Begoña Durruty eta Uxue Alberdi, 'Belarriko kilkerra' liburuarekin. Lusa

Uxue Alberdiren 'Belarriko kilkerra' lanaren aurkezpena eta irakurraldia, gaur, Loraldian

Elgoibarko idazleak eta Begoña Durruty ilustratzaileak ondutako lanean 32 narratzailek ahoz kontatutako 60 kontakizun labur biltzen dira. Liburuaren sortze prozesua ezagutzeaz gain, ostegun honetan Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar dendara bertaratzen direnek «dibertitzeko eta hunkitzeko aukera izango dute»

Miércoles, 6 de marzo 2024

Uxue Alberdi idazleak eta Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak 'Belarriko kilkerra' lana (Elkar argitaletxea) aurkeztuko dute ostegun honetan Bilboko Poza lizentziatuaren kaleko 14. zenbakian kokatuta dagoen Elkar dendan. Loraldia Festibalaren testuinguruan antolatutako ekimena da hau, eta 19.00etatik 20.00etara iraungo du. Bertan Alberdik liburuaren kontakizun batzuk irakurriko ditu (Spotifyn berak irakurritako 12 daude), «eta liburuaren sortze prozesua ezagutzeaz gain, dibertitzeko, hunkitzeko eta oro har, bizitzaz hausnartzeko parada izango dute bertaratutakoek», diote antolatzaileek. Sarrerak erosi nahi badituzu, sakatu hemen.

Publicidad

'Belarriko kilkerra'ren harira, Elgoibarko idazleak istorioak biltzen jarraitzen duela aitortu digu. «Orain emakumeak protagonista dituztenak biltzen ari naiz, eta nire asmoa da beste urtebetez aritzea jarduera horretan, ondoren, liburu berri bat egiteko. Beraz, 'Belarriko kilkerra' lanaren pasarteez aparte, orain biltzen ari naizenetariko eta argitaratu gabe dauden beste pare bat ere irakurriko ditut. Eta hitz egingo dut entzuteko ariketetatik abiatuta idazteaz, istorioak elkarri kontatzearen garrantziaz, ahozkotasuna idazteaz, ahozkoan lagunduta idaztean prosak hartzen duen bizitasunari buruz, etab.», dio.

Elkar argitaletxeak iaz kaleratutako lanari dagokionez, azpimarratzekoa da bertan bildutako testu guztiak norbaitek Alberdiri ahoz kontatuak izan zirela, berak entzunak eta idatziz emanak. Bada, liburu honetan 32 narratzailek kontatutako 60 kontakizun labur biltzen dira, «batzuk oso barregarriak, nazkagarriak, dramatikoak, tristeak», Alberdik berak dioenez.

Autorearen hitzetan, ostegun honetan aurkeztuko duten lana «liburu akzidental bat da, ia deskuiduan sortua, beste ezpata bat harritik atera nahian ari nintzela. Nire seme-alabak, aita bera, eta ni neu ere entretenitzeko, itxialdiaren hasieran denok elkarrengandik gertuago senti gintezen edo, aitari mezu bat bidali nion, eskatuz: 'Aita, bidaliko al dizkiguzu grabatuta zure bizitzako kontuak? Lagunarteko anekdotak eta bihurrikeriak, seminariokoak, soldaduskakoak eta halakoak?'».

Ariketa gustatu zitzaion, eta istorio gehiagoren bila hasi zen Alberdi eta kontalari abilek nahi gabe egiten duten hori guztia paperean erreproduzitzen saiatu zen: inporta duena kontatzen eta gainerakoa isiltzen, hitz ordenarik eraginkorrena hautatzen, istorioak behar duenean bizkortzen eta hala eskatzen duenean gelditzen, dialogoak ondo ematen, arintasunik ez galtzen, testuingurua hitz gutxitan marrazten, eta amaiera inteligentziaz errematatzen.

Publicidad

Horrela, ehun edo berrehun istorio entzun ostean, gehien gustatzen zitzaizkionak hautatu, eta 60 kontakizun inguru bildu zituen 'Belarriko kilkerra'n, denak edo ia denak ahoz esanak (pare bat daude memoriatik ekarriak), belarriz jasoak eta idatziz emanak. «Azkenean, lau ataletan banatu genuen liburua: Marrubi-lapurretan izenekoan, bihurrikeria eta lapurreta txikiak kontatzen ditugu, xalotasunaren eta okerkeriaren larrean dirdira egiten dutenak; Zerurako eskailera atalean, umore beltza nagusi den hil osteko kontuak; Minaren gelan delakoan, istorio beldurgarriak eta dramatikoak aurkituko ditu irakurleak, eta Ispiluan-en gorputz fisikoa islatzen da», dio.

Nahiz eta ostegunean ezin izango den bertaratu, Alberdik Begoña Durruty ilustratzailearen lana goraipatu nahi izan du: «Ezin hobeto ikusi du kilkerraren kantua. Bizitzaren errea eta mina bezala jaso ditu existentziaren ederra eta poza. Esku trebez harrapatu ditu istorio hauen freskura eta mugimendua. Dramatismoa eta dibertimendua. Kontakizunetako detaileak hartu eta atal bakoitzerako konposatu dituen mural modukoak zoragarriak dira».

Publicidad

Aurkezpen honetaz gozatu nahi baduzu, ez ezazu pentsa eta hurbil zaitez Loraldiak literaturari eskaintzen dion parada honetara 19.00etatik 20.00etara. Mereziko du!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad