Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Hiri batentzat sekulako ondarea da kulturarekin bikaintasunezko ahalik eta lotura gehien izatea. Maila ekonomikoak, ongizateak, hirigintzak, segurtasunak eta halakoek ekarpen handia egiten diote horri, horien eskutik baitira posible bestelako loraldiak. Giro jakin batek ahalbidetzen ditu bestelakoak. Oinarrizko elikagaiak behar dituelako arteak, orotariko sormenak. Eta Bilbo beti izan da goi mailakoa horretan, ospe handikoa.
Eragile askok osatu dute hiriburuko kultura-sare sendoa. Horiei esker izan da erreferente arlo ugaritan, besteak beste operan. Luzea da ABAO-OLBEren ibilbidea, eta zeharo oparoa. Operaren Lagunen Bilboko Elkartea 90.000 ikusletik gora ari da biltzen urtero bere emanaldietan, askotariko jardueren bidez. Artistikoak dira ezagunenak, operak alegia, baina zabalkunde zereginetan eta oro har kultura suspertzekoan ere fin eta eraginkor ari da.
Ez dago operazale izan beharrik ABAOren izen onaz eta horren atzean dagoen lan guztiaz ohartzeko. Begi sendoko kate batek osatzen du guzti hori, belaunaldi ezberdinen norabide bereko ekinak, eredu izan nahiak. Hala, Bilboren bitxietakoa da elkartea, azken urteotan hiriak egindako jauziaren oso aurretik ere sona ematen ziotenetakoa.
Azalak gutxi balio du mamirik ez badago. Alperrikakoa litzateke oraintsuko ikur direnen distira datorren edonork bestelako bizitasunik somatuko ez balu, kultura mailako eginkizunetan zaildutako ehun sozialik ez balego. Egon badagoelako du Bilbok hain nortasun osatua. Ez da hirigintzaren edo lorpen efektisten parke tematikoa. Kultura guztiz txertatua dagoelako bere izaeran, horren agerpideak aintzat hartu eta dastatzea, kalitatea lehenestea eta txalotzea.
ABAOk Bilboren irudia eta kultura-maila jaso ditu sortu zenez geroztik. Ustez elitista izan litekeena herritartu duelako, kalitatea beti helburu hartuta modu didaktikoan ikuspegi zabalez ekin diolako. Irabazi asmorik gabeko elkarte pribatua da, kudeaketa-eredu arrakastatsukoa. Antzeko zenbat eta gehiago izan orduan eta osatuagoa izango da Bilbo, anitz eta aukera gehiagokoa. Norbere burua kulturarekin lotuta ezagutaraztea baino hoberik ez dagoelako. Ondare horrek hiri baten iragana, oraina eta etorkizuna beti onerako baldintzatzeko duelako.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.