Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Xabier Lete omenduz

Xabier Lete omenduz

Hamar saio laburrez osaturiko liburua plazaratuko dute hainbat idazleren lanak bilduz

Viernes, 30 de octubre 2020, 22:25

2010eko abenduaren 4an hil zen Xabier Lete (1944-2010) poeta eta kantaria. Eta gogorarazteko eta omentzeko asmoz hainbat argitalpen egin dira azken hilabeteetan. Ez Dok Amairu taldearen barnean toki berezi izan zuen Letek. Eta, gerora, haren irudiak zuen xarma areagotu egin da. Kantari talde hartan, hiru ziren poetak eta hirurak ez nolanahikoak: Xabier Lete; Joxanton Artze eta Jose Angel Irigaray. Kantariak, berriz, eta hauek ere ez nolanahikoak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi.

Alex Gurrutxagaren 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' izan zen lehena agertzen. Susmoa dut izenburuak baduela mamia. Lete poeta nazional gisa ageri du, eta behin eta berriro azpimarratu den poetaren eta kantariaren arteko zubia marraztu du. Xabier Leteren poesiari buruzko tesia egin du Gurrutxagak eta bere liburuari nabari zaio hori.

Beste bide bat aukeratu du Ainhoa Urienek 'Poesia, zaurien ukendu' izeneko bidaia emozionalean. Egileak aitortzen duenez, «unibertsitateko lan akademiko hura saiakera ez-akademiko» oso interesgarri bihurtu du bere liburuan. Joxerra Garzia hitzaurregilearen ustez, bidaia da liburuaren helbidea, lilura baten kronika. Neurri batean, bide bi uztartu eta bilbatu ditu Urienek liburu honetan: Xabier Leteren irakurketa eta hura ezagutu zutenekin egindako solasaldiak, eta bidea da esanguratsua kontaketan. Bildu dituen aitorpenak oso adierazgarriak dira: Arantxa Lete arreba, Joxan Goikoetxea musikaria, Jose Angel Irigaray bidaidea, Santi Sánchez etxeko lanen arduraduna, Felix Zubia eta Anjel Mendia osagileak… Lete ezagutu zutenen ikuspegia eta egileak irakurketan sortu duen pertsona elkartzen dira emozioz beteriko lan honetan. Agian, literaturaren historiako zertzelada batzuk huts egiten dute, baina txikikeriak dira Ainhoa Urienek egin duen bide argitsuan.

Balea Zuria argitaletxeko arduradunek ere omenaldia eskaini nahi diote Oiartzungo poetari. Hamar saio laburrez osaturiko 'Urrats urratuak. Xabier Leteren omenez' liburua plazaratuko dute hainbat idazleren lanak bilduz. Garbi azaldu dute lanaren arduradunek bere asmoa poetaren heriotzaren hamargarren urtemugan omenaldia egitea dela. Lehen ideia idazle sortzaileen lanak biltzea izan zen; ahal izanez gero, gertukoak, adiskideak edo poeta ongi ezagutu zutenak, eta horrela batu dituzte lanean Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Juan Kruz Igerabide, eta Inazio Mujika Iraola, Itxaro Borda eta Jon Gerediaga sortzaileak. Baina poetaren inguruko lanak ugaldu egin direnez azken garaian, egile aztertzaileak ere ageri dira bilduman, hala nola Ainhoa Urien bera eta Jon Martin bertsolaria. Liburuan aipatu denez, Leteren alde bi nabarmendu dira: aldi bulartsua eta abaildura. Eta egia da joera patetiko hori dela gehien ageri dena liburuan.

2016an, Sebas Garcia Trujilo ikerlariak 'Hamaika euskal literato eta Jaungoikoa' liburua atera zuen euskal idazleek Jaungoikoarekin zuten sentipen erlijiosoa lantzeko. Bide horretan, 'Hemen' aldizkariaren zenbaki berezia zuzentzen ari da, Xabier Letek (eta harekin batera Joxean Artzek) erlijioarekin zuten lotura zehazteko asmoz. Balea Zuria liburuaren arduradunek idatzi dute «damua, fedea eta maitasun sakona» izan direla Leteren bizitzan eta obran agerturiko hiru zutabe nagusi. 'Hemen' aldizkariko monografiko horrek antzeko helburu du: «Lete azaldu nahi dugu gizatasun, erlijiosotasun eta sinesmen ikuspuntutik», eta horretarako poetaren lagunengana jo dute ikuspegi hori ahalik eta sendoen eskaintzeko Xabier Leteren irakurle eta entzule den orori.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Xabier Lete omenduz