Urgente Un incendio en un bloque de viviendas desata la alarma en Basauri
Politikafetxo bat?

Nori axola zaizkio Europako hauteskundeak?

Alderdi politikoek sarritan erabiltzen dituzte Europako erakundeak euren etxeko interesetarako, eta horrela jendearen interesik eza elikatzen dute

Jueves, 23 de mayo 2024, 13:49

Hau ez da ekainaren 9an egingo diren Europako hauteskundeen garrantziaz konbentzitu nahi zaituen artikulu tipikoa. Ez dizut hitz egingo Bruselan erabakitzen den guztiaz, gure eguneroko bizitzan nola eragiten digun, Europar Batasunak dituen erronkez edo bizitzen ari garen mundu mailako egoera zailaz. Ez. Horretaz alderdi politikoak arduratuko dira, ziur, ostiral honetan hasiko diren kanpainako bi asteetan; batez ere, jokoan gehien dutenak beraiek direlako.

Publicidad

Artikulu honek indar politikoek hauteskunde hauei eta, oro har, Europako politikari ematen dieten garrantzia (edo, hobeto esanda, garrantzirik eza) azpimarratu nahi du. Izan ere, ohikoa da herritarren interes falta kritikatzea, kontuan hartuta deialdi hauetan parte-hartze txikia izaten dela. Baina, aldi berean, gutxitan jartzen da arreta alderdiek beraiek nola sustatzen eta elikatzen duten gizartearen atxikimendu eza hori, modu batera edo bestera.

Historikoki, alderdi politikoek Europa erabili izan dute euren etxeko interesetarako. Lehenengoa, hauteskunde-zerrendak diseinatzea tokatzen denean, beste administrazio batean kargu publiko izateari utzi dioten edo erretirotik gertu dauden kideak birkokatzeko. Adibide batzuk: EAJk Izaskun Bilbao bidali zuen Bruselara Eusko Legebiltzarreko presidente izateari utzi zionean; PSE-EEk gauza bera egingo du orain Idoia Mendiarekin, euskal politika utziko zuela iragarri ondoren; eta PPk antzeko zerbait lortu nahi du Carlos Iturgaitzekin, Javier de Andresi alderdiaren buruzagitzan erreleboa eman ondoren.

Europan alderdiek asetzen dituzten etxeko interesen artean aurkariaren higadura ere badago. Ohikoa da hemen bakarrik interesatzen zaizkigun gaiak Bruselara esportatzea, nazioarteko eragina lor dezaten, horrek garrantzi handiagoa emango balie bezala. Azken hilabeteetan, adibidez, amnistiarekin gertatu da. PPk Europako Parlamentura eraman zuen eztabaida, eta gertatu zena izan zen bilkura hura Espainiako eurodiputatuei baino ez zitzaiela interesatu.

Era berean, Europako hauteskundeak izaera nazionaleko beste hauteskunde batzuen lehen edo bigarren itzulitzat hartu ohi dituzte alderdiek. Esaterako, orain PPri garaipen bat komeni zaio erakusteko Espainiako gizartea ez dagoela gustura Pedro Sanchezen Gobernuarekin. Egia da honelako deialdietan boto-emaileek zigor-botoak emateko joera handiagoa dutela, pentsatzen baitute zigor hori ez dela hainbesterako izango. Baina, hain zuzen ere, interpretazio horien ondorioz, jendeak erlatibizatu egiten du Europako hauteskundeen garrantzia.

Publicidad

Bukatzeko, garrantzitsua da askotan entzuten dugun diskurtso demagogoa ez handitzea. Diskurtso klasiko horrek sinetsarazi nahi du Europako erakundeek ez dutela ezer egiten gure alde, eta eurodiputatuek soldata handiak jasotzen dituztela lan eskasagatik. Baina, aldi berean, garrantzitsua izango litzateke alderdi politikoek beraiek hori pentsatzeko argudiorik ez ematea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad