Xabier Leteren diskoak, Durangoko Azokako postu batean. José Ignacio Blanco

Xabier Leteren diskoak nire etxean

Miércoles, 31 de mayo 2023, 21:04

Gurasoen etxean geratu ziren gaztaroan erositako diskoak. Eta berriro itzuli naiz gurasoen etxera, apalategi zaharretatik Xabier Leteren diskoak esku artean hartzera.

Publicidad

Han ditut Xabier Leteren disko nagusiak eta gogoan ez nuen Lurdes Iriondoren beste bat ere bai, kantariaren izena izenburutzat daramana: 'Lurdes Iriondo', besterik ez, «Euskal Herriko nobia», «Joan Baez euskalduna» deitua izan zena, Gabriel Arestiren miresmena lortu zuena.

Nire harridurarako, Lurdes Iriondoren disko horrek AZ-1 zenbakia darama, Artezi etxeak (Artes y Ciencia diskoetxeak) argitaratu zuen lehena. Eta eskaintza darama: «Diska hau gure amari eskeinirik legoke, udaberri hontan, Urnietako zelaietan haizea epeltzen hasten den garaian hil baitzen». Heriotzaren drama lehen lerroetan daramalako hunkitu nau testu horrek.

Xabier Leteren argazkiak

1974 eta 1978 urte bitarteko Xabier Leteren bost disko gorde ditut. 1974an Artezirekin (Lurdesen ondoren AZ-2 esanguratsua) egindako 'Xabier Lete', 1976ko 'Xabier Lete: Kantatzera noazu', urte bereko Antton Valverderekin batera onduriko 'Txirritaren bertsoak' disko bikoitza, eta 1978ko 'Lore bat, zauri bat' entzutetsua.

Disko horiek berriro errepasatu ditut eta esan behar dut Xabier Lete berezia aurkitu dudala, bere kideengandik urrundua, bakartia, kanta lan horietan beste kantariengandik desberdintasuna bilatuko balu bezala.

Publicidad

Desberdina eta originala, adibidez, azalerako erabilitako estrategietan. Lehen-lehenik, diskoari irudia emateko argazkietan. Desberdina eta bakarra izan zen bere aurpegia agertzen disko batean. Aipaturiko 'Xabier Lete' diskoaren azalean agertu zen kantariaren lehen planoak oso garbi utzi zuen nor zen nor. Arestik esan zuen moduan «nire izena naiz». Eta Xabier Lete ahaltsua ageri zen argazki hartan.

Beste joera bat ageri zuten garai hartako kantariek. Orduan hasi ziren artista garaikideekin kolaboratzen, nolabait esateko artea kalera ateratzen. Ez zen arraroa denbora hartan, han eta hemen, eta diskoen artean ere neurri berean, Jurgi Oteizaren, Eduardo Txillidaren, Nestor Basterretxearen obrak begi aurrean edonon aurkitzea. Arte garaikidea, abangoardia herriratzeko ahaleginean ari ziren artistak eta kantariak.

Publicidad

Oskarbi taldeak, adibidez, Jurgi Oteizaren laguntza izan zuen 'Eskutari' (1972) diskoaren azalaren moldaketan, eta gauza bera 'Olentzero/ Hitz urri batzuk' disko bikoitzean (1976). Edo geroago Mikel Laboaren eta Zumeta pintorearen arteko lankidetza aipatu beharko genuke artea nola herriratu zen ikusteko.

Kantaria eta poeta

Bigarren puntu batean ere ageri da joera desberdina erakutsiz Xabier Lete. Kideek beste olerkarien testuak kantatzea maite zuten, edo bestela herri tradizioak emandakoa. Euskal identitatea indartu beharraren beharrez, profitatu zuten herri poesia diskoei usaina eta letrak emateko orduan. Xabier Letek, ordea, bere letra jarri du bere ahotsean.

Publicidad

Xabier Lizardiren, Bitoriano Gandiagaren, Antonio Valverde 'Ayalde'ren testuak usu ageri dira diskoetan. Poeta horien letrak musikatzea maite zuen Antton Valverdek. Imanolen 'Lau haizetara' diskoan Mikel Arregiren, Mikel Azurmendiren eta Txato Agirreren testuak aurkitu ditzakegu. Eta Atxaga gazte eta berde batenak Iñaki Eizmendiren disko batean.

Eta zer esan euskal folklorea berreskuratzeko egin zen ahaleginaz… Benito Lertxundik Zuberoako irudia guganatzeko egin zuen ekimena ez da ahaztekoa. Gogoan dut, neurri berean, Jon Zabaleta artistaren irudi xoragarriaren laguntzaz Haizea taldeak euskal baladen antologia batekin plazaratu zuen 'Haizea' diskoa (1977). Hantxe ziren 'Brodatzen ari nintzen' eta 'Ura isuririk' testu miresgarriak.

Publicidad

Kantari frantsesek bezala, Xabier Letek nahiago zuen bere testuak kantatu, bere lan poetikoa erakutsi. Eta gainera, bere lana besteen ahotsetan utzi.

'Cançó a Catalunya', 'Lore bat, zauri bat', 'Xalbadorren heriotzean', eta 'Haizea dator iparraldetik' kantuak edo poemak disko bakar batean bildu zituen kantaria ez da nornahi. Eta horixe egiteko gai izan zen Xabier Lete. Bilduma zoragarria ekarri zuen disko bakar batean, testu oroigarriak jendeari oparituz. Abesti ederren ahurkada paregabea.

1. Gorka Knörr, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo eta Xabier Lete, Gasteizen egindako errezitaldian, 1972an | 2. Lete, kontzertu batean. 3. Lete, Durangoko Azokan.

Bertso zalea

Hirugarren arlo batean ere desberdin eta original ikusi dut Xabier Leteren irudia. 1970 eta 1975 urte bitartean ez dira falta izan idazle bakar bati eskainiriko lanak, egile bakar baten testuekin ondutako disko monografikoak. Euskal poeta nagusi baten testuak zutabe gisa hartu eta haren lanekin onduriko album osoak ziren orduko batzuk. Eta askok euskal poeten lana zabaldu zuten entzuleen artean, entzulea irakurle bihurtzeko ahaleginean. Oskorrik Arestiren omenez edo Antton Valverdek Lauaxetari eskainitakoak dira, beharbada, gogoan ditugunak. Bana badira gehiago, zalantzarik ez, gehien bat euskal tradizioko kantekin osatuak.

Noticia Patrocinada

Atal horretan, Antton Valverderekin batera, bereiz jo zuen Xabier Letek eta, poeten ordez, Txirritaren bertsoak aukeratu zituen, bertsolaritzari itzal zabala emanez, eta beste inork ibili ez zuen bidea urratuz.

Giro horretan, bada, ez da arraroa Rozalen kantariak Xabier Leteren 'Xalbadorren heriotzean' kanta gure mugetatik kanpo aldarrikatzea. Kantari berezi baten itzal handia aitortzea besterik ez du egin. Eta gugan iragan minaren bideetatik egindako bidaia egiteko gogoa sortu du eta indartu.

Publicidad

Baiki, Xabier Letek jakin izan zuen bide propioak sortzen garaiko diskogintza aberatsaren barruan, bere irudiaren, bere kanten, bere zaletasunei esker, eta hiru bertute horien fruituak guri esku zabaltasunez luzatzen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad