Hura 1976. urtea zen eta garai hartako bertoko rockeroek, beti irratiari adi, data bat azpimarratzen genuen egutegian. Igande goizeko saioan ‘Traidor, Inconfeso y Martir’ taldearen agurra eta ondoren Brakaman Donostiako taldearen aurkezpena Bilbon. Bigarren hauek gurean Glam-rock estiloan jarduten zuten bakarrenetarikoak.
Publicidad
Rock emanaldiak ez ... ziren ohikoak eta zaletuentzat benetako gertaerak ziren. Goiz hartan lagun taldekoak oso itxaropentsu hurbildu ginen hara. Irakurritakoen arabera euren zuzenekoak bereziak ziren oso. «Lou Reeden Rock & Roll Animal diskoaren indar guztiaz gozatzeko aukera paregabea» izango genuen. Eta ilusioz beterik bertaratu ginen. Beti bezala, inguru honetan Rock & Rollaren edozein arrasto zuen zerbaiten bila. Renfeko aldiriko trenean joan ginen. Beti gainezka zihoan zilar-koloreko konboi hartan, askotan puntualtasunik gabe. Antzokian beste hainbeste erromesekin elkartu ginen, edukiera erdia bete barik. Han bildutakoen artean, asko hasierako artisten lagunak ziren, country estiloko talde batenak, nahiko ezaguna hiriburuan. Hori beren azken emanaldia omen zen. Kantaria, Gregorio Villalabeitia zen, gaur egun Kutxabankeko burua dena.
Egia esan, biziki gorrotatu nituen egun hartan. Santurtzira garaiz atzera eramango gintuen trenaren ordua hurbiltzen zihoan eta beren ekitaldia amaigabe luzatzen zen, country taldearen zaleek bisak eskatzen zituzten neurrian. Etxera beranduegi heltzeko mamua minutuz minutu handitzen zihoan. Orduan ez zegoen mugikorrik eta antzokian ez zen kabinarik. Bada, ez zen hura behar den moduan disfrutatzeko kontzertu bat izan. Baina bai, merezi zuen bertaratzea. Kristoren soinu-kalitatea ez ezik -garai hartan horrelarorik entzutea ia ezinezkoa zena- , talde donostiarrak oso irudi ausarta erakutsi zuen: kolorezko elastikoak, larruzko jakak eta prakak, makillajea... horrek denak, minutu batzuetan behintzat, beste toki batean sentiarazten gintuen. Garaiko Bilbozulotik urrun. Oso urrun.
Jaime Stinus ‘Lead Guitar’ aparta zen -Orquesta Mondragón taldearekin frogatuko zuenez- eta Borja Zulueta abeslaria, egiatan, garai hartako Lou Reeden bertoko bertsio on bat zen. Brakaman, ezbairik ez, talde aurreratuegia zen bere sasoian. Merezi izan zuen, bai, gero etxean jasotako errieta hura. Urte gutxiren bueltan, Borja Zuluetak beste konbo aitzindari bat sortuko zuen: Negativo. Donostiako rockeroen biltokia zen El Huerto tabernan elkarrizketatu nituen Muskaria aldizkariarentzat. Handik gutxira ETAk egoitza hori lehertuko zuen «drogaren kontrako» kanpaina barruan. Elkarrizketa horretan, besteak beste, egun horietan filmatzen ari zen ‘Arrebato’ izeneko pelikulaz hitz egin zidaten. Ivan Zuluetak -Borjaren anaiak- zuzentzen zuen eta soinu-bandan hartu zuten parte. Ez nuen nik asko uste, urteen buruan film mitiko bihurtuko zenik. Bai Brakaman bai Negativo ziztu bizian desagertu ziren eta era berean amaituko zen Ivan Zuluetaren ibilbidea.
Heroinak eta honen ondorio gaiztoek zerikusi handia zuten honetan guztian. Biak artisten familikoak ziren: Ama margolaria zen eta aitak Zinemaldia zuzendu zuen 1950eko hamarkadan. Miraconchako jauregian eta aldiro munduan zehar egindako bidaietan hazi ziren. ‘Back Stage’ lanetan urteetan aritu ostean, otsailean joan zitzaigun Borja. Haren anaia orain dela hamar urte zendu zen. Horiek pelikula on baten edo rock & roll abesti baten protagonistak izan zitezkeen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.