Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Zoritxarreko gau batean gertatu zen, laurogeiko hamarkadaren bukaeran. Lagun batekin nengoela, Zarama taldeko jarraitzaile batzuk hurbildu zitzaigun agurtzera. Gure 'ardo eta larrosetako' egunak ziren eta halako egoerak ez ziren arrotzak. Ia ezustean, hurrengo orduetan elkarrekin ibili ginen tabernaz-taberna. Goxoa zen, nola ez, haien barreak ... entzutea nire txiste eta pasadizo guztien ohiartzun gisa, haien belarriak erne ikustea beti nire txotxolokeriak entzuteko prest. Atsotitzak dioen legez 'Inorentzat ez da garratza goxoki bat'.
Baina gau hartan ahaztuko ez nuen ikasgai bat jaso nuen. Pub baten barran geundelarik, tipo bat hasi zen horietako fan bat gogaika eta irainka; aurre egin nionean...bakarrik geratu nintzen. Bat batean behegainean nengoen tipo horren eta bere lagunen ostikoak jasatzen. Izan nuen laguntza bakarra nire lagunaren aldetik etorri zen. Bere 'bitartekari lanak' zirela medio lortu nuen hortik zauri larririk gabe irtetzea. Nire ustezko maitaleak kale egin zuten liskarra hasi bezain pronto eta kalean zeuden zain, kikilduta eta burumakur. Ni adizkideen artean nengoelakoan nengoen. Baina oker nenbilen.
Askotan entzuten da, zenbait artisten ahotan «nire publikoak maite nauela sentitzen dut» eta antzeko esaldi ponposoak. Baina ez. Fan izateak –eta nik ere beste batzuen fan amorratua izan naizelako diotsut– ez du maitasunarekin zerikusi handirik izaten. Beste gauza bat da.
Ekaitz Goienetxeak idatzitako 'Zaldi mamarrua' liburuan, bi gazte arteko elkarrizketa esanguratsu hau irakur daiteke:
– Zelakoak izango ziren Eskorbutokoak orain?
– Ba igual ez ziren gehiago punkiak izango...
– Txo! Imaginatzen? Patxanga y la ostia!
– Buah! Isilik egon hadi, ze nazka!
– Patxanga ez, baina igual punk ere ez.
– Zer ba ez?
– Txo ba ya izango zirelako helduak, eta igual formalduko ziren ezta? Zer dakit nik txo.
– Ya te digo. Hori da normalena, bai: lana topatu, familia bat osatu...
– Etxe bat erosi, telebistatzar bat, autokarabana handi bat domingeroarena egiteko...
– Imajinatzen? Eskorbutokoak funtzionario posturen bat lortuta eta seme alabak ikastetxe pribatuetan matrikulatzen, alemana ikasteko.
- Buah, ba orduan hobeto daude hilda
- Ba bai. Horrela ya punk talde onena izango dira betiko.
Jakina, idoloen familia eta benetako lagunentzat helburu nagusia ez da inoiz 'betiko talde onena izatea' edo antzeko zerbait, heriotza goiztar baten bidez. Aukeratzekotan, maite izan zutenek bizi luze eta osasun oneko funtzionariak izatea nahiago zuten, duda barik, baina...
Keith Richards ere, bere autobiografian gai honen inguruan egiten du gogoeta. Rolling Stones eta Beatles taldeak sortu zirenean, hirurogeiko hamarkadan, fan fenomenoa –batez ere neska gazteen aldetik– histeria kolektibo hutsa bihurtzen zen askotan. Oihuak, atzamarkak, jarraitzeak... Zer da benetan lortu nahi zutena? Richardsen iritziz «horiek ere ez zekiten».
Ustezko miresle amorratu bat zen John Lennon hil zuena, autógrafo bat eskatu ostean.
Badago politika munduan oso zabalduta dagoen esaera bat: «0bizitza honetan badaude lagunak, etsaiak eta alderdi-kideak». Era berean, pop mundurako moldaketa hau proposatuko nuke: «badaude zaletuak, kontrakoak eta fanak».
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.