Borrar
Adobestock
Urteak eman duena
Territorios

Urteak eman duena

Viernes, 28 de junio 2024, 17:23

TERRITORIOS aldizkari kultural honek gaurko alea literaturari eskaini dio. Eta gure kritikoek argitzen dituzten liburuen iruzkinekin batera euskal literaturak aurten eman duenaren berri agertzea baliogarria dirudi. Zer eman du orain arte? Saiatuko gara denaren berri ematen.

Argia eta haragia

Nola hasi Patxi Ezkiaga poeta aipatu gabe? Nola idatzi mamua gelan dugunean? Nola defendatu literaturaren argia, itzalak nagusi denean? Ezin isildu mutu eta gortu arte ere. Mutuak ezin du izua itzali, eta itzalak eta izuak hartu dute hitzaren tokia. Urteetako isiltasunak dei egin du. Eta hori da hitza. Horixe da literatura. Ez da denbora luzea Giséle Sapiroren '¿Se puede separar la obra del autor?' liburua orri hauetan hizpide izan nuela. Liburuaren galdera ona da, denbora pasatu denean erantzun behar bagenu. Orain ez dut zalantzarik. Literaturak ezin du historia isildu. Hitzak isilik zena argitu duen neurriko ekintzez. Aitorpen minduez.

Erlazionatutako edukia

Gurea sistema txikia da

Gurea sistema txikia da. Batzuetan badirudi, eta maiz entzuten da, gurea beste sistemen besteko dela, gure literatura kalitatekoa dela, eta haien parean agertzekoa. Bai, horrela dela askotan dirudi. Sari nazionala lortu dugula, eta itzulpen arrakastatsua zabaldu dela, eta han eta hemen laudorioak argitaratu direla eta bai, birikiak hauspotu eta harro ikusten dugu burua.

Baina gurea sistema txikia da. Eta horrek bere ondorioak ditu. Alde batean jarri dezakegu sorkuntzan idazle batek edo besteak lorpen deigarria izatea, eta beste kontu bat da sare komertziala eta idazle taldeek ematen duten itxura.

Eta sistema txikiek duten (sufritzen duten, agian) ondorioa izan ohi da aldakorra izatea. Urte onak izatea eta bat-batean agorraldia, txaloak eta ondoren isiltasuna.

Aiora Sampedrok eta biok orain gutxi euskal eremuko ipuingintza alorrean 2000tik hona agertu diren egile eta liburuen zerrenda osatu dugu. Eta lehen ondorioa da idazle gutxi direla berriak eta 'belaunaldien' ordezkapena ziurtatua ez dagoela dirudiela. Txanda aldatze faltaren antsietate sindromean bizi garela dirudi.

Non ageri da hori? Argitalpenen urritasunean, lehenik; nobelaren faltan, ondoren. Egia da ez dela urteko lehen seihilabetekoa arorik onena euskal liburuarentzako, eta irailetik aurrera eta Durangoko azokari begira ugaltzen direla agerraldiak. Baina iazkoa ere ez zen nabarmena izan, Mikel Ayerbek Insula aldizkarian aldarrikatu duen moduan.

Martxoko emakume idazleak

Beasaingo Igartza Saria esku duen Elkar argitaletxeak urteak daramatza, 2007tik beharbada, sari hori merezimenduz emakume idazleei eskaintzen eta bere lana martxoan argitaratzen. Aurton 2022an saria irabazi zuen Lizar Begoñaren (1989) 'Mundu zitalaren kontra' nobela da deigarria seihilabeteko honetan. Baldintza biak bete ditu: Igartza Saria jaso eta martxoan argitaratua da.

Eta kontakizuna urri

Berriki agertu da Pello Lizarralderen 'Lanbroa' lana. Idazle nafarrak ohitu gaitu bere ohiturak maitatzera. Idazte modu berezia eta fina da berea, begietan eta begiradan oinarrituriko estetika pertsonala. Gaiaren gainetik Lizarraldek idaztankera nagusitu du, eta kontaketa du bide nagusi memoriari buruzko historia horretan, beti egin duen moduan, pertsonaiek joan etorriei lehen planoa emanik. Kontakizun bisuala berea.

Ingurukoei galdetu diet gogoan ote duten aurton agerturiko nobelarik. Eta erantzunak epelak izan dira. Dena dela Elkarrek Karlos Linazasororen 'Ez naiz ondo akordatzen' lan autobiografiko irrikorra eta irristakorra plazaratu du. Joxean 'Gizon barregarriak' kontakizun ironikoak ere argia ikusi du. Goiatz Labandibarren 'Zoo' ere aipagarria da. Ohi dudanez begiratu dut Zubitegia web orrian lan horien oihartzuna. Eta emaitza ez da esperantza jasotzekoa. Badira han eta hemen aipamenak (Agirrerenak 2, Linazasororenak 1), baina Goiatz Labandibarren kasuan argitaletxearen web orrian ere ez da berririk aurkitzen.

Nire ustetan Iñigo Astizen 'Monogamoak' da jaso beharreko lan berezia. Astiz aspaldi agertu zaigu gure literaturako idazle esanguratsu gisa. Orain arteko ona izan da, liburu hori ere ez da kaxkarra. Iradokizuna nabari du kontakizun bakoitzak.

Poesia nagusi

Iazko uzta ez zen makala izan Harkaitz Canoren, Jon Gerediagaren eta Oihane Zuberoa Garmendiaren lanekin. Giroan esango dute hau eta bestea, eta poesia ez dela sistemaren gunena eta ez duela saltzen, gutxi batzuentzako generoa dela eta abar. Bai, merkatuari begira hala da. Baina sorkuntza aldetik oso estimagarriak, irakurgarriak era betean, iruditu zaizkit oso denbora laburrean plazaraturiko hiru poema liburu: Luis Graderena, Edu Zelaietarena eta Angel Errorena.

Esango nuke orain arte urtean agertu izan diren poema liburuetan ezaugarri bi direla nagusi. Alde batetik, esanahia eta liburua egituratzeko gogo bizia, eta, bestetik, mezu garbia eta zuzena eskaintzeko proiektua. Har dezakegu Luis Garderen 'Urrats galduen hotsa' urritik apirilera doan kalendara gisa eratua, edo Angel Erroren 'Itzulpena/Traducción' atera berria, bere hitz joko joera garbiekin.

Esanahiari lotuz, memoria historikoa da Mikel Etxabururen 'Manttalingo alaba' liburuaren gakoa, Saturraraneko kartzelaren oroimenean bilbaturiko minarekin. Hitzaren muga den moduan Angel Erroren etengabeko zalantzan: Ote du hitzak izaraz eta izaeran den hori harrapatzen, esaten?

Hitzaren itzalaren azpian dena agertu nahi nuke Edu Zelaietak miopia ahaztuz, 'Presbiziak lagundu omen digu' liburu borobilean. Zelaietak bere esaldi moldean gora egin du poetaren izaeraz pentsakor ageri den honetan.

Komikiaren alorra

Gunerik ez den momentuan inguruko edo bazterreko generoak nagusitasuna hartu dute. Komikiaren alorrean 'Mo' lana sinatu dute irudietan Juan Suarezek eta Pello Varelak hitzen moldaketan eta gidoian. Bernardo Atxagaren 'Behi euskaldun baten memoriak' nobelan oinarriturik, literaturatik komikira genero aldaketan lan berri batekin egiten dugu topo. Aldaki koloretsua da Suarezek eta Varelak eman dutena. Aukera paregabea da berriz Atxagaren lanera hurbiltzeko, baina irudien magiak sormen lan berri baten aurrean gaudela baietsi du. Orain urte pare bat Larretxearen 'Ni ez naiz Mikel Laboa' hark txunditu bagintun, gauza bera egin du 'Mo' zoragarri horrek.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Urteak eman duena