Mikel Onandia
Sábado, 4 de mayo 2024
Imaginario popularrean, oro har, eskultore gisa ezaguna bada ere, Nestor Basterretxea duda barik euskal arteak eman duen artista poliedrikoena dugu. 1950eko hamarkadan margolari gisa hasia, lan espresionistek segituan eman zioten bidea, arkitektura eta hirigintzagatiko interesa medio, Ben Nicholson zein Le Corbusierren mintzairaren eta Equipo 57 taldearen ideario estetikoaren harira, kolore saturatu eta planu angelutsudun abstrakzio geometriko bati. 1960ko hasieran, erliebe eta baxuerliebeekin hirugarren dimentsiorako jauzia prestatu eta hurrengo urte eta hamarkadetan eskultura lan ugari gauzatu bazituen ere –izan 'Euskal Kosmogonia' serie ospetsua zein 1967an Donostian aurkeztu 'Iztuetari omenaldia' pieza hori dantzari bikainarekin hasitako eskultura publiko ezberdinen adibide ugariak, kasu–, Basterretxea bereziki ondo moldatu zen bi dimentsiotan, izan margolanetan, marrazkietan edo obra grafikoan, sekula albo batera utziko ez zuena.
Publicidad
Noticia relacionada
Josean Morlesin
Planutik hirugarren dimentsiorako prozesu horretan, 50eko hamarkada bukaera eta 60ko hasieran hain justu, arte produkzioarekin pareleloki eta bere garai emankorretako batean, Basterretxearen fazeta ezezagun eta singularretakoa bat aurkitzen dugu, azken aldian atentzio nabarmena lortu duena, diseinu industrialari eskaini produkzioa alegia. Hurbilketak egon badira ere, lehen aldiz abordatzen da auzia, modu sistematiko eta sakonean, Peio Aguirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula-ren komisariotzapean, Bilboko Arte Ederren Museoak otsailean aurkeztu Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketan. Altzari, maketa, bozeto, argazki eta bestelako etsenplu interesgarriez haratago, aipatzekoa da esposizioa laguntzen duen katalogoa, komisarioen eta Rocío Robles Tardío historialariaren eta Gilermo Zuaznabar kontserbadorearen testu kritikoak biltzen dituena.
Euskal abangoardiako artistentzat funtsezkoa izan zen Huarte familiaren mezenazgoari esker Basterretxea Grupo Huarte konpainiak 1958an sortu H Muebles altzari sekzioarekin kolaboratzen hasi zen. Bi urte lehenago Madrilen familiaren pisua dekoratu zuen Oteizarekin batera, hurrengo urteetako pieza ezberdinen abiapuntu izango zena. H Muebles-en logotipoa eta mueble ezberdinak –batez ere mahaiak, banku eta aulkiak, gehienak estruktura tubulardunak, esaterako, Diván H, hainbat aldiz berrikusiko zuena, eta bestelako altzari desmuntagarriak, beti ere arrazionalismoaren postulatuen arabera– diseinatu zituen, oinarri ardatzen desplazamendua eta oreka geometrikoaren bortxa dira izanik.
1960ko hamarkada hasieran, Irunen kokatua, José Luis Muñoz eta José Gabriel Susperregi bazkideekin batera Biok, altzari modernoko produkzio lantegia sortu zuen Basterretxeak. Sortzaile eta disenatzaile gisa lan ezberdinak osatu zituen bertan, produzitu ez zirenak asko, enpresa hura diseinu aplikatuaren esparruan jorratzeko esperimentazio gune bikaina izan baitzen artistarentzat. Biok, zeinak Donostian ireki Espiral izeneko dendan saltzen zituen Irunen produzitutako altzariak, diseinuaren eskulan produkzioa oinarri izanik euskal testuinguruko modernitatearen postulatu estetiko eta funtzionalen arabera sortutako lehen enpresa izan zen.
Ezagunagoak diren 'Xake jokoa' (1961), 'Kurpilla' serieko aulkiak edo 'Sua argimutilak' (1968) –funtzionala eta konstruktiboa aldi berean, diseinuaren, eskulturaren eta arkitekturaren fusio bikaina– adibideez haratago, publikoarentzat ezezagunagoak diren lanak nabarmentzen dira: H Muebles-entzat diseinatu kristal eta metalezko erdiko mahaia (c. 1960), 'Bermeo' mahai monumentala (1967) edota elkar korapilatzen diren eskuen motiboekin osatu alfonbra (1967) ederra. Bereziki azpimarragarria da pieza hauen guztien erregistro eta batez ere publizitaterako osatu argazki sorta, egiazko display-ak. Eszenaratze zaindu horietan Basterretxeak jokatu papera aditzera ematen digu 1964 inguruan hartutako fotografia batek, zeinean artista bera ikus dezakegun, mugimenduagatik deseenfokatua, erretratatua izateko hark diseinatutako oin-aulkia prestatzen.
Publicidad
Ezin aipatu gabe utzi, diseinu industrial eta aplikatuarekin erlazioan bestelako diziplinetan garatu proiektu ezberdinak, horien artean zinemagintzaren unibertsoan bere lehen murgiltzea: 'Operación H' (1963) filma, Huarte enpresaren iragarki bat izan asmotan, konstruktibismo errusiarreko zein surrealismoko postulatu ezberdinak gogorarazten dizkigun muntatze estetizista eta esperimentala. Interes berezia dute, halaber, Basterretxeak bere karrera osoan zehar osatu logotipo, disko azal, ilustrazio, kartel eta orotariko diseinuek, artearen, popularraren eta instituzio publiko eta pribatuen alorrak modu naturalean barnehartzen dituzten erabilera aplikatuko sorkuntza ugariak. Hala ulertu behar dira, halaber, arkitekturaren esparruko proposamenak, zeinetan, artearen integrazioaren utopia oinarri, eskulturaren bolumetria eta plastikotasunaren araberako kutsu futuristako adibide iradokitzaileak garatu zituen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.