Borrar
Vasili Grossman

Vasili Grossman

Grossmanek ez dio irtenbiderik aurkitzen ongiaren eta gaizkiaren arteko gatazkari

Felipe Juaristi

Viernes, 1 de abril 2022, 19:13

Ukrainan gerra piztu dute. Aitortzen dut esateko modua dela. Gerra duela zortzi urteko kontua da, Donbasseko zenbait jendek Ukrainatik kanpo behar zutela erabaki ondoren. Egia omen da gerran hiltzen lehena, hala diote, eta egia hori are egiagoa da, gezurgintzaren fabrika jo ahalak jo eta ke ahala ke botaka ari den honetan. Hain da eragin gaiztoko ezen, zenbait tokitan, industria sendo eta garrantzizko bilakatu baita. Gezurra da ukrainar guztiak naziak direla, gezurra den bezala errusiar guztiak direla Ukraina txikitzearen aldekoak. Egongo da, zalantzarik ez, hainbeste gezurren artean egiaren bat, edo egiazko zelai garbiren bat hainbeste triskantza eta hondamendiren artean. Interesatzen zaigun egia da oinarrizkoa, Errusiak Ukrainari eraso egin dio, eta ez alderantziz, eta horrek asko esan nahi du.

Estimazio handia diot Vasili Grossman idazleari; hogeigarren mendeak eman dituen idazleen artean kuttunetakoa dut. Ukrainan jaio zen, Berdicheven, judu asko bizi zen herrian. Grossman, ikasketaz kimikaria zen, eta, ikasketak amaitutakoan, lana hartu zuen Donbassen meategi bateko inspektore gisa, orduan gaur bezala, industriaren haztegi baitzen. ‘Berdichev herrian’ ipuina argitaratu zuen eta orduko idazleen gorapena jaso ere bai. Baina, errealistegia ote zen leporatu zion Gorki maisuak.

Mapetan begiratzen dut non ote dagoen Berdichev eta ohartu naiz mendebaldean dela, Kievetik kilometro askotara. Litekeena da, idazten ari naizen une honetan, gerra bere krudeltasunaz eta bere ankerkeriaz iritsi ez izana. Bigarren gerratean, ordea, naziak sartu ziren eta bertako judu guztiak hil zituzten, hogeita hamar mila gizon-emakume, adin txikiko eta adin handiko, tartean Grossmanen ama. Gero jakingo zenez, boluntario ukrainarrek ere parte hartu zuten krimen horretan. Bizitza osoa eramango zuen gertaera hori deitoratuz, bere burua zigortuz, ea zergatik ez ote zuen berak amaren bizia salbatu. Paul Celanek ere bizitza osoan eraman zuen gogoaren soinean antzeko zama, gurasoak ezin salbatu izana, naziek heriotza-gune batean, alegia herio-fabrika batean hil baitzituzten. Grossman lehenetakoa izan zen Treblinka askatuan sartzen, eta han ikusitakoaz idatzi zuen ‘Treblinkako Infernua’ izeneko testua. Gutun bat baino gehiago idatzi zizkion ama hilari.

«Bizitza osoan zehar uste izan dut nigan ona zen guztia, zintzoa zen guztia, ona zen guztia, besteekiko nuen maitasuna, dena zugandik zetorrela. Nigan txarra den guztia ez dator zugandik. Baina zuk, ama, maite nauzu, nahiz eta oso txarra izan. Zure maitasuna nirekin dago, eta nirea zurekin egongo da betiko».

Zergatik gaizkia zabaldu den ongiaren izenean, hori da Grossmanen galdera, hori da haren kezka nagusia. Grossmanen lan nagusia irakurtzen duenak (‘Bizitza eta Patua’ izan daiteke itzulpen egokia) badaki idazle horren borroka ongiaren izen-abizenak dituen gaitzaren aurkakoa dela. Berak idazten du inork ez duela krimenik burutzen gaizkiaren izenean, ongiaren izenean baizik. Ongia gaizkiaren perbertsioa da bihurtzen, gaitza bera baino gaitzago eta gaiztoago.

Grossmanek ez dio irtenbiderik aurkitzen ongiaren eta gaizkiaren arteko gatazkari. «Jainkoak ere ez dezake arindu lurraren gaineko gaitza». Ongiaren aurretiko ontasunak irabazten du, ordea», alegia ontasun txiki ezdeusak. Rousseauk «pietate» deitzen zion. Guk, modernook, «solidaritate» izenaz bataiatu nahi dugu. Ez da gauza bera, baina hurbilean daude bata eta bestea, nola garia eta garagarra.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Vasili Grossman