Edward Albee idazle estatubatuarrak 1962an argitaratu zuen 'Who's Afraid of Virginia Woolf?' antzezlana, 34 urte zituela. Literaturaren Zubitegian bilatuz gero, ez zaizue izen hori azalduko. Duela sei urte hil zen, eta ahanzturan erori dela dirudi, baina antzerkigile oso ezaguna izan zen XX. mendearen bigarren erdian. Absurdoaren antzerkitik edan zuen hasieran, Ionesco, Genet edo Beckett bezalako maisuetatik, eta bere umore garratzaren bidez, bizitza amerikarraren ikuspegi urratzailea erakutsi zuen. Ez zen izar bat, baina arestian aipatu lanari esker (edo haren erruz), ospe handiko Off-Broadway intelektual bihurtu zen goizetik gauera. Gainera, antzezlana estreinatu eta lau urtera, zinemara egokitu zuen Mike Nicholsek, Elizabeth Taylor eta Richard Burton antzezle nagusi zituela, eta pelikulak bost Oscar sari irabazi zituen, tartean Taylorrek jasotakoa, emakumezko antzezle onenari zegokiona. Antzezlanak harreman toxikoak zergatik jasaten ditugun islatzen du neurri handi batean, eta bikote baten barruko gorroto eta miseriak jartzen ditu agerian: autosuntsiketa, umiliazioak, alkohola, mendekotasun ekaiztsua… Senar-emazte protagonistek bizi dituzten nahasmen eta hutsuneei aurre egiteko antolatzen dituzten ikuskizun makurrak eskaintzen ditu. Amaiera irekia da, eta ikusleari dagokio ondorioak ateratzea.
Publicidad
Liburu hori izan zen, hain zuzen ere, hortik aurrerako bere lanak neurtzeko erabili zen neurgailua edo langa, baina Albeek, arrakasta hori lan mota jakin batean sailkatzeko erabili beharrean, bere bidea hartu zuen, heterodoxoagoa. Kritikak ez zuen sarritan hori ulertu, eta zalantzan jarri zituen hortik aurrerako ia lan gehienak, edo ez ikusiarena egin zien. Bestela esanda, 'Nor da Virginia Woolfen beldur?' idatzi zuen idazlea bihurtu zen ezinbestean. Hala ere, esan behar da Albeek hiru aldiz jaso zuela Pulitzer saria, eta 'Zooaren historia' edo 'Hiru emakume garai' bezalako maisulanak idatzi zituela.
Baina non sartzen da Woolf antzezlan horretan? Zergatik izenburu hori? Kritikari batzuen ustez, Albeek 'Who's Afraid of the Big Bad Wolf?' kantaren parodia bat zuen buruan testuari izenburua bilatu zionean. Virginia Woolf eta «Big bad wolf» fonetikoki antzekoak zirelako ingelesez. Izena behin eta berriz hartzen dute antzezlanean kantarekin batera, eta, beraz, hitz-joko moduko hori berretsi egiten da. Nolanahi ere, Virginia Woolfen eta «otso basatiaren» arteko harremana ere ezin daiteke kasualitate inozente bat izan, idazlearen bizitza pertsonal konplexua kontuan hartuta. Halaber, Albeek antzezlana New Yorkeko bere etxean idatzi zuela aipatu izan da, eta handik gertu, egun batean, izenburu hori bera idatzita ikusi zuela.
Bat-batean Edward Albeerekiko ahanztura eta Woolfen izena gurutzatu egin zaizkit pentsamendu bitxi batean. Azken aldian, batez ere 'Gela bat norberarena' (2012an Maria Colerak itzulia) idazteagatik ezagutzen dugu Woolf, borroka eta aldarrikapen feministen bultzadapean. Are gehiago, jendeari Woolfi buruz galdetuz gero, 'Gela bat norberarena' lanaren egiletzat joko dute ziur asko. Aldi berean, literaturaz gozatzeko eta kontzientziak pizteko balio duen liburua da, argigarria oso. Baina Woolf ez da liburu bakarreko egilea. Orain gutxi arte, idatzi zituen eleberri esperimental eta berritzaileengatik izan da batez ere ezaguna literaturzaleen artean: 'Dalloway andrea' (1925), 'Farorantz' (1927), 'Orlando' (1928) edota 'Olatuak' (1931). Zorionez, euskaraz badugu lan horietako biren itzulpena: 'Dalloway andrea' (2014, Itziar Diez de Ultzurrun) eta 'Farorantz' (1993, Anton Garikano). Literaturaren Zubitegian begiratuz gero, ohartuko gara 'Gela bat…'ek sei kritika jaso dituela, eta, beste biek, aldiz, bi 'Dalloway andrea'k eta bakarra 'Farorantz'ek. Irakurle taldeetan edo hitzaldietan ere, nabaria da lehenaren presentzia.
Ondo legoke liburu horrek beste guztiak ez eklipsatzea eta Woolfen neurgailu edo 'langa' ez bihurtzea. Izan dadila, aitzitik, haren beste lanekiko ate edo leiho, ahanzturan eror ez daitezen. Nor da Virginia Woolfen beldur?
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.