Adobestock
Territorios

Zein da, orduan, literaturaren oparia?

Miren Billelabeitia

Sábado, 13 de abril 2024, 00:04

Guda hedatu eta etengabearen giro latzean, egunkarietako argazkiek eta albistegietako erreportajeek irudi luze eta zehatzak begietara hurbiltzen dizkigutenean ba ote du literaturak zer esanik? Ba al du eskaintzarik? Hori da hain zuzen ere artikulu honek hurbildu nahi duen gogoeta.

Publicidad

Joan den urtarrilaren 25ean Izaskun Etxeberria idazlea etorri zitzaigun Bilboko Bidebarrieta liburutegian zuzentzen dudan irakurketa solasaldi saiora taldean irakurri berri genuen 'Esaten ez den guztian' narrazio liburuaz irakurleokin hitz egitera. Solasaldia girotzeko musika, poemak eta argazkiak zekartzan.

Liburuko narrazioak Nafarroako herri baten kokatu ditu idazleak eta herri giroa, paisaia, herriko kaleak, hainbat pertsonaia eta gertakizun egiaz gertatu zirenetan, benetan bizi ziren pertsonek igarotakoetan oinarritu ditu. Erakutsitako argazkietan beraz, herriko enparantza, etxeak, bainuetxea, tren geltokia eta hotela ikusi genituen XX. mendearen hasieran zuten itxuran. Gerra zibilaren garaiko irudiak ere bai: Heinrich Himmler SS eta Gestapoko burua alkatearekin eta guda irabazi zuten agintariekin bazkaltzen joan zenekoa edo trenbidea egiten lanean aritutako preso zigortuen itxura hondatua erakusten duena.

Argazki horiek, beste batzuk dakarzkidate burura, Mungiako institutuko 15-16 urteko ikasleekin argitaratu nuen Aitita-amamen guda zibila narrazio liburuaren aurkezpenean erakutsi nituenak. Liburuaren idazle gazteek beren aitita-amamek guda zibilean bizi izandako oinaze eta gertakizunak kontatu zituzten eta argazkietan bonbardaketen irudiak eta herri suntsitu baten –Mungiak bonbardaketa erasoak jasan zituen ia egunero 1937ko maiatzaren batetik ekainaren hamabira– etxe apurtuak, herritar behartsuak, ume izutuak ikusten dira. Irudiok gainjarri egiten zaizkio nire buruan Ukrainan suntsitutako hiriei, Gazako setio etengabeari.

Rikardo Arregiren '66 lerro hiri setiatuan' poemako bertso bat dut gogoan jo eta ke:

«orduak ematen ditut batuketak eta kenketak egiten

baina emaitzak gose dira beti».

Eta egiaztatu egiten dut egunero, emaitzak heriotza direla beti: 9.000 emakume eta 13.000 ume eta nerabe apirila hasierako datuen arabera guda honetako 33.200 hildakoen artean; lurraldearen iparraldea etengabe jotzen zuten –eta oraindik jotzen duten– bonbardaketez babesteko ihesi joan zirenak Netanyahuren garrasi zemaitzaileek jazarrita Gaza hegoalderantz alde egin zezaten.

Publicidad

Eta bidera atera ziren suntsipenetik ihesi,

«errepideetara oinez irten, pardeltxoak bizkarrean,

hiritar hirigabeak»,

dio Rikardo Arregiren olerkiak. Ukrainako hirietatik atera ziren Europar Batasuneko mugetarantz non hartu baikenituen oraindik Gazako herritarrenganako erakutsi ez dugun lagunkoitasunez. Iparraldeko hirietatik atera ziren hegoalderantz, Rafahrantz, babesa lortu eta Israelek erasoko ez zituela agindu zien eremurantz, zeharkatuko ez duten mugarantz, onartu nahi ez dituzten herrialdeetarantz,

«udan bada sargori, neguan bada izotz,

inora ez doazen bideetan galdurik,

inon ez dagoen babesaren bila»

Itaundu diot neure buruari zer dela eta honenbeste ekite Rikardo Arregiren olerkia gogoratuz, zergatik datozkit gogora etengabe Hekubaren hitzak Euripidesen 'Troiako emakumeak' antzezlanaren bukaeran,

Publicidad

«Orain hasten da esklabutzara naraman bidaldia. Bagoaz, hiri dohakabe»

guda galdu ostean, hiriko emakumeek aurretik duten esklabutza etorkizunaren aurrean. Zergatik Karmele Mitxelenaren 'Eta orain?' ipuinaren azken esaldia –«Eta orain, ama?»-, telebistako albistegi eta erreportajeek gertaerak laztasun osoz erakusten badizkidate?

Duela urtebete, 2023ko martxoan, poesia jarduera bat egin nuen Irale ikastetxe batean. Ukrainako gudak jada urtebete luzez erasotzen gintuen. '66 lerro hiri setiatuan' olerkia eraman nien poesiak eta literaturak egungo gertaerekin duen lotura eta ardura agerian jarri nahian. Poeman Sarajevo hiria ageri zenero Ukrainako Kiev, Odessa edo Mariupol jarri zezaketela esan nien, eta horrela denboran zeharreko bidaia egingo genuela; Balkanetako XX. mende bukaerako guda egungo garaira ekarri. Esperientzia hunkigarria izan zen zeharo. Esan dezaket olerkia irakurtze hutsak -Balkanetako gudaren geografia, Sarajevo ingurua erasoa zen garaia entzule nituenak haur edo gaztetxo zirenean-, poema irakurtzen ari garen egunean gertatzen ari den gudaren tokiez ordezkatzeak, 'Troiako emakumeak' irakurtzen ari garenean, artikulu hau idazten dudanean, hurbildu egiten gaituela garaian ez ezik tokian ere. Lurralde horretan ikusten dugu geure burua, hortxe hautematen dugu, egoera berean, etxe apurtuz beteriko kalean.

Publicidad

Literaturaren oparia da hori etenik ez duen guda zibil hedatu honen giroan. Irakurketak zabaltzen digun leihoa da; hausnarketan geratzeko aukera, gogoeta bideetara itzultzeko beta behin eta berriz irudien hondarrezko hatzaparretatik irristatu gabe. Troiako emakumeen jopu egoera –hain urrutikoa eta hain hurbila aldi berean– birgogoetatu, haurraren ziurtasun eza Karmele Mitxelenaren ipuinean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad