Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Pello Zupiria
Sábado, 19 de marzo 2022, 23:22
Pandemiaren hasieratik ia bi urtera, ia inork ez du zalantzan jartzen literaturak momentu gogor horietan eskaini duen laguntza. Asko eta asko izan dira liburuen artean galdu eta letren bitartez euren bizitzetan poz pixka bat jarri dutenak. Nazioarteko fenomenoa izan da eta euskal literaturaren sisteman ere eragina izan du. Alde batetik, idatzizko artearenganako zaletasuna argi geratu da. Izan ere, nahiz eta oso momentu txarra bizi, liburu saltzaileek, batez ere txikiek, eskertu egin dute jendeak haienganako izandako konpromisoa. Txanponaren beste aldean, literatura sorkuntza dugu. Alderdi honetan azpimarratu beharrekoa da euskaraz argitaratu den liburu kopurua mantendu egin dela 2019tik. Euskal Literaturaren Apalategiaren arabera, 350 liburu dira gutxi gorabehera urtero plazaratzen direnak.
Pozik egoteko moduko datuak direla esan daiteke, euskaraz komunikatzeko eta mundu literarioak sortzeko sua bizirik dagoen seinale. Kemen hori, ordea, ezin itzali, eta horretan ari dira Euskal Herriko argitaletxeak. 2022 urte honetako lehen txanpan hasi dira dagoeneko lehenengo liburuak inprentetatik ateratzen eta osatzen lehen hiruhilabete honetarako izango duten eskaintza.
Elkar argitaletxean, esaterako, aurreko urteetan hartutako bideari segituko diote eta liburu eskaintza bi urtarotan banatuko dute: orain udaberrian, otsaila eta maiatza artean, eta bestea udazkenean, begiak, nola ez, Durangoko Azokan jarriak. «Liburu ekoizpena banatzen dugu eta horrela liburu kopurua argitaratzen dugu urte hasieran eta amaieran. 20-25 lan urtaro bakoitzean», azaldu du Xabier Mendiguren idazle eta editoreak. Sorkuntza lanak hainbat sailetan antolatzen dira, eta nahiz eta diferentzia handirik ez egon haien artean, narrazio mailakoak dira garrantzi gehien hartzen dutenak, gero poesiak eta saiakerak jarraitzen dielarik. «Horretaz gain, bada bilduma berri bat, gazteei begirakoa: 'Traola'. Oso harrera ona izan zuen joan den urtean martxan jarri genuenean, eta bide horretatik ere jarraitu nahi dugu», gaineratu du.
Narratibari dagokionez, Mendigurenek joan den urteko Igartza sariaren irabazlea nabarmentzen du: Maddi Ane Txoperena kazetari eta idazlearen 'Ez erran inori' lana. Iparraldean kokatzen den istorioa da, protagonistak txikitan pairatutako sexu abusuaren trauma ardatz duena. Honela deskribatzen du Mendigurenek, liburuaren traman askorik sartu gabe: «Gertakizun lazgarri hura oroimeneko kaxoi batean gorderik dauka, zapalduta. Eta, bat-batean, kaxatik atera eta zaplazteko bat ematen dio». Orain argitaratuko dena Txoperenaren bigarren lana izango da. 'Nere baitan bizi da', aurreko bere liburuaren ildoan doa alde batetik: pertsonaian jarri arreta, barne gatazkaren nagusitasuna… «Aurrekoa, ordea, Beran kokatzen zen. Oraingoa Donapaleu eta Baiona artean. Horrek ere esaten du zerbait idazleaz, bera ere mugaren bi aldeetan bizi izan baita. Iparraldeko hizkeraren kutsu gehiago nabari da obra sarituan».
Udaberrirako beste narrazio liburu azpimarragarri bat, Iñaki Irasizabalen 'Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?'. Irasizabalek, aurreko bere ipuin bildumarekin abiarazi zuen ildo berrian sakonduz, istorio durduzagarri eta pertsonaia bizarroen sorta bat eskaintzen digu, gazte nahiz zaharrak, beren patetismoan hunkigarriak, beren bitxitasunean sinesgarriak, beren arroztasunean hurbilak; gu geu izan gintezkeenak, edo gure ondoko norbait. Modu honetan definitu du argitaletxeak: «Deserrotutzat jotzen ditugu bere herritik urrun, inguru sozial eta afektibo egonkor bat lortu ezin eta noraezean dabiltzan pertsonak. Liburu honetako gizon-emakumeek, aldiz, beste deserrotze mota bat bizi dute: badute familia bat, harreman sare bat, horrek ez dakarkie bakerik ordea; galduta sentitzen dira, desoreka bat izan dezakete edo adikzioren bat akaso… azken finean, desegokiak dira gizartearen begietan».
