Ramon Olasagasti (ezkerrean) eta César Llaguno (eskuinean), komikiaren azal handiaren alboan. E.C.

«Zabaletarekin batera, Euskal Herri osoak zapaldu zuen Everesteko gailurra»

César Llaguno marrazkilariak eta Ramon Olasagasti idazleak 'Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean' komikia sortu dute

Iraitz Urkulo

Domingo, 19 de mayo 2019, 01:36

1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaletak Everest mendiaren gailurra jo zuen, munduak zerua urratzen duen talaia gorena. Euskaldunek aspalditik irrikatutako lorpena izan zen, bide luze eta neketsu baten azken urratsa: finantzazioa lortzea, oztopo politikoak, erorikoak, etsipen uneak, beldurrak, zalantzak… Ez zen batere samurra izan ordura artekoa. Talde lanaren garaipena izan zen balentria hura, euskaldunek eta sherpek soka berera loturik urratutako bidearen azken mugarria.

Publicidad

Gailurretik beherakoan, Martin eta Pasang Temba 8.750 metro inguruan geratu ziren artesi batean lotan, eta bibak hura bihur zitekeen balentriatik tragediara dagoen zorigaiztoko arrakala, baina ez. Biharamunean, erabat jota zegoen Zabaleta, ezertarako indarrik gabe. «Martin, indarra buruan dago!», oihukatu zion Xabier Garaioak Zabaletari walkie-talkie bidez. Hitz horiek bultzatuta, onik atera zen ataka larri hartatik. Talde osoaren babesa eta kemena ez ezik, urruneko arnasa ere iritsi omen zitzaion Martini. 1980ko maiatzeko egun hartan herri oso bat iritsi baitzen gailurrera.

Horra hor César Llaguno marrazkilariak (Barakaldo, 1972) eta Ramon Olasagasti idazleak (Berrobi, 1972) biziberritu duten gertaera gogoangarria. Komikiak 'Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean' du izenburua, eta Sua argitaletxearen eta Bilbao Mendi Film Festivalen arteko elkarlanaren emaitza da. Bi sokalagunak urratsez urrats aritu dira beren Everest partikularrean, kronika ilustratu hau osatu arte. Olasagasti arduratu da gidoiaz, eta Llagunoren paper-zorroan milaka zirriborro pilatu dira, elurretan ez, baizik eta zuriaren gainean eginiko milaka pauso txiki, 1980ko espediziokideen bidea berreginez. Era honetan, euskal mendizaletasunaren historiako une garrantzitsuenetako bat kontatu dute.

-Noren ideia izan zen komiki hau egitea?

-César Llaguno: Ideia aspalditik zuen buruan Jabi Baraiazarrak, Mendi Film Festival jaialdiaren zuzendariak. Euskal mendizaletasunaren mugarri edo pasarte garrantzitsu batzuk komikira eramateko egokiak izan zitezkeela pentsatzen zuen, historia beste era batera konta zitekeela, eta komikiaren formatua egokia izan zitekeela horretarako. Poloniarrek eginak zituzten komiki batzuk beren igoera esanguratsu batzuen gainean, eta Euskal Herrian ere antzeko zerbait egin zitekeela iruditzen zitzaion. Halaxe proposatu zigun proiektua Ramoni eta bioi. Gure historiako zer mugarritatik abiatu erabakitzerakoan, Everesteko 1980ko igoera hura iruditu zitzaigun aproposena.

-Mendi-espedizio bati buruz euskaraz irakur dezakegun lehen komikia da. Zelako harrera izaten ari da irakurleen aldetik?

-C. L.: Hainbat belaunaldik gogoan iltzatuta dute igoera hura, garai hartan bizi izan zen zirrara, eta, seguru asko horregatik, komikia ere harrera beroa izaten ari da. Euskarazko lehen edizioa agortu da dagoeneko, eta aurki izango da bigarrena liburu-dendetan. Guri iritsi zaizkigun iritziak ere, oro har, onak dira. Komiki xumea da, bai formatu aldetik bai asmo aldetik, baina igoera haren berri ez zeukaten belaunaldientzat egokia izan daiteke gure historiaren pasarte esanguratsu hartaz jabetzeko.

Publicidad

-Kontaketa 1967ko Andeetako espedizioarekin abiatzen da.

-Ramon Olasagasti: Urte hartan, aurrez inork igo gabeko hiru tontor igo zituzten euskal mendizaleek Peruko Mendilerro Zurian. Andeetako talde hura izan zen, zenbait urte geroago, Everesteko bi espedizioen bizkarrezurra. Han ziren Juan Ignacio Lorente, Angel Vallejo Rosen, Angel Landa, Pako Lusarreta…

Tximist espedizioa

-Ondoren, 1974ko Tximist espedizio aitzindaria etorri zen.

-R.O.: Urte hartan lan handia egin zuten mendian Angel Landak, Felipe Uriartek, Rosenek, Lorentek eta konpainiak. Tontorrerako saioan, 8.350 metroetatik behera egin behar izan zuten, haize bortitzagatik.

Publicidad

-Eta, azkenik, 1980ko espedizio arrakastatsua.

-R.O.: 1980ko espedizioan, 1974ko kide askoz gain, belaunaldi gazteago bat etorri zen: Xabier Erro, Kike de Pablo, Martin Zabaleta, Joxe Urbieta 'Takolo'… Aurrekoen esperientzia, gazteen kemena eta 1974ko eskarmentua faktore garrantzitsuak izan ziren espedizioaren arrakastan.

-Mendi-espedizio baten prestaketa-lan nekezak eta zailtasunak islatu nahi izan dituzue: Katmandurainoko bidaia, materialaren garraioa, baimenen tramitazioa…

-R.O.: Gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, baimena lortzea tramite ekonomiko hutsa da. Garai hartan, baimen bakarra izaten zen denboraldi bakoitzean, eta askotan urteak itxaron behar ziren txanda egokitu arte. Horregatik 1974tik 1980ra bitarteko tartea. Materiala itsasontziz bidaltzen zen Indiara, gero kamioietan Nepaleko mugara… Pentsa, Xabier Erro eta Kike de Pablo 1979ko abenduaren hasieran abiatu ziren etxetik, igoera baino ia sei hilabete lehenago, materiala mendiraino eramateko.

Publicidad

«Komiki honi esker, Everesteko espedizioaren gainean ezer ez dakienak ere ideia osoa egin dezake»

-Urratsez urrats kontatu duzue Everest mendiaren gailurrerainoko igoera.

-R.O.: Orrialde kopuruaren muga genuen, eta ezin izan ditugu espedizio haietako hainbat pasarte sartu; Tximist espedizioa, adibidez, oso bineta gutxitara mugatu behar izan dugu halabeharrez. Hala ere, saiatu gara igoera haren unerik esanguratsuenak eta zirraragarrienak jasotzen. Nire ustez, Everesteko espedizio haren inguruan ezer ez dakienak ere ideia nahiko osoa egin dezake igoeraren nondik norakoei buruz.

-Ez du batere erraza izan behar paisaia elurtuak margotzeak.

-C. L.: Ez pentsa, ni mota horretako binetetan sentitzen naiz erosoen. Ilustrazioaren mundutik nator, mendiari eta abenturari lotutako aldizkarietan paisaiak marraztetik, hain zuzen. Erretratuak egin izan ditut beti, baina binetak eta komikigintza geroago etorri ziren.

Publicidad

-Orduan, zer abantaila ditu zuritasunak marrazkilari batentzat?

-C. L.: Paisaia elurtuetan, mendiek lehen begiratuan uzten dute agerian beren egiazko tamaina: aldeak, planoak, ertzak… Argia eta bestelako faktoreak alde batera utzita. Hori askoz zailagoa da arrokak eta landaretza daudenean. Gainera, elurrari esker pertsonaiak egoera abstraktuagoetan koka daitezke, hondo hutsen aurrean, elementuak urriak diren tokietan. Erabat eroso sentitzen naiz halakoetan. Askoz problematikoagoak zaizkit barrualdeko agertokiak irudikatu behar ditudan binetak.

-Zure irudien bidez, Everest mendiaren handitasuna eta, aldi berean, haren hamaika aurpegiak erakutsi dizkiguzu irakurleoi.

-C. L.: Eskerrik asko. Hala izatea espero dut, bai. Everest lehenago ere marraztutakoa nintzen; izan ere, Mendi Galduarekin eta Torre muinoarekin batera aldi gehien marraztu dudan mendia da ziurrenik. Everest ezagutzen nuen, hortaz; ez, ordea, haren bideak eta bailarak. Komikiaren bertsio guztietan, hastapenetako zirriborroetatik, bineta askotan txertatu dut Everesten irudi bat. Beti presente, zelatan, kea darion buru ilun lurruntsu baten moduan, 'Euskaldunak Everest mendian' liburuan Felipe Uriartek deskribatu zuen bezala.

Noticia Patrocinada

Izugarrizko arrakasta: Euskarazko lehen edizioa agortu da dagoeneko, eta aurki izango da bigarrena liburu dendetan.

Oinarri nagusia

-Espediziokideen lekukotasunean oinarritu zarete komikia sortzeko?

-R. O.: Césarrek aipatu duen moduan, Felipe Uriarteren liburua izan da gure oinarri nagusia gidoia egokitzeko. Elkarrizketak ere egin dizkiegu taldekide batzuei, baina oroitzapenak, denboraren joanean, lausotu egiten dira, eta, horregatik, garai hartako datuetan eta idatzietan oinarritu gara gehienbat. Elkarrizketak, hitzez hitz, ez ziren horrelakoak izango, baina testuinguruan jarririk, hor nonbait ibiliko ziren. Hori bai, Rosenen egunerokotik eta Felipe Uriarteren egunerokotik esaldi esanguratsu batzuk berreskuratu ditugu.

Publicidad

-Komiki honetako pertsonaiek egiazko protagonisten antza al dute?

