Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Txani Rodríguez
Sábado, 19 de febrero 2022, 13:52
Ospitaleratze baten kronika da 'Krakovia' Goizalde Landabasoren (Bilbo, 1970) lehen nobela, eta protagonistak umorea eta imajinazioa ditu baliabide, bizitzen ari den egoera zailari neurria hartzeko. Gaixotasunari diagnostiko bat bilatzen dioten bitartean, bere mundua ospitalearen erritmora eta logikara moldatzen joango da.
–Ospitale batean bururatu zitzaizun istorio hau?
–Duela hamar bat urte bizi izan nuen jazoera batean du oinarria Krakoviak. Digestio mantsoa izan du nire baitan ordukoak, eta literaturagai bilakatu zenean ekin nion idazteari. Denbora legamia ona da literaturarako. Denboraren joanak uzten duen distantzia horrek bere tokian jartzen ditu gauzak; eta bestetik, ikusarazten digu bizitzen ari garenean ikusten ez duguna. Gure barruetan istorio asko daude, eta horiek guztiek izan dezakete literatura molde bat. Gauza da moldea eta momentua aurkitzea hori dena garatzeko.
–Krakovia krak baten kronika da, ezta?
–Bai, argi eta garbi. Krak asko izaten ditugu bizitzan. Izan ere, hori ere bada bizitza, krak asko gainditzearen ondorioa; bestela ez geundeke hemen.
–Ez dauka pandemiarekin zerikusirik.
–Ez, ez, ez dauka. Tira, neurri oso txikian bai, izan ere pandemiaren lehenengo konfinamenduan eman nion azken forma liburuari. Uste dut pandemia hurbilegi daukadala umore horrekin idazteko. Denborak ez du oraindik bere bidea egin. Eta kaleratu diren gauzak ikusita, iruditzen zait orokorra dela sentimendua. Oraindik ez da denbora nahikoa pasatu bizitzen ari garen guztia ateratzeko, baina etorriko da. Eta seguruen, orduan esango dugu ‘modan’ jarri dela eta, agian, azpigenero bat sortuko da: pandemiakoak. Baina seguruen, lotuago egongo da arestian aipatzen nuen denboraren legamia horrekin beste ezerekin baino.
–Asko interesatu zait denborarekin egin duzun lana, ospitale baten barruan denborak hartzen duen dentsitatea islatzen duzulako.
–Ba seguruen hori da gehien kostatu zaidana. Horrelako ez-lekuetan denboraren arauak aldatzen dira, eta inposatzen zaizkigu. Autoaren galga modu bortitzean sakatzea bezalako zerbait da. Zu ez zara garrantzitsua, zuk ez duzu erabakitzen, zu beste denbora horren mende geratzen zara, zulo beltz batean sartua bezala. Eta hori zelanbaiteko shocka da sartzen denarentzat, ez dakielako zenbateraino egokitu beharko duen bere gorputza eta bere burua. Hori islatu nahi nuen, eta pentsatu nuen, erritmo bat baino gehiago ezarriz, argi ikus zitekeela abiadura ezberdinak ditugula munduan eta bizi garen horretan zeharo murgilduta gaudenean ez ditugula ikusten.
–Istorioak berak mugatu du bai eszenatokia (ospitalea) bai pertsonaiak (osasun langileak eta beste gaixoak). Zaila egin zaizu unibertso bakar horretan murgiltzea?
–Uste dut sorkuntza lan batek, edozelakoa delarik, beti duela eszenatoki mugatu bat. Hori da sortzaileak istorioarekin egiten duen paktua, zelanbait esateko. Istorioak ere behar dituelako mugarriak funtzionatzeko eta koherentzia emateko. Alde horretatik ez zait nekeza egin ospitale baten barruan kokatzea istorio guztia. Eta bestetik, ospitale batek, edo lantegi handi batek, familia batek, sortzen duzun edozein corpusak balio lezake gizartearen edo munduaren analogia bat egiteko, eta jakina, azaltzeko.
–Protagonistak umorea eta imajinazioa erabiltzen ditu beldurrari, asperdurari eta ziurgabetasunari aurre egiteko.
