Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
irati alonso
Domingo, 26 de junio 2022, 01:50
Erizaintza eta ekonomia arloan lan egiten zuten Nadia López eta Iñigo Gallastegik. 2014an ordea haien bizitzaren norabidea aldatzea erabaki zuten. Amantala eta ordenagailua atzean utzi eta ortura igaro ziren. «Nekazaritzaren esparruan esperientziarik ez, baina lurra lantzeko gogoak genituen», aitortzen du Nadiak. Garai hartan Zeberioko Udalak 'Nekazalgunea' proiektua abian jarri zuen, gazteak lurra eskuratzen eta ekoizpen lanak martxan jartzeko helburuz eta honek bultzada eman zien. Beste bi lagunekin batera proiektu kolektibo bat sortu zuten eta udalak eratutako lur-bankutik hektarea bat hartu eta lantzen hasi ziren. «Ordura arte egindako ikastaroetan aditutakoa aplikatzen saiatu ginen. Oso urte ederrak izan ziren eta nekazaritzan lan egin nahi genuela konfirmatzeko balio izan zigun esperientziak», dio emakumeak.
Horrela, 2019an baserri bat erostea erabaki zuten, horretan haien proiektua martxan jartzeko asmo nagusiz. Momentu horretan jaio zen Barazkilo. «Nekazaritza proiektu familiarra gara. Sasoiko barazki eta fruitu ekologikoak ekoitzen ditugu, agroekologiaren eta elikadura burujabetza printzipioak oinarri hartzen dituenak», azaltzen du Iñigok.
Lurra erostea izan zen egin zuten lehen inbertsioa. «Euskal Herrian eta, batez ere Bizkaian, lurraren prezioa zentzugabea da. Lur asko ez dira erabiltzen baina ez da aukerarik ematen beste batzuek horiek erabili ditzaten. Zure familiak lurrik ez badu, hori eskuratzea oso zaila izaten da. Eta, izan ere, hura da ustiategiaren elementurik funtsezkoena!», salatzen dute. Horregatik, haien helburua nekazaritzan bakarrik lan egitea izan arren, beste jarduera batzuekin uztartu behar izan dute ustiategia martxan jartzeko eta baserria konpontzeko behar diren baliabideak aurrera eraman ahal izateko.
hurbiltasuna
Prozesu gogor eta luzea, baina esker onekoa. Gaur egun sasoiko fruta eta barazki ekologikoak saltzen dituzte, ia guztia kontsumo-taldeen eta asteroko saskien bitartez. «Horrek eskatzen du produktuak tokikoak eta sasoikoak izatea, ez milaka kilometro garraiatzen diren horietakoak (hori ez baita batere ekologikoa), tokiko barietateak erabiltzea laborategiko barietateen ordez, salmenta zuzena hobestea, lurraldea eta bertan bizi diren pertsonak zaintzea (ekoizleak eta kontsumitzaileak) eta, azken finean, baserri eremua bizirik mantentzea», nabarmentzen du Iñigok.
Halaber, soberan dutena denda txikien bitartez saldu edo kontserba edo mermelada bihurtzen dituzte. «Kontserbera txikiak oso garrantzitsuak dira gure produktua erabat aprobetxatu ahal izateko. Horregatik Maskilu kontserbak ekimenaren bazkide gara. Hura gure eskualdeko hainbat ekoizleren artean sortutako proiektu txikia da eta zerbitzu handia egiten digu, produkturik ez galtzeko», azpimarratzen du Iñigok.
Hala ere, salmenta zuzena da haien oinarria, ezinbestekotzat hartzen dutena. «Bestela, bitartekariek zati handiena hartzen dute eta ekoizlea egoera ahulago batean geratzen da. Salmenta zuzenak katearen zati handiagoa kontrolatzeko aukera ematen digu eta ekoizpen txikiagoekin errendimendu handiagoa atera- tzea ahalbidetzen du», azaltzen dute. Gainera, salmenta zuzenak «bestelako harreman bat sortzen du ekoizle eta kontsumitzaileon artean, gertuago eta konfiantzazkoa. Oso garrantzitsua da jendeak jaten duenari buruzko informazioa izatea, hori nola ekoizten den… Ekoizleekin harreman zuzena izateak gainera gure problematikak ezagutzeko aukera ematen die kontsumitzaileei: laboreekin ditugun arazoak, lan-karga nolakoa den… Eta haiekin auzolanak antolatzea ere oso interesgarria izaten da».
Izan ere, inguruko jendea «funtsezkoa» izan da proiektua eraikitzean. «Zeberioko tokiko kontsumo-sarea handituz joan da. Herrian hainbat proiektu agroekologiko gaude eta familia askok guri edo inguruko beste batzuei erosten digute. Beraz, eskualdean tokiko, sasoiko eta gertuko elikagaiak erosteko nolabaiteko kontzientzia dago. Dudarik gabe, hori oso seinale ona da!», dio Nadiak pozik.
Hainbat modu daude Nadiak eta Iñigok ekoizten dituzten produktuak lortzeko. Batetik, www.barazkilo.com webgunean erosi daitezke. Bestetik, hainbat kontsumo talderen parte dira, Zeberion, Ugaon eta baita Bilbon, Alde Zaharrean. Azkenik, Zeberion herriko dendan eta Amañe tabernan saltzen dute, eta Bilbon Laboren, Kidekoopen eta Suculentan.
lanbidea
Apurka-apurka sortutako ekimena da Barazkilo. Ustiategi txikiago eta kolektibo batekin hasi eta gero eta inbertsio gehiago egin dituzte. Haien asmoa ustiategi errentagarria egitea da, biok horretaz bizi ahal izateko nahikoa. Hamar bat otzarekin hasi eta orain hogeita hamabost inguru dituzte baina «oraindik apur bat gehiago hazi beharko genuke». «Gure asmoa inguruko familien eskura elikagai osasungarriak jartzea eta horretarako eskualdeko beste ekoizle batzuekin lan egiten dugu. Horrela, barazkiez gain beste elikagai batzuk eskaintzen ditugu: ogia, arrautzak, kontserbak... Helburua da jendeak sare horren bitartez gero eta gauza gehiago erosteko aukera izatea».
Ortuko bizitza «esklaboa» dela esan ohi dute, baina Nadia eta Iñigok ez dute horrela sentitzen. «Ondo antolatzen bazara, zure bizitzaren gainontzeko alderdiekin batera egin dezakezu. Guk, adibidez, urteko momentu jakinetan oporrak hartzeko modua topatu dugu. Egia da lan karga handia dela, batez ere udan eta orain, seme-alabak ditugula, batzuetan itogarria izaten da. Baina, esan bezala, lana momentu jakinetan pilatzen denez, deskantsatzeko momentuak ere egoten dira», azaltzen du Iñigok. «Lan handia bada ere, niretzat oso pozgarria da gure inguruko jende askok guk produzitutakoa jatea. Polita da ere baina, nire ustez, gogorrena zera da, marjinak oso txikiak direla. Izan ere, agroindustriak orokorrean prezioak botatzen dizkigu eta kontsumitzaileok janaria merke ordaintzera ohitu gara».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.