Zetak taldearen kontzertua, ostegun honetan, EITB Maratoian

Victoria Eugenia antzokian izango da zuzenekoa, eta sarrerak agortuta daude jada. Norberaren esku egon da sarrera horren prezioa, Bizum bidez dohaintza solidarioa eginda

Zurekin

Martes, 23 de noviembre 2021, 20:36

Zetak taldeak kontzertu berezia eskainiko du ostegun honetan, azaroaren 25ean, Donostian, 2021eko EITB Maratoiaren baitan. Victoria Eugenia antzokian izango da zuzenekoa, 19.30ean. Sarrerak agortuta daude jada, eta horien prezioa norberaren esku egongo da, Bizum bidezko dohaintza solidario baten bidez (33478 zenbakian). Pello Reparazen eskutik sorturiko taldea da Zetak, euskarazko musika elektronikoko proiektua, hain zuzen ere.

Publicidad

Esan bezala, Zetak taldeak jarriko dio soinu banda aurtengo edizioari, 'Zeinen ederra izango den' abestiarekin. 'Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da' lelopean, aurtengo EITB Maratoiak alzheimerra hartuko du ardatz, eta kanpainaren helburua, batetik jendea gaitzaz sentsibilizatzea da, eta, bestetik, ikerkuntzara bideratuko den dirua biltzea. Abenduaren 16a izango da maratoiaren egun handia, baina Euskal Irrati Telebista jada bete-betean sartu da aurtengo ekimen parte-hartzailean: 'Alzheimerraren aurrean, ez dezagun ahaztu'.

Zergatik oroitzapenak?

'Alzheimerra bihotzeko gaixotasun bat da' leloa du aurtengo kanpainak, alzheimerrak memoria eta jendearen oroitzapen maitatuenak ezabatzen dituelako. Horregatik, EITBko arduradunek nabarmendu dutenez, Maratoiak jendearen oroimenei eskainitako espazio bat sortu du, oroitzapen horiek gorde eta partekatzeko. Gure oroitzapen kutunenak gordetzeko espazio digitala da, mota ezberdinetako argazkiak, audioak, irudiak, bideoak eta testuak biltzeko. Ondoren, oroitzapen guztiekin aurtengo abestiaren bideoklipa osatzeko aukera izango da.

EITB Maratoiak ekimenean parte hartzera deitu nahi du euskal gizartea. Eta interesdunek hurrengo pausuak eman beharko dituzte parte hartzeko: norberaren oroitzapen kutunenak biltzen dituzten argazki, bideo eta testuak EITB Maratoia webgunera bidaliz; edo/eta 'Zeinen ederra izango den' abestiaren bertsioa igorrita. www.eitb.eus/eitbmaratoia webgunean eskuragarri daude abestiaren letra eta karaokea.

Aurreko urteetan bezala, herritarren ekarpenak EITB Maratoiaren webgunean argitaratzen dira.

Julian Iantzi, Edurne Pasaban, Kike Amonarriz…

Azaroaren 15etik hona hainbat oroitzapen eta bertsio jaso eta argitaratu ditu EITB Maratoiak, pertsona anonimoenak zein aurpegi ezagunenak. Hala, 'Go!azen 8.0' telesaileko Nerea, Malen, Julen, Asier, Joanes, Iñaki, Aitziber eta Ander aktore gazteek, adibidez, 'Zeinen ederra izango den' abestiaren bertsio egin dute. Halaber, 'Esto no es normal', 'Joseba Arguiñano Sukalerrian' eta 'Biba Zuek!' saioko lantaldeek ere Zetaken kantua abestu dute.

Publicidad

Hori nahikoa ez balitz, beste aurpegi ezagun batzuek bat egin dute ekimenarekin, tartean, Pello Reparazek, Julian Iantzik eta Edurne Pasabanek, guztiek partekatu baitituzte txikitako oroitzapenak EITB Maratoiarekin. Julianen kasuan 1972 eta 1973ko argazkiak dira, Woodlanden (Kalifornia), bizikletan, lehengusuekin arrantxoan eta zaldi gainean ateratakoak. Edurne Pasaban alpinistak, berriz, Orioko kanpinean, aitarekin Pirinioetan, Alpeetako irteerak, eta lehen 8.000koa. Biek ahotsa jarri diete oroitzapenei, eta zera nabarmendu: 'Oroitzea berriro bizitzea da; berri sentitzea'. Kike Amonarrizek ere audioak eta argazkiak bidali ditu hainbat oroitzapenekin, tartean Lazkao Txikirekin eta Tolosako inauterietan.

Radio Vitoriak ere bere oroitzapenak partekatu ditu, 'Recuerdos de toda una vida' izeneko bideo batean. 'Zeinen ederra izango den' abestiaren doinuarekin, irratiaren historiari errepasoa egin diote, argazkitan: estudioa 1934an, erredakzioa 1952an, irratiaren 25. urteurrena, Posta kaleko estudioak...

Publicidad

Azpimarratu dutenez, jada, 200tik gora oroitzapen biltzen ditu webgunearen espazio digitalak, asko eta asko argazkiak. Garai bateko ezkontzak, festak, familia giroan hondartzan zein mendian, eta bereziki aiton-amonen irudiak bidali dituzte herritarrek. Hamarkadatan sailkatuta daude, eta bada, adibidez, 1938ko argazki bat daukagu orduko haur-kotxe batekin; eta 60ko hamarkadako ezkontza asko eta garaiko argazkiak hainbat herritan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad