Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu ezean jakina zen Mariano Rajoy kanporatu zuen zentsura mozioaren aldeko blokeak daborduko ez zuela aurrera egiterik. Gobernua saiatu da bere esku zeuzkan bitartekoak baliatuta horri begirako elkarrizketa bideratzen, oso bestelako joera bateko kontu publikoak lantzen eta adosten. Eta hitzartu zituen ardatz nagusiak Podemosekin. Hori zelako lehen urratsa gehiengo osoaren langa gainditzeko, aukeraren bat izateko. Baina Kataluniako egoerak egin du ezinezko hango nazionalistekin negoziatzen hastea ere, preso dauden buruzagi independentistenganako keinu judizialak eskatzen dituztelako. Espainian botereen artean dagoen banaketa badaezpadakoa gorabehera, Estatuaren abokatuarena ez zaie nahikoa iruditu —sedizioa egoztea, eta ez matxinada—, Fiskaltzak azken hau leporatzen baitie oraindik.
Publicidad
Zaila da jakitea zertan egingo duen hobera Kataluniako egoerak hauteskundeak aurreratuz gero, baina hori PDeCATek eta ERCk erantzun beharko dute. Auzia enkistatuta dago, eta azken hilabeteotako urratsak formalak baizik ez dira izan. Generalitatearen menpeko Iritzi Ikerketen Zentroaren azken inkestaren arabera, gora egin du pitin bat independentziaren aldekoen zenbatekoak, nahiz eta ez den biztanlegoaren erdira heltzen. Sakoneko arazo politikoak pil-pilean dirau, beraz. Baina nekez lortuko dute alderdi subiranistek testuinguru egokiagorik saiakera eraginkorrik egiteko, elkarrizketa mugara eramateko, barruko zein kanpoko orekak aintzat hartzen dituen irtenbideren bat bilatzeko.
Tentsioaren estrategiaren alde egiteko tentazioa dutenek jakin behar lukete horrek munstroak sor ditzakeela, zirt edo zarteko jarrerak elikatzen diren neurrian. Eta Kataluniako arazoa ez da kanpora begirakoa soilik, barrukoa ere baita. Hori egoki kudeatzetik, egungo errealitateak ahalbidetzen dituen gehiengo sendoak osatzetik eta zubiak eraikitzetik loratuko dira gerturatze-prozesuak, jauzietarako nahitatezko diren konplizitate politikoak. Aurrekontuak negoziatu eta onartzen saiatzeko ahaleginei uko egin eta egungo legealdia aldez aurretik amaitutzat emateak ulergaitz egiten du zentsura mozioaren alde PDeCATek eta ERCk egindako apustua, Kataluniari begira behintzat antzua izango delako azkenean. Beti dago errua besteari leporatzerik edo alderdi barruetako gehiengo aldaketetan arakatzerik, baina arazoaren tamainako ardura politikoa ere behar izaten da honelakoetan.
Ez du ematen atzera-bueltarik dagoenik. Podemosek ere amore eman du, eta presidentegaia aukeratzeko primario prozesuari ekin dio jada. 84 diputatu sozialisten bakardadea ikaragarria da eta ez dago lege-dekretuz gobernatzerik, hain da nahasi eta hauskorra egoera. Mahai gaineko erronkak itzelak direnez —egoera ekonomikoa eta Kataluniakoa, batik bat— askoz gobernu indartsuagoa behar da horiei aurre egiteko, proiektu landu eta bideragarria ehuntzeko. Sánchez saiatuko da azken hatsera arte jarraitzen, baina oxigenorik gabe dabil daborduko, agenda sozialekoetan eraginda gehixeago iraun gura arren.
Ez du zentzuzkoa ematen hauteskunde orokorrak ere maiatzaren 26ra eramatea. Bost hautestontzi jarri beharko liratekeelako —Kongresukoa, Senatukoa, Europakoa, foru bozetakoa edo autonomikoetakoa eta udaletakoa— eta nahaspila horrek ez duelako eztabaida politiko serio eta mailakatua ahalbidetuko. Beraz, litekeena da Sánchezek aukeratutako eguna lehenagokoa izatea; 'tempus' politikoen ikuspegitik, ia berehalakoa.
Publicidad
Hauteskunde deialdiaren ostekoei begira, zaila ematen du egungo buruzagiekin aliantza politikoetan aldaketa handiak izatea. PSOEk eta Podemosek osatuko dute ardatzetako bat, Sánchezek eta Iglesiasiek jarraitzen duten artean. Euren arteko harremanean sakondu dute azken bost hilabeteotan eta badituzte gutxienekoak horri eusteko. Dena den, politika ekonomikoaz gaindi —emaitzen araberako indar-erlazioak zehaztuko du arlo honetan zer nabarmentzen den—, lurralde egiturak lehentasunetakoa behar luke edozein batuketa aurrerakoi gauzatzekotan, nazio izaerako erkidegoen egungo deserosotasunari erantzuteko, deszentralizazio prozesua beste maila batera eramateko. Azken honi ekitekotan egin ahal izango dute topo EAJrekin, esaterako.
Aurrean dagoena PP eta Ciudadanosen arteko batuketa gero eta begibistakoagoa da. Bien arteko lehia argitu ostean ez dute zalantzarik izango osagarri agertzeko eta, beharrezko balitzaie, ezta eskumaragokoekin lankidetzan aritzeko ere. Albert Riverak beste behin proposatu du bozen %3 lortzen ez dutenak Kongresutik at uztea. Ez da kasualitatezko burutazioa: azken hauteskunde orokorretan ERCk Estatu mailako bozen %2,63 bildu zituen; PDeCATek, %2,01; eta EAJk, %1,2. Horiek dira kanpoan gura dituenak, muga antidemokratiko bat ezarrita eragile modura desagerrarazi beharrekoak. Aniztasuna estaltzeko saiakera horrek argi adierazten du zer nolako herrialdea duen gogoko Riverak, zein den bere jokabidea gutxiengoekiko. Ez dio nahikoa irizten legez ezarritako barrutietan aukeratua izateari. Baldintza erantsien bidez itxi nahi die bidea osotasuna ulertzeko nahitaezko direnei.
Publicidad
Negu politikoa bero dator. Jokoan dagoena luzarorako ildoa izan daitekeelako. Sánchezen figura garrantzitsua izango da horretan, hauteskunde aurreratuetan porrot eginez gero bere alderdi barruko oposizioa —azken primarioetan Susana Díazen inguruan lerrokatutakoak, funtsean— zain izango duelako alderdia bestelako dinamiketara bultzatzeko. Eta horrek, zuzen eragingo luke arlo guztietan, tartean Katalunia eta Euskal Herriari begirakoetan. PSOEko idazkari nagusia ez da bere alderdiaren marra gorrietatik harago inoiz abiatuko, baina behintzat elkarrizketaren aldekoa da, gutxieneko adostasunak bilatzen saiatzen direnetakoa. Eta gaur egungo Espainian hori ez da gutxi.
Berari dagokio hauteskunde orokorrak deitzea. Luze jo baino lehen egin behar luke, inkestak Kongresuko egoera baino hobexeagoak zaizkion artean. Bazegoen legealdi honen bigarren zati honi etekin gehiago ateratzerik, arazo handien konponbidean dezente areago saiatzerik, epe laburrekoak horrenbeste ez lehenesterik. Baina luzapenean gaude, dagokionaren azken txistuaren zain.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.