Gaztetan irakurzaletzen ari nintzenean, Txekhoven ipuin-bilduma bat heldu zen nire eskuetara. Erdaraz idatzia. Oker ez banago, Sopena argitaletxekoa: 'Gereziondoen lorategia eta beste lan batzuk'. 18-19 urte izango nituen, eta garai hartan, ipuingintzari dagokionez, Poe, Cortazar, Borges, Kafka eta abar ezagutzen ari nintzen. Nola ahaztu, adibidez, Cortazarren 'Reunión y otros relatos'en azal gogor eta marroiko edizio hura, Seix Barral argitaletxearena. Huraxe zen orduan gehien erakartzen ninduen literatura mota, amaieran ezusteko edo kolpe handi bat zekarrena sabelean ezkutatuta. Denetarik irakurtzen nuen artean, jakin-minak eta idazleak literaturan zuen sonak bultzatuta. Hala ekin nion Txekhovi, eta aitor dut lehen irakurketa hartan dezepzionatu egin ninduela. «Ez da ezer gertatzen eta!», esaten nion neure buruari. Salbuespenen bat edo beste kenduta, 'Fraide beltza' edo 'Seigarren pabilioia', gainerako ipuin gehientsuenak graziarik gabeak begitandu zitzaizkidan. Gehiago gustatu zitzaidan haren antzerkia, baina misterio bat iruditu zitzaidan idazle hark zuen oihartzuna. Beste hainbeste gertatu zitzaidan une hartan haren oinordekotzat jo daitekeen Raymond Carverren 'Katedrala'rekin.
Publicidad
Urte batzuk geroago, berriz ekin nion Txekhov irakurtzeari. Ordurako, etxeko apalategian nituen Edhasaren 'Musua eta beste ipuin batzuk', aukerazko liburuen azokan erositako 'Ahaztutako Rusia' (Colección Novela y Cuentos argitaletxekoa, 1967ko edizioa) eta Literatura Unibertsalaren barruan Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpenean Ibaizabalek ateratako Txekhoven 'Ipuinak'. Tematuta nengoen egile errusiar harekin. Artean izugarri gozatua nuen Dostoievski, Gogol eta Tolstoirekin, eta, bigarren aukera bat eman behar niola iritzita, berriro hartu nuen eskutan. Bigarren irakurketa horretan gauzak aldatzen hasi ziren, Heraklitoren ibaiko urekin bezala. Dagoeneko ni ez nintzen gazte sasoi hartako irakurle hura. Nire gustuak aldatzen hasiak ziren. Nahiz eta ipuin batzuk oraindik gatzgabeak iruditu, beste batzuk, aldiz, zoragarriak iruditu zitzaizkidan. Hasia nintzen Txekhovekin adiskidetzen, hasia nintzen ulertzen zergatik jotzen zuten ipuingintzaren maisutzat. Ondoren, erreskadan irentsi nituen Carver edo Munro bezalakoak, eta beste begi batzuekin ikusten hasi nintzen egile haiek. Gaztetan interes handirik eragin ez zidaten pertsonaia eta egoera ustez arrunt haien atzean, bizitzari eta gizakiari buruzko jakinduria bare eta errukior bat hauteman nuen. Eta hori dena umoreari eta ironiari uko egin gabe. Neurri handi batean, Txekhovena bezalako unibertso baten tristura baikorrean blaitzeko eta zipriztintzeko, irakurleak bizi esperientzia behar du, begirada gazi-gozoa.
Orain urte gutxi, Páginas de Espuma argitaletxeak Txekhoven ipuin guztiak atera zituen gazteleraz lau liburukitan. Bai ipuin motzak bai narrazio luzeagoak, baita nobela laburrak ere. Lau liburukiak erosi, eta irakurriak nituen zenbait ipuin berrirakurtzen hasi nintzen, baita irakurri gabeko beste zenbait ezagutzen ere. «Ez zela ezer gertatzen… Denetarik gertatzen da, eta oso baliabide gutxirekin», pentsatu nuen oraingoan. Miseria morala, maitasuna, koldarkeria, harrokeria, botere-gehiegikeriak, apaltasuna, itxurakeria… Garai bertsuan, Poeren ipuinak berrirakurri nituen berriz, eta erori egin zitzaizkidan asko, artifizio handia ikusten nien. Esan bezala, dagoeneko ez nintzen orduko bera.
Duela aste pare bat, eskuetara heldu zait Elkar argitaletxeak kaleratu duen Txekhoven '31 ipuin', Iker Sancho Insaustik itzuliak. Itzultzaileak idazle errusiarraren literatura-ibilbidearen hiru etapak barnebildu ditu liburuan. Lehen urteetan eta izengoitiarekin argitara emandako hogei ipuin; heldutasunera jauzian, 1886-1893 bitarte, idatzitako beste zazpi; eta Sakhalin uhartearen egonaldiaren ondotik, Tolstoiren espiritualtasun aszetikoaren aurka errebelatu ostean, idatzitako beste lau. Ezaguna da tuberkulosiak jota hil zela Txekhov bere onenean, 44 urterekin. Bitxia bada ere, umorearen eta tristuraren maisu izan zen aldi berean.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.