Borrar
Zorionaren aurpegiak

Zorionaren aurpegiak

Domingo, 29 de noviembre 2020, 01:48

Zoriona bilatzea gizakiaren oinarrizko bulkadetako bat da. Edo halaxe irudikatu nahi dela ematen du, zeren, funtsean, benetan bilatzen dena ez baita zoriona, horrekin parekatu ohi den fikzio moduko bat baizik. Fikzio honek, edonola ere, milaka aurpegi ditu, gizakiak beste aurpegi, Tolstoik 'Ana Karenina'ren hasieran idatzitakoa gorabehera. Mikel Ayllonek 'Zoriontsuak izatea aukeratu genuen' izenburuko narrazio liburuan itxurazko zorionaren atzetik dabiltzan pertsonaien sei adibide eskaintzen ditu.

Narrazio gehienetan planteamendua antzekoa da. Egoera itxuraz ziztrinean dauden pertsonaiek beren bizitzetan aldaketa osoa egin nahi dute, tokatu zaien errealitate tristea atzean utzi eta ustezko zorionaren bila abiatzeko. Ahalegin handia eginda, aldaketa egitea lortzen dute eta ordura arte izandako bizitza atzean uzteko askotan ihesaren forma duen biraketa ematen diote bizimoduari. Baina esaerak dioen bezala, kontuz zer desiratzen duzun, egia bihurtu daiteke-eta. Izan ere, pertsonaiek harrapatuta aurkitzen diren ohikotasunetik aldentzen dituen ibilbidea hautatzen dute, bide horren amaieran zoriona topatuko dutelakoan, baina bizitza oso egoskorra izanik, ihesaren amaieran aurkitzen dutenak atzean utzi zuten horren antz handiegia du. Eta hau erakusteko egoera paradoxikoetara jotzen du idazleak, zoriona bilatzeak berez gordetzen du en ironia sakona azalduz. Ipuinen planteamendu hau halako moduan errepikatzen da, non irakurlearentzat ez baita inolako sorpresa izango pertsonaien bilaketaren ahalegin alferrikakoa.

ZORIONTSUAK IZATEA

  • Mikel Ayllon, Elkar. 120 orr. 14 euro.

Azken finean ematen du ipuinok ideia horien adibide moduan funtzionatzen dutela, idazleak azaldu nahi duen tesiaren gauzatze narratiboak izango balira bezala. Eta ondorioz ematen du gizartean askotan gizajotzat hartzen diren pertsonaiak idazleak eraiki dien tranpan harrapatuta suertatu diren txotxongiloak besterik ez direla. Esandakoa, pertsonaiok bizitzan erabateko biraketa egiten dute, nahiz eta biraketa 360 gradukoa izan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zorionaren aurpegiak