Jon martin-etxebeste eta paloma rodriguez-miñambres
Lunes, 11 de julio 2022, 00:34
Badirudi jarrera zehatz batekin bat eginez espazioan eta denboran nahieran bidaiatzeko gaitasuna daukala Etxartek. Iraganari baino, historiari begiratzen dio; eta gertakari handien bezperei eta biharamunei. Orainaldian galtzailearen bandoan posizionatzen da olerkaria, eta erresisten-tzian eta duintasunean topatzen du edertasuna. Langileria eta nortasuna eskutik helduta doaz liburu honetan eta zenbait mendekotasun kontraesankor seinalatzen ditu. Sistemaren biolentzia salatzen du eta horren bidez haren fun-tzionamendua kolokan jar-tzen saiatzen da. Aurreko liburuetan baino estilo intimoagoa garatu du poetak, baina hain berea duen estiloari eta begirada zoliari eusten dio: «Baina zergatik uste dugu animaliek/ egiten duten guztia bizirautea dela?/ Eta bailara zeharkatu badu/ guk begiratzen dugun/ arrazoi berarengatik?».
Publicidad
Sortaldekoak Hedoi Etxarte. Susa. 136 orr. 14,25 euro.
Jite oso ezberdinetako poemak bildu ditu idazleak liburu honetan. Batzuk erreferentzia jasoz josita daude, konplexuak dira, eta hainbat hizkuntzatan idatzita daude. Bestetzuk soilak dira eta lehen irakurraldian dastatzekoak: «Gorde sekretu txiki bat/ emaiozu jaten/ egiozu ohe bat/ zaindu egunero/ nagusitzen ikusiko duzu». Liburu jostaria proposatu du Begoñak: hi-tzekin ez ezik hitz-arteekin, hutsarteekin, komunikatzen du eta poemen egitura eta ordena ere haustaileak dira berariaz. Liburua biologiak eta kulturak zeharkatua dago eta irakurleak ez du zoo bat bisitatzen duenaren erosotasunik topatuko. Errazkeriatik ihesi, paisaia enigmatikoak marraztu ditu olerkariak. Irakurlea zalantzaz armatutako ehiztari bihurtzen du eta, lorratzei jarraika, gepardo japoniar baten atzetik abia-tzea proposatzen dio.
Gepardo japoniarrak Lizar Begoña. Susa. 88 orr. 13 euro.
Lau lagunen arteko elkarrizketa mamitsua jasotzen du liburu honek. Kongresu bat dela medio ezagutu dute elkar Unaik, Anek, Mirenek eta Josuk. Eguna hitzaldian entzuten pasatu ostean, afalorduan, tertulian jarduteko ohitura sortu dute. Denetariko gaiak dituzte eztabaidagai: egia, zientzia, erlijioa, balioak, artea, genero bereizkeria, maitasuna, balioak, zoriontasuna, autolaguntza… Idazlearen jakintza filosofiko sakona agerikoa da liburu osoan zehar. Erreferentzia klasikoak harilkatzen ditu, eta irakurleak bere kabuz nekez irakurriko lukeen liburu uholdetik informazio hautaketa fina egiten du. Zaila da liburu bakarrean liburu gehiago irakurtzea. Saiakera idazteko filosofian nahiko ohikoa izan zen formatua berreskuratu du Arrietak: elkarrizketarena. Formatuak ahalbidetu dio idazleari ziurtasunez beteriko mezu bakarraren ordez, gai bakoi-tzaren inguruko aldeko eta aurkako argudio sinesgarriak biltzea eta pertsonaien nortasunaren arabera modulatzea.
Gaueko eztabaidak Agustin Arrieta. Erein. 168 orr. 16 euro.
Urretabizkaiak plazaratu zuen azken liburutik bost urte igaro ondoren, eleberri interesgarri batekin datorkigu aurten, elkarrizketarik gabekoa eta narra-tzaile orojakilea duena.
Adineko emakume protagonistak ertz asko ditu. Lehengo bizimoduaz unaturik (erbestea, lapurreta), iraganaren iruditeria atzean utzi nahi du eta horretarako, Hendaian etxe bat erostearekin tematu eta bere nahierara apaintzen du –lorategiak garrantzi handia hartzen du metafora moduan–, bizitzako azken urteetan lasaitasuna emango diolako itxaropenaz.
Publicidad
Idazleak jorratzen dituen gaien artean honakoak daude: identitatearen osaera, zahartzea, gizon-emakume harremanak, bakardadea. Halaber, badaki irakurlearen arreta pizten; pertsonaiei izenik ez jar-tzeaz gain, 3. pertsonatik kontatzeak intrigazko giro batez hornitzen du liburua, irakurlearen jakin-minari trebeki eutsiz.
Azken etxea Arantxa Urretabizkaia. Pamiela. 160 orr. 12,90 euro.
Artze izan zen poeta, kantaria bai eta euskal kulturaren ekintzaile ere, bere olerkietan doinu herrikoien oihartzun oparoa eta hi-tzen musikalitatea antzematen direlarik. Itxuraz, poesia xaloa baina sakona barrenean, espirituaren sugarrak elikatzen duena. Antologia honetan irakurleak topatuko ditu Artzeren gai kuttunenak, hala nola: euskara, natura, maitasuna, Jainkoa, herria. Poema guztietan dago sentiberatasun berezia, hitzez haratago joateko desioa –poesiaren transzendentzia– eta mistizismorako joera. Edizio txukuna, estimagarria, zinez, eskuartean duguna, badituelako inoiz argitaratu ez diren poemak. Gainera, Pello Otxotekoren hitzaurre eta Belen Oronozen hitzatze esanguratsuetan poetaren izaera eta obra ulertzeko gakoak azaltzen dira. Bizitzaren oparia onartzen zuen Artzek gizakia eta mundua argitu nahian. Euskal Herritik unibertsora.
Publicidad
Enborretik. Antologia poetikoa Joxan Artze. Balea Zuria. 106 orr. 15 euro.
Liburu honetako ipuin laburretan Conderen ahots sendoak azaleratzen ditu Guadalupeko txikitako bizipenak. Bi hizkuntzen eta mundu ikuskeren artean –kreola eta frantsesa– erdibiturik, helduaroan bi kulturak bereganatzera heldu zen idazlea.
17 istorioetan kolonialismoaren argi-ilunak islaturik daude: Frantziak onartzen ez dituen garai kolonialetako herritarrak –nazionalitatea dutenak eta aberri frantziarraz harro daudenak, protagonistaren gurasoak bezalakoak–. Conde izan zen ume koskorraren begietatik kontatzen digu haren harridura, nebaren jarrera kritikoa errealitatearekiko, horren guztiaren kontzientzia hartzeko prozesua agerian utziz gatazka sozialen aurrean, arrazismoaren aurrean.
Publicidad
Jatorrizko obra euskara-tzean, dena den, iparraldeko euskararen eredua aukeratu dela aipatu beharra dago, eta batzuetan kostatzen da kontakizunean sartzea.
Bihotza negar eta irri Maryse Condé. Itz.: J. M. Berasategi. Erein & Igela. 152 orr. 15 euro.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.