Borrar
Uxue Alberdi eta Begoña Durruty. ELKAR
Uxue Alberdik narratzaile ezberdinen anekdotekin sortutako liburua ezagutu Ahotsenean

Uxue Alberdik narratzaile ezberdinen anekdotekin sortutako liburua ezagutu Ahotsenean

Elgoibarko idazleak eta Begoña Durruty ilustratzaileak ondutako 'Belarriko kilkerra' lanean 32 narratzailek ahoz kontatutako 60 kontakizun labur biltzen dira. Ostiral honetan, bi egileak Ahotseneak literaturari eskaintzen dion gunean izango dira, 16.00etatik 16.30era

Jueves, 7 de diciembre 2023

Uxue Alberdi Durangoko Azokan murgilduta dago. Idazle elgoibartarrak, Begoña Durruty ilustratzailearekin batera, 'Belarriko kilkerra' liburua (Elkar argitaletxea) aurkeztuko du ostiral honetan Ahotseneak literaturari eskaintzen dion gunean, musika eskolan, 16.00etatik 16.30era. Lan horretan bildutako testu guztiak norbaitek Alberdiri ahoz kontatuak izan dira, berak entzunak eta idatziz emanak. Bada, liburu honetan 32 narratzailek kontatutako 60 kontakizun labur biltzen dira, «batzuk oso barregarriak, nazkagarriak, dramatikoak, tristeak», Alberdik berak dioenez.

Autorearen hitzetan, ostiral honetan Durangoko Azokan aurkeztuko duten lana «liburu akzidental bat da, ia deskuiduan sortua, beste ezpata bat harritik atera nahian ari nintzela. Nire seme-alabak, aita bera, eta ni neu ere entretenitzeko, itxialdiaren hasieran denok elkarrengandik gertuago senti gintezen edo, aitari mezu bat bidali nion, eskatuz: 'Aita, bidaliko al dizkiguzu grabatuta zure bizitzako kontuak? Lagunarteko anekdotak eta bihurrikeriak, seminariokoak, soldaduskakoak eta halakoak?'». Ariketa gustatu zitzaion, eta istorio gehiagoren bila hasi zen Alberdi eta kontalari abilek nahi gabe egiten duten hori guztia paperean erreproduzitzen saiatu zen: inporta duena kontatzen eta gainerakoa isiltzen, hitz ordenarik eraginkorrena hautatzen, istorioak behar duenean bizkortzen eta hala eskatzen duenean gelditzen, dialogoak ondo ematen, arintasunik ez galtzen, testuingurua hitz gutxitan marrazten, eta amaiera inteligentziaz errematatzen.

Horrela, ehun edo berrehun istorio entzun ostean, gehien gustatzen zitzaizkionak hautatu, eta 60 kontakizun inguru bildu zituen 'Belarriko kilkerra'n, denak edo ia denak ahoz esanak (pare bat daude memoriatik ekarriak), belarriz jasoak eta idatziz emanak. «Azkenean, lau ataletan banatu genuen liburua: Marrubi-lapurretan izenekoan, bihurrikeria eta lapurreta txikiak kontatzen ditugu, xalotasunaren eta okerkeriaren larrean dirdira egiten dutenak; Zerurako eskailera atalean, umore beltza nagusi den hil osteko kontuak; Minaren gelan delakoan, istorio beldurgarriak eta dramatikoak aurkituko ditu irakurleak, eta Ispiluan-en gorputz fisikoa islatzen da», dio.

Alberdik ostiral honetan Durangon alboan izango duen ilustratzailearen lana goraipatu nahi izan du: «Begoña Durrutyk ezin hobeto ikusi du kilkerraren kantua. Bizitzaren errea eta mina bezala jaso ditu existentziaren ederra eta poza. Esku trebez harrapatu ditu istorio hauen freskura eta mugimendua. Dramatismoa eta dibertimendua. Kontakizunetako detaileak hartu eta atal bakoitzerako konposatu dituen mural modukoak zoragarriak dira». Beraz, aurkezpen honetaz gozatu nahi baduzu, ez ezazu pentsa eta hurbil zaitez ostiral honetan Ahotseneak literaturari eskaintzen dion Musika Eskola gunera, 16.00etatik 16.30era. Mereziko du!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Uxue Alberdik narratzaile ezberdinen anekdotekin sortutako liburua ezagutu Ahotsenean