Aspaldiko egun batean, bat batean, lagun batek, maisu batek, edo agian zeure gurasoek Gabonetako gezur nagusiaren berri eman zizuten -estatubatuarra izanik, zeure presidentea bera izan zitekeen-. Orduan zure buruari galdetuko zenion «nolatan izan nintzen horren inozoa?». Baina bestalde, eta urteak pasa ahala, horren kokolo sentiarazi zintuen gezur hura zuk ere erabiltzen duzu txikiekin, azken finean zuk bizi zenuen magiaren oroitzapena polita eta gomendagarria iruditzen zaizu nonbait. Eta gabon zaharreko eta urte berriko ospakizunez, zer esan? Soberan dakigu denak beste egun bat besterik ez direla, munduaren erdiak ez diola jaramonik egiten, beste egutegi batzuk dituztela eta. Hala eta guzti, mahatsak, suziriak eta cava hor daude beti prest, urtero-urtero bizirik jarraitzen dugula ospatzeko edo. Badago beste gezur handi bat ere, horrenbestetan aipatzen ez dena: Jesukristo ez zen abenduaren hogeita bostean jaio. Eliza katolikoak, bere garaian, data hori aukeratu zuen lehenagoko neguko ospakizunak bereganatzeko. Igarotako egun hauetan 'Inuzente Eguna' ospatzen da baita ere. Horrenbeste Gabonetako ipuin zuri artean, Herodes maltzurraren pasadizoa kontatzen zaigu. Belengo jaioberri guztiak hilarazi omen zituen Jesusen etorrera ekiditeko. Eta horren ekintza odoltsua ospatzeko edo, txantxak eta berri faltsuak zabaltzen dira nonahi. Bide batez, aurtengo inozentaden kalitatea tamalgarria izan da. Wikipedian begirada bat eman eta gero -eta aldez aurretik uste nuenez- sarraski horrek ez du inongo oinarri historikorik. Norbaitek Herodesi halako basakeria leporatu zion, oso zabalduta omen zegoelako tipo krudela zela benetan. Behin jakinez gero data goxo horietan kontatu zigutena gezur hutsa zela, badirudi prest egon beharko genukeela bizitzaren engainu guztiak igartzeko. Ba ez. Zoritxarrez, adi ibili arren, iruzurrak beti daude hor, gure zain: banketxeetako «preferenteetan«, alderdien promesetan, politikarien masterretan edota maitasun hitzetan. Egun hauetan jakin izan dugu: Alemaniako kronikaririk ospetsuenetariko batek, Claas Retolius-kazetariak, Der Spiegel egunkarikoak, bere ibilbide luzean lortutako sari guztiak galdu ditu gezurretan ibiltzeagatik. Siriatik, Mexikotik eta beste hainbat lekutatik bidalitako lanek hamaika irakurleren bihotzak samurtzea lortu zuten. Lankide batek agerian jarri zuen ziria. Gezurrak, engainuak, ziriak, bizitzaren bidean ditugu etengabean. Batzuen iritziz guztiz beharrezkoak dira batzuetan. Gezurrik gabeko mundua -esaten dutenez- bertan bizitzeko modukoa ez den leku bat izango litzateke. Eta ez pentsa, ez dira beti besteak ziria sartzen digutenak, berriki argitaratu den ikerketa baten arabera, gutako ehuneko hirurogeita bost prest geundeke geure gezurrak sinesteko. Hori dela eta, askotan esperientzia berbera bizi izan dugunon artean oroitzapenak guztiz ezberdinak izaten dira. Ziur aski bai. Onartu behar dugu, zenbait gezur bizitzaren zama eramateko orduan baliagarriak izan daitezkeela. Denok dugu magia gustuko, horren atzetik trikimailuren bat dagoela jakin arren. Baina hori bai. Italian dioten moduan, «se non è vero, è ben trovato», hau da: egia ez bada ere, ongi kontatu behintzat. Urtarrilaren aldapa zoriontsuak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.