«Sustraiak ez dira aukeratzen, hegoak aukeratzen dira». Hauxe da Isabel Gonzálezek (Leon, 1974) whatsappeko egoeran gordeta daukan esaldia eta orain dela bi urte Eusko Legebiltzarreko tribunan bota zuen lehena. Podemos alderdiaren legebiltzarkidea Leonen jaio zen eta Euskadira etorri zen Kazetaritza ikastera. Pixkanaka-pixkanaka euskara ikasten hasi zen, eta, orain, hogei urte eta gero, hizkuntza menperatzen du. Euskaraldiko edizio honetan ahobizi izatera animatu da. «Nire sustraiak Leonen daude, baina nire hegoak euskaldunak dira».
Publicidad
-Nola hasi zen zure euskararekiko harremana?
-Ni Euskadira etorri nintzen Kazetaritza ikastera duela 23 urte eta karrera egiten ari nintzela bi ume zaintzen hasi nintzen. Beraiekin ikasi nituen nire lehen hitzak euskaraz: «tripako mina». Hori izan zen nire lehen kontaktua.
-Eta nola jarraitu zenuen?
-Gero pare bat urte egon nintzen kanpoan, eta itzultzean, beste lan batean aritu ondoren eta nik aurretik Bibliotekonomia eta Dokumentazioa ikasi nuenez, Ermuko liburutegian hasi nintzen lanean. Orduan heldu zitzaidan euskara ikasteko unea, nire kabuz eta hitz oinarrizkoenetatik abiatuta: mahaia, aulkia, atea... 27 urte neuzkan.
-Zergatik erabaki zenuen aurrerapauso hori ematea?
-Ulertu nuelako zerbitzu publiko batean hizkuntza jakin behar duzula, menperatu behar duzula, batez ere jendearen aurrean lan egiten duzunean. Nire lanean liburuak, filmak, aldizkariak... sailkatu eta gomendatu behar nituen. Jakin behar nuen zer neukan esku artean. Azkenean 2. profila atera nuen eta horrekin lanpostua finkatu nuen orain dela 14 urte.
-Oso zaila izan zen zuretzat?
-Bueno, bai... Ni ez naiz oso trebea hizkuntzekin, baina konbentzituta bazaude errazagoa da. Ez dut inoiz inposizio gisa hartu, niretzat betebehar morala zen. Bat-batean kulturaz betetako mundu ikaragarria zabaldu zitzaidan. Haur literaturarekin hasi nintzen errazena zelako, baina ederra iruditzen zitzaidan. Gero bertsoekin jarraitu nuen... Eta nire alabak jaio zirenean eta ahozko gaitasuna lantzen hasi nintzenean, oso harreman emozional berezia sortu nuen hizkuntzarekin. Hizkuntza emozioetatik ulertzen dut nik.
Publicidad
-Zerk bultzatu zintuen euskara erabiltzera?
- Alde batetik nire lanak, jendearekin ondo hitz egin nahi nuelako eta edukiak kudeatu ahal izateko. Baina nire inguruak ere bultzatu ninduen. Durangon bizi naiz, harrera bikaina egin zidan oso herri euskaldunean . Kanpotik bazatoz eta hizkuntza ikasten baduzu, plus bat daukazu, jendeak asko baloratzen duena.
-Hala ere, ziur zailtasunak izan dituzula...
-Zailena orain izaten ari da, Eusko Legebiltzarrera iritsi nintzenetik.
-Tira! Zergatik?
-Kontuan izan egunero oso gauza ezberdinei buruz hitz egiten dudala: justizia, hezkuntza, etxebizitza... Eta, gainera, kalean erabiltzen ez diren kontzeptuak ikasi izan behar ditut. Lehen aldiz «legez besteko proposamena» edo «erdibideko zuzenketa»-ri buruz entzun nuenean, haluzinatu egin nuen, kar-kar-kar!
Publicidad
-Tribunan eman zenuen lehen hitzaldia euskara hutsean izan zen. Zer sentitu zenuen?
-Hunkigarria izan zen. Hara iritsi, lehendakariaren aurrean jarri, beste politikari batzuen aurrean ere... Oso harro nago, eta horregatik idatzi nituen whatsappeko nire profilean esan nituen lehen hitzak: «Sustraiak ez dira aukeratzen, hegoak aukeratzen dira». Nire sustraiak Leonen daude, baina nire hegoak euskaldunak dira.
-Euskaraz egiten duzu beste legebiltzarkideekin?
- Bai, oso jende animatua dago. Adibidez, Laura Garridok (EAEko PPko idazkari nagusia) ikusten nauen bakoitzean gauza bera esaten dit: «Isabel, gure artean beti euskaraz!». Beste batzuetan agian nik erdaraz hitz egiten dut, baina beste pertsonak euskaraz hitz egiten dit eta primeran ulertzen dugu elkar.
Publicidad
-Orain Euskaraldiak aukera paregabea eskaintzen digu euskaraz bizitzeko. Zer da zuretzat ekimen hau?
-Niretzat momentu aproposena da lotsa kentzeko eta aitzakia ezinhobea da euskaraz hitz egiteko normalean gaztelaniaz hitz egiten duzun horrekin. Batzuetan gaztelania inertziaz erabiltzen dugu eta egun hauetan esate baterako zure auzokide bat ikusten duzu txaparekin eta pentsatzen duzu: «Zer ondo! 'Éste también está en el sarao'».
-Aurreko edizioetan parte hartu zenuen?
-Bai, Euskaraldiarekin izan nuen lehen harremana nire alaben eskolan izan zen eta superpotentea izan zen. Bideo batzuk egin nituen umorea erabiliz jendea anima zedin. Oso esperientzia polita izan zen.
Publicidad
-Oraingoan zein da zure rola? Ahobizi ala belarriprest?
-Ahobizi izaten ari naiz. Erabaki nuen presio puntu bat nahi nuela lotsa erabat kentzeko. Baina berdin da zein txapa erabiltzea, kontua da saiatzea.
- Zer esango zenioke euskara ikasten ari den eta oraindik Euskaraldian parte hartzera ausartu ez den pertsona horri?
- Esango nioke Euskaraldiak bizitza beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera eskaintzen digula. Gauza bat da euskaltegira joatea eta beste bat euskaraz bizitzea. Feministok esaten dugu betaurreko moreak jantzi behar ditugula. Ba, kasu honetan, jantzi ditzagun euskararen betaurrekoak eta goza dezagun!
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.