–Umorera itzuli nahi nuen. Umoreak badituelako bestelako askatasunak. Umorea ez da serio hartzen, baina bigarren mailakotzat hartuta libertatea irabazten du. Badirudi umorearen bidez esan ditzakezula bestela esan ezin izango zenituzkeen gauza asko. Salaketak egin ditzakezu, aldarrikapenak, eta irribarre batekin irensgarriago dira. Eroale ona da umorea, beste aldean duzunak babes gehienak kentzen dituelako. Hain zuzen ere horregatik, ez delako serio hartzen. Eta iruditzen zait garraiolari bikaina dela gauza gordin bat kontatzeko. Bestetik, umorea da bizitzaren aurrean izan dezakezun jarrerarik osasuntsuena. Boris Vianek bazuen esaldi bikain bat honetaz: «Umorea da beldurraren kortesia».
–Umorea sortzeko bide bat baino gehiago hartu duzu nobela honetan.
–Bai, uste dut gehien gustatzen zaizkidan umore motak sartu ditudala: ironia, umore beltza, surrealista, eta, gero, nolabaiteko orekari eusteko, txiste txarrak. Ni ez naiz txistezalea, gutxitan egiten dut barre eurekin, baina istorio honetan «ez zaude bakarrik» esateko modu bat da. Barruan daudenen kodigo konpartitu bat sufritzen ari den horrekin elkartasuna erakusteko. Eta, gero, horrelako istorio bat umorearen bidez kontatu nahi baduzu, ezinbestean beltza eta surrealista izan behar da.
–Ospitaleratze baten une zehatzak deskribatzen badira ere, narrazio argitsua da.
–Horretan ere umoreak laguntzen duela esango nuke; oso umore beltza bada ere, argitsua delako. Hots, umore beltzak badu sakonean itxaropenerako ate bat, zirrikitu bat baino ez bada ere; eta ate horretan, eguzkia nahi nuen.
–Une hunkigarriak ere badaude Krakovian.
–Bai, jakina. Ospitale baten barruan sortzen dira muturreko egoeretan sortzen diren konplizitateak. Gizabanakoek elkar aurkitzen eta ukitzen dute Krakovian. Istorioa eraikitzen hasi nintzenean kontatu nahi nituen, besteak beste, gutxitan kontatzen diren horiek, alde onak, gizakiaren alderik argitsuena eragiten duten egoerak. Ez onkeria txatxu edo naifetik baizik eta bizirauteko dugun bestearen beharraren garrantzitik.
–Bigarren mailako pertsonaien artean, Mariarena nabarmentzen da. Pertsonaia berezia da zuretzat, ezta?
–Maria oso berezia da protagonistari eskaintzen dizkiolako indarra eta babesa aurrera egiteko. Bera da zorakeria horretan aurkitzen duen lehen heldulekua. Maria gaixo dago, baina badaki hor barruko erritmoa zein den, badaki zer sentitzen duen hor dagoenak, eta bera da neurri handi batean protagonistaren ezinegona baretzen duena. Erabat zaurgarri eta babesgabe dagoen batek erakusten dizkio zein indargune duen, eta zein beharrezkoa den ahuldadeak onartzea aurrera egiteko. Uste dut Maria dela pertsonaia maitagarri horietako bat, bizitzak noizean behin opari gisa uzten dizun horietakoa. Asko maite dut pertsonaia hori, bai.
–Hau izan da nobela bat idazten duzun lehenengo aldia, nola izan da prozesua?
–Egia esan, ez nuen nobela bat idazteko asmorik. Hasi nintzenean ez nekien zein izango zen arkitektura. Argi neukan ez zirela poemak izango; idazketan barneraturik jabetu nintzelako neurri luzea beharko zuela istorio honek, tempo ezberdinak eta irakurlearengan zenbait gauza sentiarazteko egokiena zelako. Hori erabaki ostean, ohiko eraikuntzen arazoak sortu zitzaizkidan, baina hezurdura erabakita zegoen, eta banekien luzeagoa edo laburragoa, aurrera egingo nuela.
–Liburua ohar honekin borobiltzen da: «Osasungintza publikoan sinesten eta lanean ari diren guztientzat izan nahi dut azken hitza, esker onekoa».
–Ni han egon nintzenean konturatu nintzen zein ezinbesteko dugun osasungintza publikoan sare ona. Horrek ematen baitu herri/gizarte baten neurria. Pandemia honetan ikusten ari gara zer gertatzen den osasungintza publikoaren sareak nahikoa baliabide ez duenean. Azken hitza eskerronekoa nahi nuen eurentzat, gu zaintzen gaituzten horientzat, aitortza bat egiten duten lan eskergari.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.