Borrar
Pablo Casado, osteguneko hauteskunde primarioen emaitzak ezagutu eta gero. Efe
Zulo beltza

Zulo beltza

Harizpetik ·

Alderdi Popularra zatituta dagoela jakina zen, eta osteguneko primarioek ezin gordinago utzi dute agerian. Sáenz de Santamaría akabatzea da Casado, Cospedal eta Margalloren helburua eta zeregin horri ekingo diote bizi-bizi hilaren 21eko kongresuari begira

Domingo, 8 de julio 2018, 23:45

Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa gailendu zenetik PPren lotsa eta gabezia guztiak begibistan geratu dira. Alderdi batua eta militante gehien zituena omen zen hura hautsita dago, eta ustezko ia 900.000 kideetatik 66.700ek baino ez zuten izena eman presidente berria aukeratzeko primarioetan parte hartzeko. Horietatik 58.000ak bozkatu zuten azkenean: 21.513k Soraya Sáenz de Santamaríaren alde (%36,95), 19.967k Pablo Casado babesteko (%34,30) eta 15.090ek María Dolores de Cospedal aukeratu zuten (%25,92). Gainerako hirurek —Margallo, García Hernández eta Cabanés— jasotakoa anekdotikoa izan zen. Lehen bi hautagaien artekoa izango da hilaren 20 eta 21eko kongresuari begirako hurrengo lehia, PPko presidente berria eta etorkizuna erabakiko dituena. Horra heldu bitartean primario antzekootan ere aukeratutako konpromisarioen lerrokatzeak argituko du datorrena, horiek izango baitira Rajoyren ordezkoaren hautaketa bururaino eramango dutenak. Eta bi hautestontziko sistema hau hain denez aldrebesa edozer gerta daiteke, zatiketa areagotzea batik bat.

Sáenz de Santamaría ez da inoiz gehiegi arduratu PP barruko kontuez. Hautetsi eta Gobernuko kide modura nabarmendu da, eremu horretan ikusi du bere burua erosoen. Aski ezaguna da Cospedalekin ia elkarren arteko gorrotorainokoa dela harremana, pertsonala zein ideologikoa. Idazkari nagusi ohia oso kontserbatzailea da, Casadorengandik gertukoagoa horretan, alderdi barruko ildo gogorrenekoa, Aznarren oinordekoa. Porrot itzela jasan du alderdiaren barne egituren kontrolaz arduratu behar zenak eta bigarren bozkatuenaren alde joz saia daiteke eguen osteko bere ezintasuna arintzen.

Bi dira aukera nagusiak alderdiaren 19. ezohiko biltzarrari begira: bata, barruko hainbat indar faktikok batasuna nolabait behartzea, Sáenz de Santamaríaren eta Casadoren hautagaitzak uztartu eta azkenari idazkaritza nagusia eta alderdiaren kontrol praktikoa emanda, esaterako; eta bestea, bi sektore nagusien arteko borroka areagotzea eta irabazle/galtzaileen eskema izatea aro berri honen ezaugarrietakoa. Bigarren honetan, Casado-Cospedal bikotearen eskutik, litekeena da PP eskuinagora mugitzea, Aznarren azken garaira. Jakina da Sáenz de Santamaría liberalagoa dela zentzu guztietan, praktikoagoa, gobernu-gehiengoak osatzeko aukera gehiagokoa, eta beste biak gertuago daudela sektore ortodoxoenetatik, baita AP izandako jatorrizko hartakoetatik ere.

Casadoren hainbat adierazpen publiko horren erakusgarri dira. Berak esana da, adibidez, «ezkerrekoak atzerakoi hutsak» direla, beti ei dabiltzalako «aitonaren gerrari eta batek daki noren hilobiari begira». Harritzekoak dira halakoak aitona errepublikarra izan zuenaren ahotik, 30 urteko kartzela zigorra ezarri eta bi eta erdi beteta askatu zutenaren ilobarenetik. Baina ez da horrelakoetara mugatu. PPko presidente izateko kanpainan Nafarroan izan da duela gutxi, eta euskara bertako hizkuntza ez dela esan du lasai asko. Ezjakintasun borobilena eta mespretxua adierazten ditu horrek, gezur historiko ezin nabarmenagoa adierazteko lotsa falta eta arduragabekeria. Hori da Casado, hori da bere eskutik etor daitekeena.

Dagoeneko erakutsia du orain artekotik urruntzeko asmoa, eskuin zaratatsu eta ertzekoenaren ekinbidetik aritzekoa. Rajoyren gobernuaren erabakietako asko epeltzat jotzen dituzte orain berak eta ingurukoek, Kataluniarekin zerikusia izan dutenak batik bat. Argi dago, beraz, boterea berreskuratzeko lurralde egituraren auzia baliatuko dutela, Ciudadanosi gogortasunetik aurre egin nahian. Aznar bere aitabitxi politikoak zentro erreformista aldarrikatu zuen inoiz gehiengoak osatu ahal izateko, eta gehiengo osoaren erosotasunak eta nazioarteko aliantzek ezin eskuinagora eraman zuten azkenean. Hor jarraitzen du urteen joan-etorriarekin, esentzien gordelari, eta ukaezina da bere itzala eta bultzada, Esperanza Aguirrerenak bezalaxe, lagungarri izan zaizkiola Casadori dagoen lekuan egoteko.

Azken honek baditu, baina, oso puntu ahulak, lidergorako bidea eragozteko bestekoak. Izan ere, bere masterraren inguruko ikerketak izan lezakeen etorkizun politikoa mehatxatzen du. Rodríguez-Medel epaile anderea PPren kongresuaren ostean itzuliko da bere oporretatik eta dokumentazio berria aztertu beharko du Auzitegi Gorenari Casadoren inputazioa proposatzen dion erabaki aurretik. Dagoeneko eskatua dio Kongresuari forupekoa dela baiesteko. Hori da Gorenera jo aurreko urratsa. Eta auziak ez du itxura onik buruzagi popularrarentzat.

Baliteke, gainera, datozen asteotan txarrera egitea. Ez da ahaztu behar Sáenz de Santamaríak inteligentzia zerbitzuen kontrol zuzena izan duela Gobernuko presidenteorde izan den bitartean, eta barne gatazka gordinduz gero ezin da baztertu Casadoren aurkako filtrazio suntsitzaile berriren bat hedabideetara heltzea. Horrelakoa izaten da maila honetako joko zikina, aurkaria politikoki bizirik ez uzterainokoa. Hori jazoz gero, dena den, PP barruko krisia zatiketa eragiteko modukoa izan liteke, Espainiako eskuinak 1990eko Sevillako kongresutik hona izandako batasuna hausteko bestekoa.

Datozen asteek ematen dutenaren zain, orain arteko prozesuak argi utzi du EAEko Alderdi Popularrak zein indar gutxi duen Espainiakoan. Izena emandakoen %94,79k hartu du parte primarioetan, eta horietako %55,32k, 312 pertsonak, garailearen alde bozkatu dute eta %21,99k, 124k, Casado izan dute gurago. Kopuru horiek erakusten dute zein den popularren benetako tamaina hemen, ia lagunarte girokoa. Hego Euskal Herrian Alderdi Popularra aspaldiko ahulen dago, testimonialismotik gero eta gertuago. Egia da zenbait buruzagi Madrilen ari direla —Alfonso Alonso edo Javier Maroto dira esanguratsuenak—, Araban oraindik badutelako pisu politikoa eta bertoko PPk terrorismoaren garaitik zenbakiez gaindiko erreferentzialtasun batik bat morala duelako alderdian, baina etorkizuna aldapan gora datorkio.

Boterea galdutakoan ikusten da bakoitzaren benetako errealitatea, orduan agertzen dira gabeziak, gatazkak eta mugak. Momentu horretan dago PP orain eta osteguneko emaitzek arrisku guztiak biderkatu dituzte, bigarren itzulira doazen bien arteko aldea oso txikia izan delako eta ezinikusi pertsonal eta ideologikoak ez direlako nolanahikoak. Edozer gerta daiteke datozen bi asteotan. Baina argi dago hainbat zauri ari direla zabaltzen. Gero ixteko oso zailak diren horietakoak. Zulo beltzera eraman zaitzaketenetakoak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zulo beltza