Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Trotskista bat dagoen lekuan, hiru erakunde aurkituko dituzu. Hala esaten zen, behintzat, militantziaren urte zoro haietan. Trotskistak ziren paradisu galduaren zaindariak, libururik potoloenak irakurtzen zituztenak; estalinismoaren mailua; martiri ezagun bat erakutsi ahal zuten bakarrak eta «iraultza iraunkorraren» bozeramale nekaezinak.
Ezinezkoa zuten irabaztea, hori argi zegoen. Euren mezua nahasiegia zen eta askotan, indar guztiak alferrik galtzen zituzten etsaia gaitzesten, eta etsairik handiena ez zen kapitalismoa, ez eta hurrik eman ere, horren aurretik 'prosobietikoak', 'maoistak' -haientzat 'txinoak'-, 'sozialdemokratak' eta batez ere gainerako erakunde trotskistak zeuden, jakina.
Beraien mezuak -eta anarkistenak- abantaila bat zeukan besteekin alderatuta: predikatzen zuten paradisuak ez zeukan adibide garbirik. Sobietarren eta txinatarren ereduek ez zuten oso erakargarriak ematen. Bada, haien zabaltzaileek behin eta berriz errepikatzen zigutenez «heltzen zaiguna kapitalistek erabat manipulaturik dago», baina bazegoen zerbait amaigabeko desfile horietan eta agintari ponposo horien keinuetan, oso erakargarria ez zena, hain zuzen.
Denbora pasa ahala, zinema eta literaturaren eskutik gehienbat, joan ginen Lev Trotskyren figura ezagutzen: Jose Luis Lopez-Linares eta Javier Rioyoren 'Asaltar los cielos' dokumentalak (1996), Geoffrey Rushen 2002ko 'Frida' eta Antonio Chavarriasen 2016ko 'El elegido' pelikulek eta batez ere Leonardo Paduraren 'El hombre que amaba a los perros' eleberriak (2009) Lev Trotskyren ibilbide sinestezinaren isla eman digute. Gehienak, hori bai, iraultzaile sobietarrak Mexikon igarotako azken urteetan oinarritzen dira, haren hilketari garrantzi aparta emanez.
Lan horietan guztietan Trotsky Stalinek hil nahi duen pentsalari gisa erakusten dute. Diego Rivera eta Frida Kalhoren etxean bizi zen garai hartan, bere emaztearekin. Bere teoriak idazteari ekiten zion bitartean, bera akabatzeko plan oso bat prestatzen ari ziren atzetik. Lan hauen arabera Fridak eta Levek idilio bat izan zuten, baina egoera kontuan hartuta ez zuten gehiegi luzatu. Azkenean, ezaguna denez, Ramon Mercaderrek, traizioz, teorialari marxista akabatu zuen, piolet bat haren buruan sartuta.
Orain, Netflixen eskutik, Errusiatik datorkigu 'Trotsky' telesaioa. Orain arte ikusitakoa aldera utziz, Konstantin Statskiyk oso Trotsky ezberdina erakusten digu. Trama honen arabera mendebaldeko oligarkek sobietar iraultza prestatu zuten Errusiaren boterea makaltzeko asmoz. Trotsky eta Lenin erabili egin zituzten helburu horrekin. Gupidagabeko tipo agertzen da Lev 1917ko egunetan: heriotza-zigorraren defendatzaile sutsu, lagunak eta familia beti traizionatzeko prest -bere ibilbidean oztopotzat hartzen zituenean-...
Mexikoko egunak ere guztiz ezberdin agertzen dira. Idilioa baino, Fridarekin daukana oso harreman sutsua da. Izan ere, askotan agertzen da Trotsky larrutan telesaio honetan. Heriotzak berak ez du inolako zerikusirik orain arte ikusitakoarekin, bere hiltzailearekin izandako borroka bizi baten ondorioa da eta ez ustekabean hartutako eraso batena... Hala eta guztiz ere, interesgarria da telesaio hau, beste ikuspuntu bat izateko besterik ez bada ere.
Errusiatik, baina honako honetan, maitasun barik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.