-C. L.: Nire ustez, komikiak badu zerbait didaktikotik, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun protagonistak fisikoki ziren modukoak irudikatzea. Omenaldi txiki gisa, haietako bakoitzak badu bere bineta, nahiz eta zenbait espediziokide kanpoan geratu diren ezinbestean. Pertsonaia bat marrazteari ekin aurretik, beti berrikusten nituen 'Euskaldunak Everest mendian' liburuaren hasieran agertzen diren espedizioko kide guztien argazki txikiak.

-Guztiek antzeko itxura zuten, ordea.

-C. L.: Lehen begiratuan, gizon bizardunak eta ile luzekoak dira denak, baina haietako bakoitzaren ezaugarri bereizgarria atzematen saiatu naiz. Kike de Pablok ile lisoa eta marra buruaren alde batean egina du, Lorentek betaurrekoak daramatza… eta Martin Zabaletak ez du bizarrik! Ahalik eta informazio gehien bilatu nuen protagonistei buruz eta, kasuren batean eskasa izan arren, ez nintzen horrekin obsesionatu. Batzuetan, lumazko beroki bat bezain gauza behin-behinekoek definitzen dituzte pertsonaiak.

Publicidad

-Garrantzi handia eman diezue taldekideen emozioei.

-R. O.: Bestela, kronologia hutsean geratuko ginatekeen. Horrelako igoeretan, alderdi emozionala, sentimenduak, norberaren barneko gogoetak oso adierazgarriak dira. Arrakala batean senti daitekeen beldurra, hirugarren kanpalekuan izarrei begira zigarro bat erretzearen plazera, etxekoen mira, zenbait unetako etsipena, mendiko lanak sortzen duen poza… emozio horietan nabaritzen da espedizio baten tenperatura. Gertaeren narrazio hutsera mugatu gabe, sentipen horiek ere jaso nahi izan ditugu. Azkenean, igoera hura oso emozionala izan zen alde guztietatik, eta horren isla ere bada, neurri batean, komikia.

«Omenaldi txiki gisa, haietako bakoitzak badu bere bineta, nahiz eta zenbait espediziokide kanpoan geratu diren»

-Alde horretatik, zeharo hunkigarria iruditzen zait Martin Zabaleta, gailurretik jaitsi berritan, Juan Ignacio Lorenteri besarkatuta ageri den irudia.

Publicidad

-C. L.: Bai, erabat ados nago zurekin. Oso bineta garrantzitsua da. Are gehiago, ondo legoke istant horri bineta bikoitza eskaini izana… Paisaien irudien bidez emozioak transmititu ditzakezu elementu sinpleekin: mendi handia, mendizale txikia… mugagabetasuna, ahalegina… Baina lehen pertsonan irudikatuak dauden eta emozioak adierazten dituzten binetak egiazko erronka izan dira niretzat.

-Oso agerikoa da euskal taldekideen eta sherpen arteko elkartasuna.

-R. O.: Bat-egite hori funtsezkoa izan zela esango nuke. Feliperen liburua irakurrita, agerian geratzen da euskaldunen eta sherpen arteko harremana oso estua izan zela. Mendebaldeko mendizaleen eta mendiko langileen bereizketa hori, espedizioan zehar, desagertzen joan zen, denak ziren langile eta denak mendizale. Talde bakarra zen. Pemba Tsering sirdarraren eginkizuna oso garrantzitsua izan zen horretan.

Publicidad

-1980ko espedizio hartan une gogorrak ere izan ziren, hil ala bizikoak. Gutxigatik ez zen ekintza gogoangarri hura tragedia bihurtu.

-R. O.: Gailurretik behera Martinek walkie-talkietik Hego Gailurraren azpiko arrakala batean bibaka egiten geratuko zirela iragarri zuenean, taldekide askok okerrena pentsatu zuten. Biharamunean ere, indarrak ahituta, pauso bat emateko gai ez zirela, hil ala biziko uneak izan ziren. Zorionez, dena ondo atera zen azkenean, eta ezerk ez zuen ilundu gailurraren poza.

-Obraren amaieran taldekideen zerrenda eta gertaeren kronologia zehatza erantsi dituzue. Zergatik?

-R. O.: Komikia osatzeko, aurrez aipatu dugun alderdi emozional horrez gain, datuak eta informazio zehatza gehitzeko. Taldekideen izen-abizenak, sherpenak barne, unerik eta gertaerarik esanguratsuenak zein egunetan izan ziren eta beste hainbat kontu jaso ditugu kronologia horretan.

-Zergatik diozue Martin Zabaletarekin batera Euskal Herri osoak zapaldu zuela Everesteko gailurra?

-R. O.: Halaxe izan zelako neurri handi batean. 1980an, diktaduratik atera berri, Everest ez zen gailur soil bat edo kirol lorpen huts bat izan. Herri txiki honentzat sinbolo bat izan zen Everest: gorenera iristea, aldarri bat, «hemen gaude, jakin dezala munduak gure berri»… Ez dakit taldekideek nola biziko zuten, baina herriak, nolabait, bere egin zuen igoera hura. Euskal Herrira itzuli zirenean herri guztietan egin zizkieten harrera beroak dira horren erakusgarri.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad