Borrar
Litekeena da Pedro Sánchezek orokorrak deitu behar izatea, hain da ahul eta ezegonkorra bere egoera. Efe
Zahar berri

Zahar berri

Harizpetik ·

2019a ezin oparoagoa izango da hauteskundeen batuketari dagokionez. Alderdien arteko berezko dinamikek aparteko bizitasuna izango dute, bakoitzak bere esparrua gorde eta, aldi berean, gehiengoak osatzeko aliatuak bermatu beharraren ondorioz

Miércoles, 2 de enero 2019, 00:52

Politikarekiko grina ez da sasoi batekoa, belaunaldi berrien artean batik bat. Nolabaiteko desideologizazio prozesua ari da gertatzen. Beharbada, egokiagoa litzateke esatea sigla jakinekiko fideltasuna dela malguagoa dena. Mundua ulertzeko ikuspegi ezberdinak egon badaudelako, baina horiek defendatzeko tresnen artean aspaldion jauzi gehixeago dagoelako. Alderdien sasoian sasoiko estrategiei erreparatzen zaie, hautagaiei, jokabideei. Estimuluei, horien sorburuan daudenei baino gehiago. Badira modu akritikoan bizitza osoan militante direnak baina, eragile politikoen muinetik at, herritarrek gero eta zorrotzago jokatzen dute, edo arduragabeago. Bata eta bestea ez direlako bateraezinak, muturrekoetan gaudelako. Erdibidekoa, transakzionala susmagarri da.

Hainbat faktore daude horren atzean, ideologiek globalizazioaren eraginezko abiada handiko aldaketetara egokitzeko izan dituzten ezintasunak, ezkerreko eta eskumako zenbait alternatiba nagusiren arteko gero eta distantzia txikiagoa, ustelkeria kasuek ahalbidetutako mesfidantza, krisi ekonomikoak lehentasunen ardatza aldatu izana edo-ta normaltasun demokratikoaren soseguaren ondoriozko desmobilizazioa, besteak beste.

Guzti horiek agerian jarriko dira hasi berri den 2019an, udal eta foru hauteskundeez gain maiatzaren 26an Europakoak ere badatozenean. Litekeena da, gainera, Pedro Sánchezek orokorrak deitu behar izatea, hain da ahul eta ezegonkorra bere egoera. Dagoeneko alderdi guztiak ari dira agertoki horri begira, euren profilak nabarmentzen eta besteenak zirriborrotzen saiatuta. Boterea eskuratzeko makineria diren neurrian, ez dago bozak baino ezer garrantzitsuagorik alderdietako zuzendaritzentzat, eta urte berriko ezohiko batuketak lehia bizira eraman ditu azkenaldion. Kalkuluetan dabiltza bete-betean, inkestetatik begirada kendu ezinik.

Inmigrazioaren aurkako jarrerak

Espainia mailako alderdi-bitasuna krisi ekonomikoak eta Katalunian abiatutako prozesu independentistak eraman zuten, Podemosen agerpen indartsuarekin lehenik eta Ciudadanosen ikuspegi jakobinoak nolabaiteko hautes-saria jaso ostean gero. Eskumako bozemaile askotxok gutxi iritzi diote aukera horri eta Voxek agerraldi ikusgarria egin berri du Andaluzian. Mariano Rajoyren sasoikoa konplexuz betetako PP ei zela-eta Konstituzioaren mugetatik haraindi aurkitu dute alternatiba berez ziurrenik autonomien egiturarekin sekula gustora egon ez direnek edo-ta muturreko irtenbide irmo eta errazak lehenesten dituzten gazte oso kontserbadoreek. Lurralde batasuna, inmigrazioaren aurkako jarrera, garai bateko ordena sozialaren gorespena eta antzekoak ez dira berriak eskuin muturraren agendan, baina ez dute agerpide politiko sendorik izan krisi ekonomikoa, Kataluniako auzia eta inmigrazioaren gorakada batu ez diren bitartean.

Paradoxikoki, eskuinaren indar banaketak aparteko aukerak ematen dizkio, baita hauteskunde orokor aurreratu batzuetan Kongresuan gehiengo osotik gertu izateko ere. Aliantza Popularrak PPri lekukoa eman zionetik honen helburu nagusia zentrutik oso eskumara arteko bozak biltzea izan da. Eta lortu izan du. Azkenaldion, baina, gero eta zailagoa egin zaio. Hala, 2011ko Rajoyren sekulako emaitzetatik honako asaldaketa politiko, ekonomiko eta sozialek, gehi ustelkeria kasu zenbaezinek, ikaragarrizko kaltea egin diote. Eskumakoenentzat aukera leun eta beldurtiegia da jada; eta kontzientzia zibiko gehien dutenentzat, aldiz, toxikoegia, jokabide irregular eta legez kanpokoak sarriegi ahalbidetu dituena.

Horien aurrean, Pedro Sánchezek presidente izateko hartutako bidea berria izan zen erabat, 1978tik gaur egunera artekoan estrainekoz baliatutakoa. Zentsura mozioa hain bloke heterogeneoak babestu izanak laster jarri ditu agerian horko kontraesanak, hutsuneak, gutxieneko akordioak lortzeko zailtasunak. PSOE eta Podemos ardatz bihurtu dira dagoeneko, batik bat aurrekontuen inguruko akordioa lortu zutenez geroztik. EAJ ere leial aritu da, euskal autogobernuaren defentsa irmotik bere ekarpena egiteko prest. Baina Katalunian dago korapilo nagusia. PDeCAT eta ERCri gero eta aldapan gorakoagoa egiten ari zaie euren arteko batasunari eustea eta prozesu independentista errealismo politikoarekin bateratzea. Hala, dagoeneko premiazkoa zaie erabakitzea Kongresuko egungo gehiengotik irtenbideak bilatzen saiatuko diren ala eskuinen balizko batuketak ekarriko lituzkeenen erresistentziatik ekitea gurago duten. Horrek zehaztuko du noiz datozen hauteskunde orokorrak eta zein izango den Espainiako agertoki politikoa urte dezentetan.

Autogobernua

Euskadin egoera askoz egonkorragoa da. Ezin izan dira aurrekontuak onartu, baina norabidea ondo zehaztuta dago azken urteotan. Ekonomiak hobera egin du eta langabezia-tasa %10tik beheraka doa, nahiz eta oraindik badiren desorekak eta landu beharreko ildoak. Herritarrei galdetzen zaienero Urkullu lehendakariarenganako eta bere sailburu taldearekiko konfiantza agertzen dute. Nazioarte mailako egungo egoeran ia bitxia da hori. Euskal gizartearen heldutasuna adierazten du horrek, lasterbideei uko egiteko asmoa; eta baita buruzagi politikoek lehentasunak egoki aletu eta horiei aurre egiteko duten gaitasuna ere.

Estatus berriaren inguruko eztabaidak luze joko duela ematen du, aurretiaz ezarritako epeez haragokoa. Estatu mailan jazotakoek izango dute eraginik, nola ez, baina ezin da autogobernua eguneratzeko eta horretan sakontzeko aukerarik alperrik galdu, gizartearen gehiengo zabal batek osatu nahi baititu Gernikako Estatutuan jasotako tresnak. Aitzakiatan dabilenak edo balantzaren orratzetik gehiegi urruntzen denak herritarren erantzukia jasango du neurriren batean. Ez dagoelako iparrorratzik bako abenturetarako gogorik, askotarikoen arteko akordioen bidez gure buruaz jabeago izateko eta lankidetzan —batik bat Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin— eragiteko baizik.

Hasi berri den 2019a ez da politikoki oharkabeko horietakoa izango. Gertakariak abiada bizian doaz bestela ere, baina honakoak maila askotan baldintzatuko du etorkizuna. Gertuenekotik hasita Europakoetara arte. Herritarrei dagokie hiritartasunaren baloreak lehenestea, giza eskubideak, elkartasuna edo-ta askatasuna errotik babestea, ñabardurak aintzat hartzea, errazkeria ez puztea, antipolitikatik eta ahoberoengandik urruntzea. Agintariek, aldiz, garai nahasiok eskatzen duten maila eman behar dute. Horrela asmatuko da bidegurutzeetan. Horrela uxatuko dira aurreko mendearen lehen zatiko mamuen arteko gehienak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zahar berri