakume Abertzale Batza' erakundearen bidez egin behar du lan, beste emakumeekin batera literatura, irakaskuntza, gizarte eta politika arloan. Tamalez 1936-1939ko Guda Zibilak eta ondorengo erbesteratze eta euskal kulturaren zapalketak itzali egingo du emakume idazle eta bultzatzaile hauen lana gehien baten. Sorne Unzuetak ostera, idazten eta gutxika gutxika argitaratzen jarraitu zuen erbestetik ere.

Noticia relacionada

Oroitzen dut orain, 2020ko martxoaren hasieran ikasle nituenak irakurri zidatela olerkia txandaka ikas saioa hasi aurretik. Borobilean jarri eta niri erdian kokatzeko esan ostean olerki luzearen ahapaldiak binaka irakurriz eskaini zizkidaten. Emakumeei egindako deia eta bultzada zen bere ahots gazteetan, nik aurreko asteetan egin nizkien olerki irakurketak eredu hartuta.

Gerra Zibilak eten zuen euskal literaturaren eta emakumeen eskubide eta idazki ederren Pizkunde hari hura, eta ez zen berreskuratu diktadorea hil eta diktadura garai latza bukatu arte. Gurutze-bide ilun hura bukatu aurretik ordea, Amaia Lasaren ahotsa jagi zen ozen sasitza arantzatsuen artetik. 'Poema bilduma' argitaratu zuen 1971an eta 1977an 'Hitz nahastuak'. Azken hau izan zen nik euskaraz emakume olerkari bati irakurri nion lehen liburua eta ez dakit bere garaian ondo ulertu ote nizkion liburu gorri hartako orri zurietan marraztutako kezka eta zalantzak:

«Ez emakume

ez ama

ez eme

izan ezinik.»

Tirabira, garrasi, lehia eta borroka une haietan ebazteko, zer ginen gogoetatzeko eta egoera zein garaietako mugez jabetuta erabakiak noiz eta nola hartuko genituen hautemateko larritasunean murgildurik, ez dakit zer ginen asmatzen genuen ezetzaren bide estuan bultzaka:

«Emakumetasunean

amatasunean galduak,

libertatearen ordez

segurantzari helduak.

Ez emakume

ez ama

ez eme

ezin izanik

igarotzen genituen

gure egunak.»

identitatea jainko guztien gainetik jarririk argitasunaren hegi zabalera atera nahian.

Miren Agur Meabek hamaika urte geroago atera zuen bere lehen liburua, «Uneka… gaba» (1988), beste hamaika urte ondoren 1999an poesia, «Oi, hondarrezko emakaitz», eta XXI. mendearen hastapenetan «Azalaren kodea» (2000). Ordutik hona ugariak eta askotarikoak dira bere idazlanak; halakoak izan dira lortu dituen sariak eta duen ospea ere. Bere idazki bat aukeratu behar banu, azkenengo idazlanak baino «Azalaren kodea» hautatuko nuke. Arrakasta berezia izan zuen poema bildumak eta orduan irakurri genuenok ezin izan dugu ahaztu sentimenduen eta emakumearen erotismoaren hizkuntzatik haratago dagoen kode berri bat eskaini eta sortu duela emakumearen identitatean sakonduz; gorputzaren, haragiaren eta azalaren hizkera berria azaleratzen du bere olerkietan:

«OHAR LABURRAK - 1

Atzo izara bat erre zitzaidan.

Erre egin nuen lisaburdinaz.

Ogi xigortuaren koloreko triangelua estanpatu nion

telebistaren erruz.

Beti izaten dut piztuta sukaldeko telebista txikia

arropa lisatu behar dudanean:»

Bide arrunt samarra irekitzen dute poetaren hitzek, egunero gertatzen zaiguna, duela hogeita lau urte egunero gerta ohi zekigukeena. Baina anitz urte ederretan dirauen bideak hurbil gaitzake inolako babes ez aterperik gabe lehen bezain orain jotzen diguten ukaldietara; borroka latzaren ahutzetara:

«gerrako haurtxo beltz bat

ama hilaren titia miazkatzen ari zen.

Ilezko korapiloa egin zitzaidan eztarrian.

Ez zait ahaztuko,

esneak sujetadorea umeldu zidan eta.»

Lau mende eta erdi igaro dira lehen euskal idazle emakumearen olerkiak eskuizkribu baten jarri zirenetik. 450 urte horietan, azken 25 urtetan izan ezik aitzindari izan dira emakumeak bere olerki eta idazkietan. Lehenak izan dira, ezohikoak bai idazle legez -aurretiaz ez zelako emakume idazlerik edo aurrekoaren lanetatik hurrengoarenera urte luzeak igaro zirelako eredurik gabe-, zein bere idazlanetarako aukeratu zituzten gaiengatik. Ausartak izan dira guztiak bere buruak eta bihotzak irekitzean, gai berriak eta ikuspegi ezohikoak zabaltzean.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Emakumeen azalean idatziz (II)