Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Oraintxe izango balitz legez gogoan daukat zure izena lehendabizi entzun nuen unea: 'zintuzketedan'. Txantxa eta mehatxu artean kokatu zinen, «zintuz... ke-te-dan». 'Nor Nork' taularen oihan trinkoan sartzen nindoala ezagutu zintudan, nola ez; zu eta zure antzekoak benetako euskalduna izateko ezinbesteko froga zineten, nolabait. Eta bai. Izerdi patsetan zuetariko denak buruan sartzea lortu nuen, azterketak gainditzeko moduko ereduak osatzeraino.
Hala ere, ordutik hona, sekula ez dut, ez zurekin, ez zure antzekoekin berriro topo egin. Ez zaitut entzun inongo euskaldunen ahotan, ez baserrietan, ez geletan, ez zinetokietan, ezta abestietan ere. Ez zaitut gogoratzen inongo idatzitan ere eta zin egingo nuke ez zaitudala entzun inongo ETBko telesaiotan ere -eta gutxitan deklinatzen dira 'nor nork' eta 'nor nori nork' taula horiek ETBko bikoizketan adina-. Uste dut -baina ez nago ziur- behin bakarrik entzun zintudala, Natxo de Feliperen hitzetan edo, baina ametsetan izan liteke...
Zure izena Googlen bilatuz gero zerbait bitxi gertatzen da: sarrera guztiek gramatika eta euskarazko ariketekin dute zerikusirik. Baina zer gertatzen zaizu? Ez al zara 'cool' benetan? Galdu egin al zenuen zure arima haran urrun batean joan den mendearen erdialdean? Edo agian 'jantziegi' edo 'handiputzegi' ematen duzu, kaleko hizkeraren hiztunen aroan?
Burutik pasa zitzaidan, baita ere, beharbada batuaren gramatika osatzerakoan aukeratu zuten forman egon zitekeela arazoa, baina ez. Ikusi dudanez euskalki guztietan antzeko ahoskera duzu eta hor ere bitxia, ezohikoa, ezezaguna zara -bizkaieraz, adibidez 'zindukiedaz' zara-.
Googlen aurkitutako ariketa bat irakurtzen dut: «Si os hubiera visto os habría llevado», «Ikusi bazintuztet eramango zintuzketedan». Ez da zailtasun handiko esaldia ezta? Norbaitek gaztelaniaz erabiltzekotan ez zen ezer gertatuko, baina, neure burua esaldi bera euskaraz erabiltzen ikustatzen dut: burla, trufa eta iseka entzule guztien artean: «zintuzketedan?, halako tentel hori! kar kar kar».
Ba ez, arraioa. Zure izena entzun nuen unetik nire gustuko izan zara zu. Indarra duzu, boteretsua zara, gutxirekin asko esaten duzu edo agian... egiatan gertatzen dena hau da: galdutako kausa bat besterik ez zara eta galdutako kausak erromantizismoaren elikadura dira.
Bada, lerro hauen bitartez zure figura eta zure erabilera aldarrikatu nahi ditut. Hona hemen zenbait ideia -eta ergelkeriaren bat- zure etorkizuna- eta zuetakoena- bermatzearren. Zintuzketedanen Egun Ofiziala ezartzea: Egun osoan zehar zenbait ekitalditan zure izena etengabe aipatuko da. Urtero talde ezagun batek ereserki berri bat eskainiko dizu. Izendegiarentzako laguntza: 'Zintuzketedan' edo antzeko izendapen bat baserriari, musika edo antzerki taldeari, konpartsari edota umeei jarriz gero, diru-laguntza ederra eskuratuko da administrazioaren eskutik.
Iragarki instituzionala: Euskal Herriko aurpegi ezagunak iragarki batean agertu dira zure izena eta zure antzekoena atsegin osoz ahoskatzen.
Artikulu honen helburua, etorkizunean Googlen egingo diren bilaketetan testu arrunt batean zure izena agertzea da eta ez EGA prestatzeko ariketetan bakarrik. Helburu horrekin berarekin zure lagun hauek gehituko ditugu: zintzaketete, legizkigukete, diezazkizuekegu, zintzatedan...
Aaaaaaaaaaaahhhh!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.