Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
2020an, hauteskundeak izango dira Ameriketako Estatu Batuetan. Mundu osoan eraginkorra den herrialde hartako politika azterketa intelektualerako erronka izan daiteke. Horrela uste du Alain Badiou filosofo frantziarrak, joan den urtarrilean 'Trump' izeneko liburua argitaratu baitu. Politikari hautatu bat kontuan hartuta argitaratzen duen bigarren liburua du Badiouk, 2007an, 'De quoi Sarkozy est-il le nom?' (Zeren izena da Sarkozy?) atera baitzuen. Liburu bietan filosofoaren helburua ez da azterketa biografikoa edo kritika pertsonala egitea, baizik eta pertsonaia politiko horiek zer islatzen duten hausnartzea.
Badiouren ikuspegitik, Trump edo Sarkozy bezalako subjektu politiko batek boterea eskuratzen duenean, ulertu behar dena da gizartean eta historian bizirik dauden indarrak eguneratzen direla. Trumpen kasuan, Badiouk hiru indar nagusi aipatzen ditu. Alde batetik, Trumpen ezaugarri pertsonalak daude. Behin eta berriro erakutsi du New Yorkeko eraikitzaileak ez duela inongo lotsarik zuzentasun politikoak ezarri dituen muga gorriak hausteko. Badirudi gizarte amerikarrak modu berezian interpretatu zituela zeinu horiek: asetako sistema burokratiko eta politikoaren erronkaria zen Trump. Badiouk gauzak beste modu batera ikusten ditu. Harentzat, Trumpek ez du inolako gizartezko berrikuntzarik ekartzen. Alderantziz, Badiourentzat, botere ekonomikoz jantzitako huskeria aldakorra da Trump.
Sistema politikoaren alderdi orokorragotik ikusita, Badiourentzat Trumpen agintea faxismo-demokratiko bat da. Trumpen pertsonalitateak badu antzekotasunik faxismo historikoarekin. Benito Mussoliniren pertsonalitatean, egolatria faktore ukaezina zen. Egolatria horrek agintariaren bizitza osoa arautzen zuen. Mussolinik bere ideiak aldatzeko ez zuen arazorik izan, sozialista izatetik faxista izatera pasatu baitzen. Trump ere demokrata izatetik alderdi errepublikarrera pasatu zen. Mussolinik boteretik kentzen zituen, susmo txikiena izanez gero, inguruan zituenak, gobernukideak nahiz alderdikideak, zenbait kasutan Trumpek bere kolaboratzaileekin egin duen moduan. Mussoliniren gobernuko ministroa izan zen G. Bottai, eta hark aipatu zuen Ducearen diskurtso falta betetzeko erraz errepikatu zitezkeen sloganak sortzen zituztela, azken urteotan «Make America great again» ezagunarekin bezala. Azterketa horretatik, Badiouk oraindik eremu zabalagoko ondorioak ateratzen ditu. Harentzat, Trumpek historian garaile atera den berdintasun ideologikoa ordezkatzen du, aurkaririk gabeko kapitalismo itsua.
Badiouk argi du zer egin behar den, 1aren ideologiatik 2arenera pasatu behar da, teorian eta praktikan. Dialektika berreskuratu behar dela diosku Badiouk. Pentsatzea gauza bat da eta pentsamendua ekintzetara eramatea beste bat. Hasteko, dialektika ez da gauza bateratua edo historiaren eragina jasan ez duen terminoa.
Pentsamendu historikoaren bilakaeran joera batzuk gailurrera iristen dira, ondoren bertan behera erortzeko. Horietako ideia bat dialektika da. Hitz honek esanahi anitz ditu. Alde batetik greziar filosofoek, batez ere Sokratesek eta Platonek, eman zioten erabilera daukagu. Hauentzat, dialektika da elkarrizketa batean aurretik eman den argudio bati aurkezten zaizkion kontrako arrazoien elkarrekiko jokoa.
Nolanahi ere, dialektika terminoak XIX. mendean indar paregabea hartu zuen. Kantek bere ezagutzaren teoria azaldu zuenean ohartu zen arrazoia beti kontzeptu elkar jarrien artean mugitzen zela: izatea eta ezereza, objektua eta subjektua, eta abar. Kanten funtsezko aurkikuntza hori Hegelek bere sistemaren oinarri bilakatuko zuen. Hegelentzat, gauzez dugun lehen ezagutza ez da erreala. Gauzak errealak dira, ezagutza prozesuari esker, beren arrazoizko izatea baieztatzen denean. Beraz, objektuaren eta pentsatzen duen subjektuaren artean oinarrizko berdintasuna gertatzen da Hegelentzat. Filosofiaren historian egin den baieztapenik erradikalenetako bat da Hegelena, arrazionala ez dena ez dela, batik bat.
Gizarte arazoetan ere egoera kontrajarriak nagusitzen dira eta kontrajarritasun horiek gainditu behar ditu benetako egitura politiko arrazional batek. Hegelen kontrajarritasunaren ideia hori Marxek gizartearen lege egin zuen, nahitaez historian zehar burutu behar zena. Komunismoaren erorketarekin, marxismoa eta kutsu dialektikoa zuten teoriak itzalpean geratu ziren. Kultura tekno-zientifikoaren ez-kontradikzio printzipioa ere gaizki ezkontzen zen dialektikaren printzipio nagusiarekin, kontradikzio edo antagonismoaren printzipioarekin. Filosofia kritikoaren eremuan ere, Frankfurteko Eskolako bigarren eta hirugarren belaunaldietan (Habermasek eta Honnethek ordezkatzen dituztenak), kutsu dialektikoa neurri handi batean arinduta azaldu da.
Badiouk eskaintzen digun dialektikan, Bernie Sanders da Trumpen benetako aurkaria, ez Joe Biden edo Hillary Clinton. Sandersek bigarren ideologiari dagokion egitasmoa baitu, kapitalismoari aurre egin diezaiokeena. Gertatzen dena da artikulu hau idazterakoan, 2020an ere, Sanders ia kanporatu dutela aurkariek eta bere indarraren materialtasuna xumea dela. Badiouk badu, hala ere, ideia multzo bat beretzat funtsezkoa dena. Horien erdi-erdian komunismoaren proposamen klasikoa dago, jabego pribatua ezabatzea, ezberdintasun jasanezinak sorrarazten dituelako. Baina jabego pribatua erabat ezabatzeak administrazio publikoaren metastasia eragingo luke. Orokortasunarentzat funtsezkoak diren ondasunetan, jabegoa eskuragarritasun unibertsalagatik aldatu behar da (osasuna, hezkuntza eta ingurugiroarekin adibidez), baina guztiontzat beharrezkoak ez diren gauzetan, kudeaketa publikoa arazotsua eta kontraesanguratsua da. Administrazio mugagabeak egitura mugagabeak sortzen ditu, eta horietan jabegorik izan ez arren, boterearen eta distintzioen akumulazioa gertatzen da. Baloreak edo beren bultzatzaile objektiboak diren pizgarriak aldatu behar dira; aldaketak, lehendabizi, kulturala behar du izan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.