

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Egiari zor, magiaren eta magoen munduak ez du inoiz garrantzi handirik izan nire baitan. Prestidigitadore batzuk gogoratzen ditut haurtzaroko zirkuetan, eta Juan Tamarit izugarri gustatzen zitzaidan haren telebistako agerpenetan. Nire alabak txikiak zirenean, 'Txan magoa' zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen 'Ibilaldia' batean. Nerabe mozkor batzuek iseka egin nahi zioten eta berak barregarri utzi zituen maisutasun osoz. Ezer gutxi gehiago.
Magoen, hipnotizatzaileen eta zenbait komikoren ikuskizunetan, «boluntarioak» eszenara ateratzeko ohitura izaten da, zeinekin umiliaziotik gertu dauden mota guztietako txantxak praktikatzen diren. Antza denez, ehun ikusleri barre eginarazteko, batek sufritu behar du. Aitortu behar dut, ohitura honek horrelako ekitaldietara joatea eragotzi dit, behin baino gehiagotan.
Bada, nire suhartasuna ez zen apartekoa irratian «mago-pop bezain ona omen den» mago bat elkarrizketatzea proposatu zidatenean, baina azkenean konbentzitu egin ninduten. Beraz, entzuleekin bildu aurreko egunean antzerkira sartu nintzen nire bizitzako helduentzako lehen magia ikuskizuna ikusteko asmoz. Agian horrexegatik, showa nahiko dibertigarria egin zitzaidan. 'Mag Marín' izenaz bere burua aurkezten zuena Bartzelonatik zetorren, TVEko 'Talent Show' batean lehen saria lortu ostean. Aretoa ia beteta zegoen, hasieratik gozamenerako prest zegoen adin askotariko publiko batekin. 'Higway To Hell' abestiaren lehen notak entzun ondoren, magoak gure sudurraren aurrean desagerrarazi zuen irrati-kassete erraldoi bat. Gero kartak asmatzeko ohiko saioak iritsi ziren, eta laster, nola ez, hasi zen sasi-boluntarioen desfilea oholtzan.
Lehenik ume bat igoarazi zuen eta bere edalontziko ura desagerrarazi zion. Gero neska bat atera zuen, zeinarekin dantzatu eta kantatu baitzuen bere gustu eta zaletasunak igarri ondoren. Bere ikuskizunean umorea eta trikimailuak uztartzen ziren. Ez zen nire bizitzan ikusi dudan emanaldirik dibertigarriena, baina une batez ahazten ari nintzen Covid eta eguneroko miseriak. Ikuskizunak ez zuela besterik ematen zirudienean, Arrigorriagako morrosko bat atera zuen magoak eszenara eta ikusleen artean beste lau gizajo aukeratzeko eskatu zion. Bai, irakurle argi: horietako bat izan nintzen. Zorionez, gure saioa ez zen arras umiliagarria izan, batuketa bat egin eta artistak markatzen zigun erritmoan pixka bat dantzatu besterik ez nuen egin behar izan. Tira, eta irribarretsu eutsi, nire kontura txantxan hasi zenean. Duela urte batzuk, nire lagun bati hipnotizatzaile batek lau hankatan jarriarazirik hainbat animalia imitarazi zizkion, bera horretaz jabetu gabe. Bere baitara itzuli zenean, antzokia betetzen zuen publikoak barre eta txalo egiten zion, tipoak bere «arrakastaren» zergatia jakin ezinik.
Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan 'Mag Marin' irratiko sarreran zegoen. Ez ninduen ezagutu hasieran, oholtzan maskara baineukan jantzita, baina bai elkarrizketan zehar, pistak eman nizkionean. Mendekua hartu nahi nuen eta mundu guztiari kontatzera nindoan nola egiten zen trikimailua -nik asmatu bainuen-. Baina bat-batean, tipo horrek desagerrarazi egin ninduen eta orain ez dakit non nagoen ere. Eta hau hola ez bazan, sar nazatela kalabazan, eta atera nadila Serantesko puntan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La palygorskita, los cimientos del vino rancio en Nava del Rey
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Noticias recomendadas
Seis bilbaínos denuncian a un inversor local por estafarles más de un millón de euros
Ainhoa de las Heras y Josu García
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.