Aspaldi dabil euskal literaturaren zenbait plazetan «txoriaren eta ornitologoaren» banaketa kontu hori. Maiz entzun diot Arantxa Urretabizkaiari esaldi hori esaten. Azken bolada honetan hiru aldiz aurkitu dut -kasu honetan irakurrita, eta ez belarriz entzuna- ditxosozko aipamena.
Publicidad
Lehen-lehenik, eta berriz, Arantxa Urretabizkaiari berari. 111 Akademiako '111' aldizkariak aurpegi betozko ilun baten pean idazlearen esaldia dakar portadan: 'Txoriak eta ornitologoak: Arantxa Urretabizkaiarekin solasaldia'. Bigarren aldiz, Leire Bilbaori entzun nion hitzaldi batean, zentzuzko mezuen artean tarteko esaldia isuri zitzaiolarik: «Ni ez naiz ornitologoa, txoria baino». Hirugarrenez, eta harriduraz izan zela aitortu behar dut, Carlos Marzal idazle valentziarraren 'Nunca fuimos más felices' liburu maitagarrian dator, hasi berria dela liburua, 19. orrialdean: «Jakina da: txoriek ez dakite ornitologiaz».
Kontrajarpenak ez nau inoiz lasai utzi, beti pentsatu izan dudalako literaturaren historiaren eta kritikaren aurkako esaldi bat dela. Baina horrez gain beti begitandu izan zaidalako esaldi faltsua dela, esaldi borobilarekin esateko: oker borobila besterik ez. Ahoan darabiltenek eurek ere euren egunerokotasunean mantendu ezin duten esaldia.
Orain hilabete batzuk Harkaitz Cano adiskideak ez dakit zein gai bidean zeukala eta gogoratu zidan esaldi malapartatua. Eta orduan ez nintzen isildu. Eta erantzun nion: «Galdetu Arantxari literatur lehiaketa batean epaimahaiko denean, eta maiz ikusi dut horrelakoetan, zer ote den: txoria edo ornitologoa». Harkaitzek, ohi duen zuzentasun aszetikoz erantzun zidan hitz bakar batez: 'Touché!'.
Bai galdetu Arantxari Irun Literatur Sarietan zer ote den. Galdetu Leire Bilbaori, eta hori ere badabil, legitimitate osoz, sarietan irabazleak aukeratzen, zer ote den; eta Carlos Marzalek berak ere aipaturiko liburuaren orrialdeetan hainbat sari literarioren epaimahaiko izan dela aitortzen du: ez dakit nongo sariketatan berendiarekin egon zela, halakotan beste urliarekin… Ordu horietan txoriaren eta ornitologoaren arteko itzal mehea oraindik meheagoa zaiela iruditzen zait. Edo bortitzago izanda, momentu horietan (eta askotan bizi dituzte esaldia darabiltenek momentu horiek) iruditzen zait idazlearen eta kritikoaren arteko ate zirrikitua estua dela.
Publicidad
Baina, gainera, esaldia ez zait atsegin zeren badirudi jakintza maila ornitologoentzako (kritikarentzat, literaturaren teoriarentzat) geratzen dela eta bizitza idazlearentzat, sorkuntza egiten duenarentzat. Eta puntu honetan erromantizismoaren zantzua oraindik okerragoa eta faltsuago iruditzen zait. Zeren ba ote dago hausnarketarik gabe agertzen den sorkuntzarik? Ongi pentsatu gabe egiten den idazlanik? Zer gertatzen da: idazten dutenean ez dute pentsatzen? Albo batera uzten dute ahalmen hori?
Sorkuntza momentuan ere batera ikusten ditut txoriaren kantua eta kantu hori sortzeko beharrezkoa den pentsakizun mundua. Ala bereizketaren bat-batekotasunak egiten ote du idazlea idazle? Ez dut sinesten oinarri pentsakorrik gabe lanean ari den idazle batengan. Hor ere jakin behar da nondik datorren nor, zer egiten dugun eta zer idatzi nahi dugun.
Publicidad
Txoriaren eta ornitologoaren kontu hori haur inuzenteak lasaitzeko kontu triste bat baino ez da. Hobe lukete erabiltzen dutenek ahaztuko balute.
Zeren azkenean beti agertuko zaie otsoa. Idazleei eta ume inuzenteei.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.