Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Galdezka ibiltzeko adinean dagoen txiki batek hau galdetu dio aitari:
- Aita...nondik etorri gara gizakiak?.
Bada, galdera honek umeak egiten dituen beste asko baino errazago dirudi. Gizona, lagunekin partida tabernan ikusteko geratu dena, erantzun labur bezain zehatz bat ematen hasi zaio:
- Begira... Afrikan, aspaldi, bazeuden tximino batzuk besteak baino azkarragoak zirenak... pixkana-pixkana eta mendeak pasa ahala, tximino horiek ilea galdu zuten eta tentetu egin ziren, guk daukagun itxura hartu arte....
Txikia pentsakor geratzen da.
- Argi geratu zaizu, maite? Zerbait gehiago jakin nahi?.
- Ez aita, mila esker.
Aita badoa pozik kalera, esandakoari errepasoa emanez. «Tira, ez da batere azalpen txarra izan». Umea, ordea, bigarren iritzi baten bila, telebista aurrean dagoen amarengana doa.
- Ama, nondik etorri gara gizakiak?
Mmmm, galdera polita. Amaren ustez, berak txikitan jaso zuen horren inguruko lehenengo berria guztiz aproposa da bere txikiari erantzuna emateko. Izango du beste bertsio batzuk entzuteko denbora...
- Ba beitu maitia, lurreko paradisuan gure lehenengo arbasoak, Adan eta Eva zeuden. Biak oso ederrak ziren eta poz-pozik bizi ziren han. Baina euren sortzaileak, Jaungoikoak, sagar debekatua ez jateko esan zien eta haiek ez zioten men egin. Horregatik paradisutik kanpora bota zituen. Baina bikoteak zu bezalako umetxoak izan zituen eta urte piiiiiilo bat pasa ondoren, zu etorri zinen mundura, Adan eta Eva bezain polit-ederra...
- Ba aitak dio tximinoetatik gatozela...
- Mmm, tira, ni nire familiaz ari naiz, laztana...
Tximinoen inguruko dokumental bat ikusten nengoela txiste zahar honetaz gogoratu nintzen. Esaten zutenez, 'kaputxinoek' laguntzat hartzen dituzte, gehienbat, mugimenduak eta keinuak imitatzen dizkieten gizakiak. Proba ugari egin ostean, zientzialariak ondorio honetara heldu dira: tximinoen gertutasuna lortzeko orduan, biderik zuzenena imitazioa da.
Telesaioak galdera ugari sorrarazi zidan. Gainditu al dugu egungo gizakumeok gure arbasoen portaera hau? Tatuajeak, hitz egiteko erak, janzkerak, modak oro har... ez al dira askotan imitazio hutsa? Ez al dugu -nahita edo konturatu gabe- imitazioa erabiltzen talde baten onespena lortzeko?
Ez al dira, gaur egun, Estatu Batuak mundu osoan antzeratu nahi den tximino nagusia?
Ez al da Hollywood mundu osoarentzat ispilu? Tximinoak al gara elkar antzeratu nahian? Erreportajea amaitu ostean eta galdera hauek buruan bueltaka neuzkalarik Teleberri ikusteari ekin nion. Lehenengo berria ezin zen aproposagoa izan nire burutazioen ildotik jarraitu ahal izateko: Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministro izendatu dute. Nazioarteko beste agintarien artean lehen erreakzioa Donald Trumpena izan da. Izendapena -of course- izugarri gustatu zaio. Erresuma Batuan badago orain ile arraroko beste tipo 'xelebre' bat, lehen baino lehen bere hegoaldeko auzokideengandik urrundu nahi duena, migranteen kontrako gurutzadan dagoena eta bere herrialdea 'first' izango duena, oraingo itunak aldera utzita. 'Big Monkey' amerikarrak badu imitatzaile perfektua, biak, nolabait, beste familia batekoak sentitzen baitira, tximinoekin zerikusirik ez duten familia hobeetakoak. Eta imitatzaileak nonahi sortzen ari dira mundu osoan. «Tximino arrazaren amaiera... bihar izango ote da?».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.