

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Josean Morlesin
Sábado, 4 de mayo 2024
Ukaezina da Nestor Basterretxea artista biziki polifazetikoa izan zela, jakina denez, sormen artistikoa hainbat arlotan garatu zuen eta. Esparru ezberdinak jorratu bazituen ere, artelan eta proiektu askoren ernamuinean praktika artistiko jakin baten aztarna ezabaezina dago, marrazketarena alegia. Horrez gain, kasu askotan marrazkia ez zen bere lan-metodologian pauso bat bakarrik izan, baizik eta bere adierazpenaren xedea. Zerbaitengatik zioen bere burua marrazkilaritzat zuela: marraztea zen gehien atsegin zuena.
Bokazio artistiko goiztiarra izan zuen. 12 urte zituela Gerra Zibila hasi eta familiarekin Frantziara erbesteratu zen. Han hasi zen margotzen eta horrekin batera, garaiko museo eta ekimen artistikoak esnagarri izan ziren Basterretxea gaztearentzat. Geroago, marrazketarako zuen trebetasunari esker Argentinako publizitate agentzia batean jardun zuen. Horrez gain, erretratuak egiten zizkion jendeari eta, horietako batean, María Isabel Irurzuni, geroago bere emaztea bilakatuko zena, erretratu bat egin zion. Egun hartan elkar ezagutzean, arkatzaren trazuak bi gazteen bizitzarekin uztartu ziren.
Noticia relacionada
Artikulu honen lehenengo lerroetan aipatu den bezala, artistak jarraitzen zuen sortze-prozesuaren hasierako etapan, marrazkia funtsezkoa zitzaion ideiak ikusgai bihurtzeko. Eskulturaren esparruan adibide ugari topa ditzakegu. 'Euskal Serie Kosmogonikoan', esaterako, euskal mitologian oinarria zuten Aita Barandiaranen testuek inspiratuta marrazkiak egiten hasi zen. Seriea osatuko zuten pieza guztien zirriborroak erakusten dituen 1972ko konposizioa deigarria da oso. Bata bestearen alboan agertzen zaizkigu, lerrokatuta eta banan-banan izendatuta. Begirada ezkerretik eskuinera mugituz, ikusleak trazuek aurreratzen dizkiguten forma eskultorikoak azter ditzake. Marrazkiak ere, testuaz lagunduta, badu ideiak paperean zehazten hasteko ahalmena. Hala, Bermeoko 'Olatua' eskulturarako zirriborro batean, bozetoaren hiru atal borobildu zituen, grafikoki interpretatutako hiru gairekin bat egiten zutenak: olatua, arroka bat eta ontzi baten hondarrak, azken hau itsasoan hildako marinelei egindako omenaldia.
Zirriborroei esker formen bilakaera ikus dezakegu, behin betiko eskulturan gauzatutakoetara iritsi arte. Marrazketaz baliatzen diren sortzaile askoren sortze-prozesuek izaten duten ezaugarri komuna da. Joan-etorri horiek artistak bere obra sortzeko hartzen dituen erabakien testigantza baliotsua eratu ohi dute. Oro har, Nestor Basterretxeak eskulturaren eremuan egindako zirriborroetan, proposamen artistikoa, pertsonala, konbentzio teknikoekin bateratzen da: eskulturen bistak, akotazioak, eskalak eta azken honi dagokionez, eskalan marraztutako pertsona ñimiño bat, batzuetan artelan potentzialari begira agertzen zena, pieza horren neurriak argiago bistaratzeko egina.
Ikus-entzunezko proiektuen testuinguruan ere marrazki ugari topa ditzakegu. Nestorrek tresna osagarri gisa erabili ohi zituen, storyboard-ak edota eszenen plangintza taxutzeko, batzuetan kameraren kokapena edo mugimendua adieraziz. Ikusizko erritmo errepikakorra sortzen duten trazu azkar eta indartsuak behin eta berriro aurki ditzakegu. Aipagarriak dira 'El laberinto' edo 'Una historia casi olvidada' film-proiekturako egindako marrazkiak, batez ere pertsonaien diseinuei dagozkienak. Erretratu eta pose ezberdinek, esanguratsuak oso, figurazioan ederki moldatzen zen artista baten lanaren aurrean jartzen gaituzte.
Aurreko guztia gutxi balitz, Nestor Basterretxea ilustrazio eta diseinu grafiko lanetan ere aritu zen. Juan Garmendia Larrañaga etnografoaren liburu batzuetarako sortutako irudiak interesgarriak dira. Zuri-beltzezko marrazkiek zipriztintzen dituzte orrialdeak. Liburuz liburu estiloak aldatuz doaz, artistaren izaera ikertzaile eta moldakorra azpimarratuz, testu bakoitzerako planteamendu espezifikoak bilatzen zituela dirudi eta. Horrez gain, disko eta liburuen azalgintzan enkargu ugari bete zituen. Berea da, adibidez, Jorge Oteizaren 'Quousque tandem…!' liburu nabarmenaren lehen edizioko azal txundigarria. Ez hori bakarrik, zeinu korporatiboen diseinu-prozesuetan behin baino gehiagotan murgiltzeko aukera izan zuen. Adibidez, 1982. urtean, Eusko Legebiltzarraren ikurra gauzatzeko lehiaketan aurkeztutako planteamendua, 'Izaro' izenekoa, garaile izan zen. Eskultura izateaz gain, lan hori zeinu grafiko bilakatzeko proposamena atxiki zuen egileak.
Aurten, euskal artista gailen honen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, hainbat erakundek egitasmo ezberdinak antolatu dituzte. Gasteizko Artium Museoak, adibidez, Nestor Basterretxearen funtsak gordetzen ditu eta dokumentu horien inguruan ardaztutako erakusketaren ateak zabalduko ditu maiatzaren 10etik aurrera. Lerro hauetan aipatutako marrazki batzuk eta beste asko erakunde horren dokumentazio-zentroan kontsulta daitezke. Maiatzaren 26an amaituko da Arte Ederren Bilboko Museoak antolatutako erakusketa, industria-diseinu eta arkitekturari lotutako lanetan fokua jartzen duena. Bere aldetik, Durangoko Arte eta Historia Museoan, Gerediaga Elkartearen laguntzarekin, ilustratzaile eta diseinugile grafiko gisa sortutako lanak erakutsiko dira, azarotik datorren urteko urtarrilera bitartean. Ekimen hauei eta beste batzuei esker, Nestor Basterretxearen ondare poliedrikoa aztertzeko aukera izango dugu. Bere ibilbide artistiko emankorrak adar zabalak izan bazituen ere, marrazkigintzaren eragina gehienetan egon zen presente.
Publicidad
Rocío Mendoza | Madrid, Lidia Carvajal y Álex Sánchez
Jon Garay y Gonzalo de las Heras
Almudena Santos y Lidia Carvajal
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.