Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa

«Jarri wifia, aita», dira azken aldian semeei maizago entzuten dizkiedan hitzak. Errepikatzearen poderioz, 'Casablanca' pelikulako «Jo ezak berriro, Sam» hura bezain mitikoak bihurtu dira dagoeneko. «Jarri wifia, aita». Ez pentsa ikerketa mamitsu bat egiteko behar dutenik, ezta eskolarako lan baterako ere. Ez horixe. Sofan botata daude, erdi ilunpetan eta kakotuta. Nahikoa dute mugikorretik ateratzen den argi izpi ahalguztiduna. Zenbatetan bota diet erabileraren sermoia… Zentzuz erabiltzeko eta ez bihurtzeko gailuaren esklabo, denbora beste zerbaitetan erabiltzeko. Haiek baiezkoa egiten didate buruarekin, begiak pantailatik askatu gabe. Konparazio literario bat ere erabili izan dut, eta 'Eraztunen Jauna'ren eraztunarekin edo Sauronen begiarekin ere konparatu izan dut. Trumpen kastakoak zergatik aukeratzen dituzten ere azaldu izan diet arrasto larriz, bai eta egoera horiek gailu berriekiko bizi dugun alienazioarekin lotu ere. Michael Moore zinemagileari zera irakurri nion halako batean: «Jendea ergela bihurtzen baduzu, ergel bati emango diote botoa».

Jakin badakit belaunaldi bakoitzak bere berritasun eta joerak dituela, bere iniziazio sentimentala, bere errituak, bere modak, gurasoen garaiarekin zerikusirik ez dutenak… Are gehiago, haiekiko haustura bilatzen dutenak. Zer esan musikaz edo zinemaz… Semeei gustatzen zaien musika eskasa iruditzen zait, baina badakit gauza bera pentsatzen zutela nire gurasoek ere niri nerabezaroan gustatzen zitzaidan musikaz… Hasi naiz halako batean seme zaharrekin musikaz hizketan. Izan ere, etxean denetatik jarri izan diegu: rocka, musika klasikoa, jazza… Pailazoen musika gutxi, eta oso haurrak zirenean. Ezin ditut jasan beren seme-alabei etengabe pailazoen musika jartzen dieten guraso horiek. Zergatik ez diete jartzen beraiei gustatzen zaien musika? Ezin da haurren heziketa musikala pailazoen esku utzi, ez horixe. Lege bat egin beharko litzateke hori saihesteko.

Baina natorren harira. Garbi daukat lehengo musika gaurkoa baino hobea dela, ezin dela konparatu garai bateko rocka eta gaur egungo reggaetona. Eztabaida horretan murgilduta gaudela, neure buruari galdetu diot ez ote naizen zahartzen ari. Ez al da hori, bada, adinean aurrera doazen belaunaldi guztien ustea? Gerokoa atzokoa baino txarragoa dela? Zer pareka daiteke Beatlesekin, Bob Dylanekin edota Creedence Clearwater Revivalekin? Esaterako, 60etan jaiotako hainbatentzat ez dago Pink Floyd bezalakorik. Eta zer esan Rolling Stones, The Clash, The Who, Sex Pistols edo ACDCri buruz?

Horiek ere entzun ditut, gehi nire garaikoak. Adibidez, Queen, Kortatu-Negu Gorriak, Nirvana, REM, U2, Metallica, Oasis, Red Hot Chili Peppers… Jazza ere hor dago, klasikoak zein berriagoak. Gogoratzen dut aitari Mozart, Beethoven, Schubert, Verdi eta horrelakoak gustatzen zitzaizkiola. Neuri ere gustatzen zaizkit, eta, arestian esan bezala, badakit zer iritzi zuen aitak neuk atsegin nuen musikaz. Nolanahi ere, jakin badakit une bakoitzak musika mota jakin bat eskatzen duela. Musika klasikoa zergatik den hobea azaltzen saiatu naiz semeei. «Zenbat 'like' ditu Mozartek?», galdetu dit haietako batek. Alferrikako eztabaida dela ohartu naiz.

Etsia hartuta, haiei begira geratu naiz une batez. Sofan botata daudela, jubilatu pare baten irudia etorri zait burura, edo garai batean kalean gora irratia belarriari lapa-lapa eginda ikusten zenituen agure haiena, igandetako kirol-karruselaren txute dezibelikoa barneratzen.

Telefono konpainia baten iragarkiak arrazoi zuen: Wifia da gure aberria. Wifia non, gure etxea edo aberria han. Ez Euskal Herria, ez Espainia, ez Katalunia, ez Europa… Gure aberri berriak, dena posible den lurralde alegiazko horrek, Wifiland du izena. Izan ere, nork behar ditu lurraldeak eta nazionalitateak? Zertarako tematu jada iraungita dauden eztabaida horietan? Begi-bistakoa da gazteagoek ez dutela lurrarekiko eta gure kulturarekiko atxikimendu itsu hori. Asaba zaharren baratza errekara arropak garbitzea joatea bezain antigoalekoa da. Wifiaren eskuetan gaude dagoeneko. Pax Wifi.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Wifia