Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Azkenaldion Loiuko aireportua berri gaziek daramate gehien hedabideetara. Haizete bortitzen eraginezko arazoek, batzuetan; eta putreek eragindakoek, oraintsuago. Inoiz bidaiari-errekorrez ere mintzo dira. Honek, jakina, aurrekoak galaraztera derrigortu beharko lituzke agintariak, edo ahal den neurrian gutxitzera. Lurraldeko funtsezko azpiegituren artekoa den horri erosotasuna eta segurtasuna uztartzea dagokiolako, abangoardiazko diseinuari punta-puntako aireportuen zerbitzuak eta baliabideak gehituta.
Aurreko domekan putre batek aireratu berri zegoen hegazki baten kontra jo zuen, motore bakar batekin itzultzera behartuta. Epe laburrean bigarren aldiz jazo da antzeko zerbait, eta horrek kezka bizia eragin du pilotuen, erabiltzaileen eta hainbat agintariren artean. Zergatiak aztertu eta argitu behar dira lehenik, zuzeneko konponbideak bilatu eta jorratzeko. Jokoan dagoena asko delako, eta erantzunak zor zaizkielako asaldatu diren guztiei.
Honelakoetan jakina da administrazio ezberdinek dituzten eskumenen arabera mugatzen dituztela euren ardurak. Eta zilegizkoa da hala egitea, inork ezin baitu dagokionaren gainetik ezertan esku hartu. Baina, aldi berean, hori ezin da aitzakia izan hain premiazko den zerbaiti erantzuteko; erakundeen arteko berehalako lankidetza behar dutelako honelako lehentasunek.
Istripu larriren bat gertatu aurreko ekinak eragotzi ditzake gertaera beltzenak. Badago alarma sozial bat, badago hedabideek zabaldutako kezka, badago profesionalek eta inguruko alkateek ohartarazitako arriskuren bat. Guzti hori ezin da oharkabean joan, zama elkarren lepo gainera jaurtitzen saiatuta. Bidaiarien eta aireportu inguruetako hainbat bizilagunen segurtasuna bermatzeko protokolo eta zaintza neurri guztiak azken muturreraino bete behar dira, arduradun politiko eta teknikoen ukondoz ukondoko lana baliatuta.
Euskal Herriko aireportu sarearen logika eta arrazionaltasunaren inguruko eztabaida alde batera utzita, Loiukoa ezin da albiste izan bidaiarien noizean behineko estuasunekin lotuta. Erosotasuna, funtzionaltasuna eta, batik bat, gehienezko segurtasuna bermatu behar zaizkie hara-hona dabiltzan guztiei. Inolako ezbeharrek bultzatuta barik, gabeziak aldez aurretik aletu eta konponduta.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.