Elkarren eskaintzari jarraituz, baina kategoria aldaturik, poesiaren alorrean, Joan Mari Irigoienen azken poema liburua nabarmendu du editoreak: 'Sorgin-argien ehizan'. Idazlea gaixotasun degeneratibo batek jo du eta murritzagoa da haren ahalmena eta mugitzeko gaitasuna, baina segitzen du idazten, liburu honek ederki adierazten duen bezala. Mendigurenek deskribatzen duenez, Kanaria uharteetan kokatuta dago eta hango kanpo paisaia eta lekuak ditu hizpide. Bi gai nagusi bereizten dira, ordea: poema sozialak batetik, «Arestiren ildoa jarraitzen du, lehenengo poema berari buruzkoa da»; eta poema espiritualak bestetik, zeinetan autoreak kezka erlijiosoak azaleratzen dituen. Horretaz gain, hurrengo obra hauek ere argitaratuko dituzte Elkarren: 'Amets trafikatzailea' (Andoni Urzelai), 'Bizipox' (Karlos Linazasoro), 'Uda betea' (Aritz Gorrotxategi), 'Kurdistan' (Urtzi Urrutikoetxea), 'Katuak jandakoa' (Asel Luzarraga) edota 'Aitona Lukasen txabola' (Pello Añorga), besteak beste.
Beste argitaletxeetan ere motorrak berotzen eta errotatibak martxan jarri dituzte. Nahiz eta oraindik eskaintza guztia itxita ez eduki, Susa etxean, esaterako, zortzi edo bederatzi liburu plazaratuko dituzte aurten, «joan den urtean baino gutxiago», nonbait, hamaika izan baitziren, udaberriko eta udazkeneko ateraldietan. Zerrenda horretan, Koldo Izagirrek eta Juan Luis Zabalak apailatutako 'Txillardegiren kronikak' nabarmendu du Leire Lopez Ziluaga editoreak. Batik bat, Zeruko Argian eta Argian jasotako bidaia kronikak dira gehienak, 1968 eta 1986 urteen artean atzerritik idatzitakoak: Belgika, Norvegia, Ameriketako Estatu Batuak, Gales, Galizia eta Andorratik, baina baita Barkoxe, Altzürükü edo Berrizaundik idatziz «bere kezka nagusien berri ematen du idazlan hauetan Txillardegik, jakin-min zabalez, begirada zorrotzez eta irakurleari berarekin batera bertan dagoela sentiaraziz», azaldu digu editoreak.
Kopuru aldetik, Poesia saila izango da liburu gehien izango dituena. Urtearen hasierako sasoian hiru izango dira argitaratuko diren poema liburuak. Batetik, Xabi Bordaren 'Urtu aurretik', glaziarren urtzeari erreferentzia egiten dion izenburuko lanak aldaketa klimatikoaren metafora erabiliz eguneroko bizitza du ardatz. Bigarrena, Juan Luis Zabalaren bigarren poesia liburua dugu, 'Mina hartzeko ere'. Lopez Ziluagak azaldu duenez, «hizkuntzarekin jolasten duen sorkuntza da eta haurtzaroa, hizkuntzaren gaineko hausnarketa eta jolasa, autoironia, maitasuna, mina nahasten dira». Azkena, Lizar Begoñarena da, formarekin, zentzuarekin jokatzen duen poema liburua.
Erein argitaletxeak ere prestatu du liburu zerrenda erakargarria urte honetako lehen hiruhilabeterako. Haurrentzako, esaterako, hiru album aterako dituzte: 'Hari ikusezina' (Miriam Tirado, Marta Moreno); 'Yako kokomoko' (Paul Caballero); eta 'Zer gertatzen da klimarekin?' (Ole Mathismoen, Jenny Jordahl). Narratibari dagokionez, Toti Martinez de Lezearen 'Bretxa' eleberria nabarmendu dute. Bertan, 1813ko Donostiaren erreketa aurreko gaua kontatzen da eta nola egin zieten aurre donostiarrek hiriaren okupazio eta erasoei. Azkenik, beste askoren artean, Pako Aristik, gazteei bertsolaritzaren historiako pertsonaiak hurbiltzeko asmoz, 'Nire Uztapide' osatu du, bertsolari zestoarraren bizitza jasotzen duen liburua.
Publicidad
Abel Verano, Lidia Carvajal y Lidia Carvajal
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.