Joxeme López de Arana
Sábado, 11 de mayo 2024, 00:39
Hemen hasiera duen sail honek idazteko zaletasuna piztea du helburu. Argibide erraz gutxi batzuen bidez, eta zenbait adibide tarteko, gogoa duen edonork izango du bere lehen testuak idazteko aukera. Gainera, irakurleek aukera izango dute idatzitako testuak niri bidaltzeko, eta nik, trukean, haiei buruzko iritzia emango diet. Beraz, nahi izanez gero, nire helbide honetara bidal daitezke sortutako lanak: joxemelopezdearana@gmail.com
Publicidad
Lehengo batean, sakelako telefonoaren eguneraketa horietako baten ondorioz, 'Diario' izeneko aplikazio berri bat ezarri zen nire baimenik gabe. Zer ote zen jakin nahian, hura zabaldu eta hauxe zen agertzen zen lehen mezua: «Hasi eguneroko bat idazten. Sortu zeure egunerokoa. Ukitu plus botoia hasteko». Gerora, nik ezertxo ere egin gabe, baina aplikazio horrek nonbait non ibilia nintzen ondo jakinda, idazteko proposamenak helarazten hasi zitzaidan: «Idatzi zerbait Bartzelonara egindako bidaiaz». Eta ni, harri eta zur, han sartu, eta hantxe neukan kurtsorea dirdiraka, zer idatziko nuen zain, baina hartarako inolako norabiderik eman gabe.
Nik, ordea, badakit eguneroko edo egunkari mota asko daudela, eta bakoitzak bere funtzio eta ezaugarriak dituela. Gaurko honetan, hasteko, eguneroko 'pertsonala' dei genezakeenarekin hasiko naiz. Halakoak idazteko ohitura zabalduago dago herrialde batzuetan beste batzuetan baino. Herrialde anglosaxoietan, esaterako, gaztetxoei kaiertxo bat oparitzeko ohitura izaten da, haiek han beren eguneroko bizikizun eta gogoetak idazteko. Eguneroko horiek, pertsonalak bezainbeste, sekretuak ere badirenez gero, zeharka baino ez dugu haien berririk.
Bestela ere, egunerokoaren egitura literatura egiteko baliatu da eta, hala, egunkari-sarreren adibide asko ditugu, eskuarki 'Egunkari maitea:' hasiera badaezpadakoarekin. Ironiaz eta umorez ere erabili izan dira horrelakoak; adibidez, Sue Townsend idazle ezagunak hasiera hau eman zion 'Adrian Moleren egunkari ezkutua' gazte-eleberriari: «Urtarrilak 1. Osteguna. Jaieguna Ingalaterran, Irlandan, Eskozian eta Galesen. Hona hemen nire asmoak Urte Berrirako: 1) Kaleak zeharkatzen lagunduko diet itsuei. 2) Prakak behar bezala zintzilikatuko ditut. 3) Diskoei azalak jarriko dizkiet. 4) Ez naiz erretzen hasiko. 5) Ez dut granorik lehertzen jarraituko. 6) Ondo tratatuko dut txakurra. 7) Behartsu eta ezjakinei lagunduko diet. 8) Bart gauean behetik zetozen zarata nazkagarriak entzun ondoren, sekula alkoholik ez edatea ere zin egin dut.» (Iñaki Mendigurenen itzulpena).
Euskal literaturan gutxi landu da egunerokoaren baliabidea eta, landu dutenen artean, Joseba Sarrionandia da azpigenero horren zaleena. Egunkariaren egituran idatzita dago, kasurako, 'Ni ez naiz hemengoa', data sarrera bakoitzaren amaieran jarrita, nahiz eta liburu hura beste asmo batekin idatzi zen. Denboran hurbilago, egunkariaren aldaera bat entseatu zuen, «gaukaria», eta eredu horretan idatzi 'Habanako gaukaria' osatzen duten hiru liburukiak ('Bizitzea ez al da oso arriskutsua?', 'Airea ez da debalde' eta 'Gauzak direna balira'), egunen joan-etorrian idazleari sortutako gogoetak biltzen dituztenak.
Publicidad
Egunerokoa izaten da idazten hasi nahi dutenentzako abiapunturik egokiena, begi-bistako arrazoi batzuengatik: beste ezeren gainetik, norberaren esperientzian dutelako sorrera; sarrera laburrak onartzen dituelako; bizikizun edo pentsamenduari atxikita idatzi ohi direlako; irizpide kronologikoari jarraitzen diotelako… Egokia da gaztearentzat, barrenak atera eta pil-pilean dituen sentimenduak plazaratzeko. Egokia da zaharrarentzat, egunerokoan ikusten, egiten eta pentsatzen dituenak jasota eta gogoan izateko. Egokia da edonorentzat, esperientzia hitzaren bidez adieraztea aberasgarria ez ezik ezagutzaren oinarria delako.
Gauean idatzi ohi da egunkaria, atzera begiratu eta egunean zehar izandako gorabehera esanguratsuenak gogora ekartzen diren unean. Baina egunean zehar ere idatz liteke, kaiera aldean daramazula, atentzioa eman dizun horri buruzko iruzkina han eta hemen jasoz. Horregatik, estiloaren aldetik, askotan lokailurik ez duten esaldi laburrez osatzen dira egunkariak, sarritan aditza eliptiko dutenak, inpresioak direlako kontatzen direnak. Aditzaren aldiaren aldetik, horrenbestez, orainaldi puntualak eta orainaldi bukatuak izaten dira ohikoenak. Adibide moduan doan testu-zati honetan, Anne Frank-ek gogoeta metaliterario bat egiten du bere Egunkari famatuaren hasierako orrialdeetan: «Larunbata, 1942ko ekainak 20. Oso sentsazio bitxia da benetan, ni bezalako batentzat, egunkaria idaztea. Ez inoiz idatzi ez dudalako bakarrik; baizik eta iruditzen zaidalako geroago ez niri ez beste inori ez zaizkiola interesatuko hamahiru urteko eskolako neska baten koitak. Baina horrek ez dio axolarik, gogoa daukat idazteko, eta, gehiago, gauza mordo bati buruz buruan ditudanez behingoz egia esateko.» (Josu Zabaletaren itzulpena).
Publicidad
Bakoitzaren bizitza ertzez beteta dagoen aldetik, egunerokoaren gaiak ia agortezinak dira: egoera pertsonala, gertatutako anekdotak, denboraren joana, haserreak, maitemintzeak, lekukotasunak…
Hala ere, bada aipatzea merezi duen egunerokoaren aldaera berezi bat, berezko azpigenero bihurtu den neurrian: bidaia-kaiera. Egin behar duzun bidaiaren antolaketarekin batera, ez ahaztu koadernotxo bat hartzea, hartan egunez egun ikusi eta bizi izandakoak jasotzeko. Inpresioak izan daitezke, edo kontakizunak. Baina eguneroko mota honetan espazio gehiago har dezakete narrazio eta deskribapenek: hiri- edo natura-inguru baten nolakoa, bisitatzen ari zaren lekuan bizi direnen ezaugarriak eta haien historia, eta abar.
Honaino esandakoek zure idazteko gogoa piztu izana, horixe espero dut. Ekin eta eman hasiera eguneroko bati, edo jada hasita zeneukanari hautsa kendu eta eman segida. Adiktiboa da, ikusiko duzu. Eta, hasieran esan dudan bezala, nahi izanez gero eta pertsonalegia ez bada, bidali niri eta neure iritzia emango dizut.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.